Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Elkarrizketa
Ana Elena Altuna
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kidea

«Kale gorrian dauden adin txikikoen kasuak, momentu honetan, hainbat dira Bilbon»

Ana Elena Altuna (Eibar, 1957) erretiratuta dago eta buru-belarri aritzen da militantzian. Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxatuak taldeko kidea da, eta bere esperientziak eman dion jakintzarekin lagundu du asteon ‘Haur migratzaileak eta giza eskubideak’ ikastaroa.

Ana Elena Altuna, OEE taldeko kidea.
Ana Elena Altuna, OEE taldeko kidea. (Utzitako irudia)

Iker Barbero EHUko Zuzenbideko irakasle agregatuak migrazioaren ertzak giza eskubideen ikuspuntutik aztertu eta gizartera zabaltzeko hainbat egitasmo egin izan ditu, eta plaza berri bat zabaldu du astearte eta asteazken honetan, Cristina Manzanedo abokatuarekin batera zuzendu duen Udako Ikastaroan. Hala, bi egunez, Donostiako Miramar Jauregian adin txikiko migranteen egoera zein den azaltzen aritu dira hainbat aditu, gutxi aipatzen den gai bati lekua egin nahian. Ana Elena Altuna izan da hizlarietako bat.

‘Haur migratzaileak eta giza eskubideak’ Udako Ikastaroan parte hartu duzu asteon. Zer moduz joan da?

Oso interesgarriak izan dira bi egun hauek, zeren gai honetaz oso gutxi hitz egiten da. Gainera, gai honetan profesionalki inplikatuta dagoen jendea egon da; Polizia, Fiskaltza, gizarte langileak, abokatuak… Falta izan dira, kakotx artean, ‘biktimak’, hau da, sufritu dutenen testigantza errealak. Baina pentsatzen dut hurrengo batean kabida izango dutela. Kurtso honetan ni nintzen profesionala ez den bakarra, eta nire asmoa izan zen pertsonen bizitzetaz ari garela gogoratzea, pasatzen duten beldurra erakustea, ume horien gurasoen beldurrak.

Besteak beste, David Bartolome Sanz Polizia espainiarraren Aberriratze Unitate Zentraleko burua izan zenuen mahaikide, eta honek ‘pertsonen trafikoa’ egiten duten mafien kontrako borrokan kokatu zuen migrazioari buruzko diskurtsoa.

Betikoa da. Nik beti esaten dut; zuk eta nik, bidaiatzeko, ez dugu mafiarik, ez ditugulako behar. Mafiak existitzeko arrazoiak gure legeak dira, pertsona horiek ezin direlako mugitu zu eta ni bezala. Kamerunetik ateratzen den pertsona batek informazioa behar du, eta informazio hori bideratzen duena ez da mafia, edo ez du behintzat mafiari aitortzen zaion zentzua. Bidaia garestia da, noski. Eta gure legeak gogortzen diren heinean, bidaia horiek garestitu egingo dira. Zergatik? Bitartekari gehiago ordaindu behar direlako. Bitartekari horiek arrisku gehiago hartzen dituzte eta, beraz, diru gehiago eskatzen dute.

Mafien kontrako borrokaren diskurtso horrek Afrikatik Europarako migrazioaren kontrako diskurtsoa ezkutatzen du?

Noski. Atzerritartasun Legea aldatzeak behar luke izan mafiaren kontrako borroka. Benetan errespetatzen bada pertsona guztien mugitzeko eskubidea, eta giza eskubide bat da, orduan mafiak desagertuko lirateke. Ontzi bat hartzea baino askoz merkeagoa da hegazkinez bidaiatzea, eta seguruagoa. Baina ezin dute, ez diegulako uzten.

Kanarietako adin txikikoentzako zerbitzuen ‘saturazioa’ mintzagai izan da azken asteetan: Unicef-en arabera, han 2.000 adin txikiko artatzeko gaitasuna daukate, baina 5.000 baino gehiago daude orain instalazio kanariarretan. Afrikatik Europarako migrazioak aspaldi utzi zion koiunturala izateari, beraz, saturazioaz ari garenean, zerbitzuak indartzeko instituzioen borondate faltaz ere ari gara?

