Jon Ormazabal

Jon Mariezkurrenak errebantxarako aukera ahalbidetu dio Jon Ander Peñari

Laso-Imazek azkenerako asko estutu badituzte ere, Berriozarko atzelariaren hasiera indartsua erabakigarria izan da partidaren garapenean. Hirugarren urtez jarraian, Jokin Altunak eta Baikoko atzelariak Iruñeko feriaren finalean elkar ikusiko dute.

Zortzi egunen bueltan, Peña eta Altuna arerio izango dira bigarren aldiz final batean.
Zortzi egunen bueltan, Peña eta Altuna arerio izango dira bigarren aldiz final batean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Jon Mariezkurrena handi batek errebantxarako aukera ahalbidetu dio Jon Ander Peñari eta aste baten buruan bi finaletan elkarren aurka arituko dira tolosarra eta Jokin Altuna Iruñeko bi pilotaleku nagusietan; Sanferminetako Lau eta Erdikoan Nafarroa Arenan aurreko astean eta Binakakoan igandean Labriten. Baikoko bikotean protagonista, ordea, Berriozarko atzelaria izan eta asteazkenean Zabal-Rezustaren aurka bezala, Laso-Imazen aurka berak jotako doinuan egin behar izan dute dantza erroibartarrak eta Oiartzungoak.

Neguko eskuetako arazoak gaindituta, «uda moduan» da berriro Jon Mariezkurrena eta urteko sasoi honetan geldiezina dirudi atzelari nafarrak. Pilota ezker-eskuin bikain atzeratuz, Ander Imaz oinak zazpitik atzera izan du partida guztian zehar eta hasiera-hasieratik berea izan da partidaren aginte makila. Jon Ander Peñak ere ederki ulertu du, bere luzimendua bilatu baino, eraginkorrena bere atzelariari aurkaria zigortzen laguntzea askoz eraginkorragoa zela eta gauzak horrela, laugarren tantoan 107 pilota gurutzatu behar izan dituzten arren, azkar egin dute etena markagailuan 6-15 aurreratuta.

Amorerik eman ez

Laso-Imaz, ordea, ez dira erraz ematen duten horietakoak eta ordura arte jokotik erabat deskonektatua eta txispa gabea zirudien Bizkarreta-Gerendiaingoa suspertu eta sake-errematean zorrotz eta tantoak amaitzerakoan eraginkor, markagailua orekatu ez, baina dezente gerturatu dira (15-11).

Baina partida eroso bateko unerik estuenean, hor agertu da berriz  Jon Mariezkurrena, pilotakada luze batekin baino, txokoan pilota zail bat jaso eta zabalean egindako dejada eder batekin, gorrien bolada eten eta bigarren atsedenaldi luzera ere abantaila eroso batekin heltzeko (18-11).

Honekin ere ez dute etsi Laso-Imazek eta garaipenik eskuratu ahal izan ez duten arren, markagailua txukuntzeaz harago, aurkariak lan asko egitera behartu dituzte.



FITXA TEKNIKOA:

Laso-Imaz: 17

Peña-Mariezkurrena: 22

Pilotakadak: 684 Iraupena: 75 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-7, 2-7, 2-10, 4-10, 4-12, 5-12, 5-14, 6-14, 6-15, 11-15, 11-20,  14-20, 14-21, 17-21, 17-22. Sakeak: 1 Lasok eta 1 Peñak. Egindakoak: 8 Lasok, 0 Imazek, 6 Peñak eta 6 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 5 Lasok, 4 Imazek, 3 Peñak eta 6 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Beste betekada bat Labrit pilotalekuan. Lehen sakea gorri. Azken gertakarien ondoren, frontoiko pantaila erraldoiean eta baita bozgorailuetatik ere, pilotariak errespetatzeko mezuak entzun eta irakurri ahal izan ziren partidako atsedenaldietan.