Ohi den bezala, Peruko Mendilerro Zuriaren ohiko denboraldiak nazioarteko makina bat alpinista jaso ditu. Eta oporraldi horietatik batzuk etxera pozarren itzuli dira mendi batzuetan eginiko lanarekin. Alabaina, gustura bueltatu direnen artean badira egoera nahasiak eta zailak bizi izan dituztenak. Hurrengo protagonistok, bederen, ekarpenak egiteaz gain, jardun duten mendietan ondo baino hobeto estutu dute.
Lehenik eta behin, Keisuke Ohkura, Kazumasa Ostubo eta Yudai Suzuki japoniarrak aipatu behar ditugu. Ekainaren 25etik 29ra, hirukote hori gai izan zen bide berri bat zabaltzeko eta tontorretik jaisteko. Quitarajuko (6.036 m) hegoaldeko murru zorrotzean “Dream House” (1.200 m) ireki dute. Teknikoki oso zaila: M6, AI5+ eta A2. Orokorrean: VI. Eta, gainera, oso-oso arriskutsua: R/X.
Datu “hotzak” izan daitezke. Baina horiek guztiak argitu ahal izateko, Yudaik berak hedabideoi helarazi digun iritzi bat partekatuko dugu: «Quitarajukoaren ostean, ziur aski ez dut inoiz nire bizitzan ibilbide hain zaila eta arriskutsua eskalatuko. Deskribaezina den sentsazio batek hartu nau, eta horrek azaldu nahi du den-dena eman behar izan dudala “Dream House”-n. Horrekin batera, sentsazioa dut edertasun handia duen marra bat estilo alpinoan zabaldu dudala; gure aurretik inor saiatu ez dena. Zalantzarik gabe, abentura itzela izan da».
Hori da Suzukik egin digun lehen hausnarketa. Alde guztietatik begiratuta, oso argia dena. Ohkura eta Ostubo izan ditu sokakide Quitarajun; hots, Mendilerro Zuriko bitxi garrantzitsuenetariko batean. Nahiz eta seimilako horren lehen igoera 1936. urtean iparraldeko isuritik egin zen, mendiaren hegoaldeko murru zorrotzak badu abentura eta eskalada teknikorako erakarpen berezia. Hori esan eta gero, aurreratu behar dugu hormatzar nahasi eta zail horrek soilik hiru igoera dituela. 1986an, Zarko Trusnovec eta Slavko Svetitic esloveniarrak izan ziren lehenak. Bigarrenak, berriz, Nick Bullock eta Al Powell britainiarrak. Eta hirugarrenak eta momentuz azkenak, aipatu ditugun japoniarrak.
Hiruko horrek, behe-behetik hasita, erdiko ezproia aukeratu zuen “Dream House” eskalatzeko. Adibidez, britainiarrek sekzio hori alde batera utzi eta eskuinera dagoen serac-en tartetik igo zuten. Hegoaldeko ezproiaren amaierak bat egiten du hego-ekialdeko ertzarekin. Eta ziur aski puntu zehatz horretan britainiarrek eta japoniarrek ibilbide bera (edo oso hurbil) erabili zuten tontorra zapaltzeko.
Krokisean ikusten den bezala, ezproi horrek bibak bat eskatu zien, eta beste bat ertz horretara heltzeko. Hortik aurrera, oso nahasia den eremu glaziar batean sartu ziren. Gainditu ondoren, beste bibak bat egin zuten.
“Dream Hous”-i dagokionez, Suzukik dio, denera, 30 luze eskalatu zituztela: «Ez dira errazak izan. Teknikoki zaila den hegoaldeko horma igo ondoren, aurreikusi nuen eskaladari beste martxa bat sartzeko gai izango ginela. Baina konturatu ginen ibilbidearen giltza ertza izan zela; Godzillaren bizkarra zirudien. Zaila izateaz gain, oso arriskutsua zen. Une jakin batean kale itsu batean sartu ginen; horrek gure motibazioan eragin zuzena izan zuen. Baina, zorte handiarekin, ertz horretan bertan dauden izotz tunel batzuk aurkitu genituen. Horrez gain, izotz eta elurrezko sekzio batean (90º) hamabost metroko eroriko bat izan nuen. Zorionez, sokakideen laguntzarekin tarte hori atzean utzi genuen».