Lehenik, esan behar da migrazio gehiena aireportuetatik sartzen dela. Bestalde, Europak aspalditik aplikatzen du mugak kanporatzearen politika. Horrekin, Afrikatik datozen pertsona migranteak gure herrietara ez iristeko, ondo ordaintzen dira Maroko, Mauritania, eta abar, Espainiako hegoaldeko herri batzuen polizia lanak egiteko. Duela urte batzuk, Afrikatik zetorren migrazioa Malagara, Almeriara eta Granada ingurura iristen zen. Gaur egun, bide hori gero eta zailagoa da eta Kanarietara iristen da, nahiz eta askoz arriskutsuagoa eta luzeagoa den. Jada ez da titularrik betetzen honekin, baina aste honetan ia 200 pertsona hil dira bide horretan.

«Ez da egia laguntzarik gabe, bakarrik, bidaiatzen dutela. Umeek ez dute egiten bidaia hori bakarrik, baina ezin dutenez egin bidaia zuk eta nik bezala, askotan, familiak zatika etortzen dira»

Horregatik, saturazio hori aurreikus zitekeen. Eta ez bada aurretik neurririk hartu, borondaterik izan ez delako da. Interesatzen zaie ‘olatuaren’, ‘jende oldearen’, ‘inbasioaren’ irudia ematea, eta hori ez da kasualitatea. Baina Euskal Herrian ere gertatzen da hau. Adibidez, Zornotzako egoitza zabaldu zutenean, 30 gazterentzat planifikatu zuten. Baina gehiago izango dira. Kanarietan berdin; zergatik bi mila?

Zentro baten gaitasuna gainditzen bada, posible al da bertan dauden pertsonen eskubideak eta ongizatea zaintzea?

Ez, baina gainera, zer da ongizatea? Berdin ikusten dugu ongizatea hemen jaiotako 14 urteko gaztearen eta Afrikatik datorren 14 urteko beste baten kasuan? Nola ikusten ditugu, adin txikiko bezala, ala migrante bezala? Zer begirada botatzen dugu?

Kanarietako egoera akuilu izan da atzo Tenerifen egin zen bilerarako: Estatu espainiarreko autonomia erkidegoetako ordezkariak elkartu ziren, Madrilgo eta Kanarietako gobernuek adostutako aurreakordioa eztabaidatzeko. Aurreakordio horretan jasotzen da Atzerritartasun Legearen 35. artikulua aldatzea, derrigorrezkoa izan dadin bakarrik dauden adin txikikoak erkidego guztietan banatzea. Neurri egokia deritzozu?

Hasteko, ez da egia laguntzarik gabe, bakarrik, bidaiatzen dutela. Umeek ez dute egiten bidaia hori bakarrik, baina ezin dutenez egin bidaia zuk eta nik bezala, askotan, familiak zatika etortzen dira. Lehenengo aita edo ama iristen da Frantziara, adibidez, eta gero umeak datoz konfiantzazko pertsona batekin. Familia duten adin txikikoak dira, eta haien familiek ez dituzte arriskuan jartzen nahi dutelako, baizik ez daukatelako beste erremediorik. Gainera, bidaia luze horretan, etxetik ateratzen direnetik ontzi hori hartu arte, Maroko, Mauritania edo Senegaleko kostetan, hainbeste gauza gerta daitezke! Horregatik, inor ez dator bakarrik.

Beraz, ez badatoz aita edo amarekin, eta DNA bidez ezin badira familia loturak egiaztatu, halako zentroetan sartzen dituzte. Ziur nago bost mila horietako askoren kasuan haien familiak Europan zehar daudela, jakin nahian beraien seme-alabak nola berreskuratu. Nola jarri harremanetan Espainiako edo Kanarietako instituzioekin, esateko ‘hemen nago, zer egin behar dut?’ Ahaleginak hortik etorriko balira, ziur zenbakia askoz txikiagoa izango zela. Baina hori egin beharrean, banaketaz hitz egiten da.

Melillan izan zara, eta Bilbon Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) taldean aritzen zara. Zein kasu topatu dituzu?

