Asier Robles

Sustatutako ia 200 borroka sindikaletan «esparru propioa sendotu» duela nabarmendu du LABek

Aurten 190 borroka piztu ditu LAB sindikatuak, 84 gatazkatan greba erabiliz. Sektore mailako borrokak 35 izan dira eta enpresa mailakoak, 155. Itxitako gatazken portzentaia %46,32koa izan da.

LABeko Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegi eta koordinatzaile orokor Igor Arroyo.
LABeko Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegi eta koordinatzaile orokor Igor Arroyo. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

LAB sindikatuak aurtengo ikasturtean aurrera eramandako borroken ezaugarri nagusien eta emaitzen inguruko balantzea aurkeztu dute Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegik eta koordinatzaile orokor Igor Arroyok. Euskal langileriarentzat lortu diren «aurrerapausoak» nabarmendu dituzte.

Azaldu dutenez, aurten 190 borroka piztu dituzte, eta 84 borrokatan greba erabili da. Beraz, greben presentzia borroken %44,21ean egon da. Sektore mailako borrokak 35 izan dira, horietatik 18 sektore feminizatuetan. Enpresa mailako borrokak 155 izan dira, horietatik 20 eremu feminizatuetan. Itxitako gatazken portzentaia %46,32koa izan da.

Hala, enpresetako gatazka kopuruak gorantz egin duela azpimarratu du Lopetegik, sektoreetakoek beherantz egin duten bitartean. Edonola ere, konfliktibitatea mantentzen dela dio. Lan gatazkak hitzarmen kolektiboen defentsan izan dira batik bat (%51,18), baita ere «patronalaren aldetik egon diren erasoei» aurre egiten (%33,16): itxierak, kaleratzeak, aldi baterako enplegu erregulazio espedienteak edota jazarpen mota desberdinak.

Eremu prekarizatuetan antolatzen jarraitzen dutela ere azpimarratu du LABeko ordezkariak, Amazonen, Telepizzaen, enplegu zentro berezietan, nekazaritza eta abeltzaintzan edo sektore feminizatuetan, kasurako. «Eremu horietan antolatzeak langileen aldarrikapenak modu kolektiboan lantzea dakar, langileentzat onura zuzena lortuz», azaldu du.

Gatazka horietan guztietan askotariko gaiak landu badira ere, ikasturtea oso modu nabarmenean ardaztu duten gaiak negoziazio kolektiboko marko propioaren defentsa, zaintza eskubide kolektibo gisa eta zaintzaileen lan baldintzak, eta zerbitzu publikoen defentsa izan direla adierazi du Lopetegik: «Lege bidez bertako hitzarmenen lehentasuna onartzeaz gain, bertako hitzarmenak berreskuratzearen edo sortzearen alde lan handia egin da. Gainera, erosahalmena mantendu eta langileen lan baldintzak hobetzeko borrokak zerbitzu publikoen defentsarekin uztartu ditugu, baita zaintza eskubidearen aldekoarekin ere».

Azpimarratzekoak diren bestelako elementu batzuk ere azaldu ditu, arreta berezia jarriz trantsizio ekosozialean edo euskararen alde egin diren mobilizazioetan: «Aurten trantsizio ekosoziala gure borroketan izan beharreko lekua hartzen hasi da, Mecanerren bezala, enpleguaren defentsa trantsiziorako plan ekosozial baten aldarrikapenarekin batu delarik. Azkenik, euskararen aurkako oldarraldiak langileen mobilizazioa eragin du. Langileak zerbitzua euskaraz jasotzeko eta euskaraz lan egiteko eskubidearen defentsan mobilizatu dira».

Borrokaren balioa

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok Euskal Herrian egindako borroka sindikalaren balioa nabarmendu du: «Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomoa da, estatuekiko koordenada desberdinetan aritzen dena. Euskal sindikalismoak badu langileen eskubideak defendatzeko eta lan mundutik aldaketak eragiteko bokazioa eta indarra».

Bide horrekin jarraituz, aurrera begira beste hiru urrats ematea jarri du LABek helburutzat. Lehena, bertako hitzarmenak berreskuratu (Nafarroako grafikagintza edo Gipuzkoako egurgintza) edo berriak sortzea (Nafarroako adinekoen egoitzetan, enplegu zentro berezietan, etxeko langileena, EAEn kimiketakoa edota Nafarroan kultur teknikariena).

Bigarrena, «bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata ezartzea, hilean 1.600 euro gordinekoa, soldata baxuagoko hitzarmenekiko edota hitzarmenik ez duten eremuekiko (horietako asko feminizatuak eta arrazializatuak) dagoen arrakala murriztu eta langile ororentzat orube duin bat ezartzeko».

Eta hirugarrena, funtzio publikoaren gainean Estatuak ezarritako «betoa» gainditzea. «EAJ eta Gobernuaren artean batzorde mixto bat ezartzeko akordioa aurrerapausotzat aurkeztu bazen ere, administrazio publikoetako langileen lan baldintzak eta lanpostuak sortzeko irizpideek estatalizatuta jarraitzen dute. Ildo honetan, Espainiako Kongresuan tramitatzen ari den legeak euskal langileen erosmen ahalmenaren galera dakartzan soldatak igoera ezarri asmo dugu», adierazi du Arroyok.