Alpinista japoniar honek eskarmentu bikaina du, eta horregatik azpimarra egin dio Quitarajun eginiko lanari. Hain zuzen ere, Alaskan, Pakistanen eta Perun bertan egin dituen hainbat eskaladarekin alderatu du: «Uste dut azken igoera hau Moonflower (Alaska), Ausangateko iparraldeko horma (Peru) eta Ghamubar Zom mendiaren (Pakistan) ipar-mendebaldeko eskaladak baino askoz ere zailagoa dela. Horregatik guztiagatik diot ziur aski ez dudala inoiz eskalatuko “Dream House” bezalako bide zailik».
Eslovakiarrak
Radovsky eta Svingalek, berriz, bat ez, baizik eta lau marra berri sortu dituzte. Ez da lehen aldia Mendilerro Zuria bisitatzen zutena; iaz, “Line under the sky” (6b, M6+, 1.100 m) ireki zuten Taullirajuren ondoan ukitu gabe zegoen mendi batean. “Marva Peak” deitu zioten.
Japoniarrek bezala, eslovakiarrek ere ez dute zorterik izan baldintzekin. Klima aldaketaren ondorioz, murruak askoz ere lehorragoak aurkitu dituzte. Egin dituzten jardueren artean, azpimarragarriena Ocshapalca mendiaren hegoaldeko isurian (5.880 m) sinatu zuten. “Orgasmo multiple” (M7, WI5, 90º, 600 m) da zabaldutako bidea.
Radovsky-k dio Vallnuraju menditik Oschapalcako argazki bat ikusi zutela eta eskalatu duten murrua ederra iruditu zitzaiela: «Lau orduko ibilbidea egin eta gero, bibak bat antolatu genuen. Horma aztertu eta ez genuen arazorik izan ibilbide bat aukeratzeko. Ekainaren 9an, horman sartu ginen. Izotzezko tarte luze batzuk gainditu ostean, mistokoak aurrez aurre genituen. Oso ederrak izan ziren. Sekzio horiek atzean utzi eta ibilbide berriaren goiko aldean geunden. Zailtasun teknikoak samurtu ziren, eta, gauez, gailurrera iritsi ginen».
Erabat nekatuta zeuden, baina oraindik jaitsiera luze bat zuten aurretik. Radovsky-k baieztatu du jaitsiera hori oso gogorra izan zela: «Rappel bat egin eta bidearen amaierara heldu ginen. Ondoren, glaziar puskatu baten labirintoan sartu ginen. Zorionez, lainoa altxatu zen eta egun argiarekin igoerako urratsak ikusi genituen. Urrats horiek denda altxatuta genuen lekura eraman gintuzten. Joan-etorri guztia hamasei ordukoa izan zen. Oro har, azken urteotan mendien baldintzak asko aldatu dira, eta Huarazen esan ziguten bide berriaren amaierak bat egiten duela aurretik zabaldutako beste batekin. Baina argi dugu guk izan ditugun baldintzek ez dutela antzik lehen igoeran izan zutenekin. Bide batez, biok ala biok diogu azken urteotan eskalatu dugun bide zailena izan dela».
Jarduera horri beste bi gehitu behar zaizkio. Tuctubamba izeneko haranean, adibidez, elurrarekin zein izotzarekin ahantzi behar izan zuten. Eta, hortaz, arrokan eskalatzera behartuta egon ziren. “Guardian of Tucubamba Valley” bidea ireki zuten: 7a+ eta 340 metro. «Ez zen espero genuena. Oso-oso lehorra izan da negua, eta horren ondorioz inguruko mendiek ez zuten elurrik. Are gutxiago izotza. Nevado Taur-en (4.950 m) arrokazko marra bat zabaltzeko aukera izan genuen. Agian, mendi horren lehen igoera izan da».
Aipatu dugun haran horretan mistoan eskalatzeko zirrikiturik ez zutenez ikusi, ondoko haran batean, Laguna Suyroconcha-ren gainean, arrokazko beste bi ibilbide sortu zituzten: “Gringos” (6b, 170 m) eta “Gracias bandidos” (5c, 200 m).