Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Arraun Lagunakek Sestaon nagusi izaten jarraitzen du, dena hasi zen tokira itzuli aurretik

Donostiarrek seigarren bandera astindu dute, Ligako orain arteko guztiak, beste asteburu bat biribilduta. Orio bigarren izan da, Donostiarra, hirugarren, eta Hondarribia laugarren. Euskotren Liga Galiziara abiatuko da berriro datorren asteburuan.

Andrea Astudillo Arraun Lagunakeko patroia ontzia gidatzen.
Andrea Astudillo Arraun Lagunakeko patroia ontzia gidatzen. (Oskar MATXIN | FOKU)

Seitik sei. Formula honekin hasi dira Euskotren Ligako estropada askoren kronikak aurten. Baina Arraun Lagunakek hala behartu du orain arte. Igande honetan, Sestaoko uretan, Ligako seigarren bandera astindu dute donostiarrek, Ligako lidertza sendotuz eta beste asteburu bat biribilduz. Gainera, estropada guneko errekor berria ezarri dute: 10.22.16. Aurrekoa Oriorena zen, duela bost urte lorturikoa (10.40.66).

Datorren asteburuan Galiziara bueltatuko da Euskotren Liga, Arraun Lagunaken nagusitasuna hasi zen tokira. Hori Ligaz hitz eginda, lehenago Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapeldun ere suertatu baita.

Gaurko estropadan, laugarren kaletik, ez du inongo oztoporik izan eta oso ondo kudeatu du Andrea Astudilloren kuadrilak proba. Emozioa atzean egon da. Bertan, Oriok bigarren postua kendu dio Donostiarrari azken metroetan, eta baita sailkapen nagusian ere.

Aipatzekoa da ere Hondarribiaren asteburua. Berdeek ohorezko txandan aritzeko aukera irabazi zuten larunbatean, Bilbon, eta gaurkoan laugarren postuan amaitu dute, lehen txandan aritu den Tolosaldea baino azkarragoa izanda.

Lehen txanda: Tolosaldea oso nagusi

Sestaoko probari hasiera eman dion estropadan kolore bakarra egon da: Tolosaldearena. Gipuzkoarrak oso nagusi izan dira joan-etorrian, eta pentsa, ziabogan bederatzi segundoko aldea zuten Hibaikarekiko.

Errenteriako ontziak ez du inongo arazorik izan bigarren postuari eusteko, helmugan ia 20 segundora sartuz, eta emozioa atzean egon da. Bertan, Galiziako bi traineruek lehia polita mantendu dute estropada osoan zehar.

Maniobran bi segundoko aldea besterik ez zegoen bien artean, Tiran aurretik zela. Eta bigarren luzean, itzulerakoan, postu berberak mantendu dituzte, 52 ehuneko aldearekin besterik ez. Sailkapen nagusiko azkena den Tirango arraunlarien poza nabarmena zen, Caboren aurretik sartu baitira.

Caboren ontziak ezbehar bat izan du behin estropada amaitzean. Izan ere, arraunlari batek konortea galdu du helmugaratzean. Honek ohorezko txandaren hasiera atzeratu du, baina zorionez, Natalia Tubio patroiak ETBri adierazi dionez, kirolaria ondo dago.

Sestaoko III. Bandera:

1. Arraun Lagunak 10:22.16
2. Orio 10:31.24
3. Donostiarra 10:31.40
4. Hondarribia 10:38.36
5. Tolosaldea 10:43.02
6. Hibaika 11:02.90
7. Tiran 11:09.84
8. Cabo 11:10.66

Euskotren Liga - Sailkapen nagusia:

1. Arraun Lagunak 48 puntu
2. Orio 37 p.
3. Tolosaldea 35 p.
4. Donostiarra 33 p.
5. Hondarribia 25 p.
6. Hibaika 16 p.
7. Cabo 14 p.
8. Tiran 8 p.