Hasi ginenean Melillara joaten konturatu ginen, Kanariak bezala, pasabidea dela. Adin txikikoen kasu asko ikusi nituen, mugan haien gurasoengandik banatu zituztenak, eta ikusi dut zer arazo izan dituzten familiek haurrak bereganatzeko. Hori hemen ez da ikusten, hona jada elkartuta iristen direlako. Eta ez bada horrela, adin txikikoak zentroetan egoten dira.

«[Europar Batasuneko Migrazio eta Asilorako Itunarekin], sei urtetik aurrerako umeak kanporatuak izan daitezke eta atxilotu ditzakete Atzerritarrak Atxikitzeko Zentroetan. Sei urte, pentsa. Burua joaten ari zaigu, eta bihotza ere bai»

Kanarietan, adibidez, pertsonak kostara iristen direnean, identifikatu egin behar dira, Poliziak hiru egun ditu horretarako. Atzerritarrak Aldi Batez Artatzeko Zentroetan [CATE, gaztelerazko siglatan] sartzen dituzte eta hor egiten diete polizia-erreseina. Udako Ikastaroan esan nuen komisaldegi erraldoiak direla, baina poliziak zuzendu ninduen: «Kalabozoak dira». Bada, hor daudenean ematen dituzten datuak oso inportanteak dira beraien migrazio fitxarako. Batzuetan, poliziek ez dituzte ondo jasotzen datuak, eta gertatzen da, baita ere, 16-17 urteko gazte batzuei bidean gomendatzen dietela esateko adinez nagusiak direla, errazagoa izango dutelako Kanarietatik irtetea. Horregatik, Euskal Herrian badago profil bat adin txikiko gazteena, beren pasaportearekin datozenak, eta pasaporteak esaten du adin txikikoak direla. Baina Fiskaltzaren txostenak dio adin nagusikoak direla, Kanarietan horrela jaso delako. Beraz, Bizkaiko adin txikikoentzako zentrora ezin dute joan, gure Aldundiak balio gehiago ematen diolako Fiskaltzaren txostenari pasaporteari baino, eta kalean geratzen dira. Eta aldi berean ezin dira erroldatu, haien pasaporteak dioelako adin txikikoak direla. Ezin dute eskoletan matrikularik egin legezko tutore bat ez badute. Kale gorrian dauden adin txikikoen kasuak, momentu honetan, hainbat dira Bilbon.

OEE taldean nola jokatzen duzue adin txikikoekin?

Guk salatu egiten dugu, eta, ahal dugun neurrian, bizitzeko toki bat bilatzen diegu. Hemen badira hainbat elkarte migranteekin lan egiten dutenak, baina loturak dituzte instituzioekin, haien laguntza eta proiektuei esker bizi dira. Orduan, jende pila bat dago, informazio asko duena, baina ez duena salatzen; ulergarria da. Guk borondatezko lana egiten digu, eta horrek salatzeko abantaila ematen digu.

Salatzeaz aparte, zer egiten dugun? Gazteak iristen direnean, laguntzen diegu justizia eskatzen edo abokatuekin hitz egiten, adibidez. Baina oso prozedura luzeak dira. Kasu batekin, urtebete daramate epaiketaren zain, jakiteko ea Aldundiak arrazoia izan duen ala ez pertsona bat kaporatzerakoan. Beste bat; urtarrilaren 10ean gazte batek epaiketa izan zuen, baina oraindik epaia jakiteko zain dago.

Ez da denbora asko Europar Batasuneko Migraziorako eta Asilorako Ituna onartu dela. Zer eragin izango du migratzen duten haur eta gazteengan?

Txarra, oso txarra. Proiektu horrekin, legeztatu egin dira orain arte legez kanpo egiten ziren praktikak, adibidez, pertsonen itzulketak mugetan. Eta, horren arabera, sei urtetik aurrerako umeak kanporatuak izan daitezke eta atxilotu ditzakete Atzerritarrak Atxikitzeko Zentroetan. Sei urte, pentsa. Burua joaten ari zaigu, eta bihotza ere bai.