NAIZ

20 urteko kartzela eta 56.000 euroko isuna, Aroztegiako borrokaren kontrako mehatxua

Lekarozen 2021. urtean Aroztegiako egitasmoari aurre egin zioten lagunen aurkako mehatxua ezagutu berri da: 20 urteko kartzela eta 56.000 euroko zigorra eskatu dute zazpi lagunen kontra, «talde kriminala» osatzea egotzita. Horren berri eman dute astearte honetan eta elkartasun kanpaina abian da.

Zazpi auzipetuetatik bost, mahaiaren bueltan agerraldi jendetsu honetan.
Zazpi auzipetuetatik bost, mahaiaren bueltan agerraldi jendetsu honetan. (Iñigo Uriz | Foku)

Baztanen hotela, golf zelaia eta 200 etxebizitza osatzeko egitasmoak (Aroztegia delakoak) goitik behera astindu zuen bailara, bai eta beste herrialdeetako jendea ere. Horren adierazpen nagusia 2021an izan zen, abiatutako lanak geldiaraztea lortu zenean. Orain, hiru urte pasata, auzi judizialak aurrerapausoa eman du: 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatu dute borroka horretan parte hartu zuten zazpi pertsonen kontra. «Zazpi gara auziperatuak baina herri oso baten kontrako zigorra da hau», ziurtatu dute.

«Aroztegiko borrokan egon garen urte guzi hauetan sistematikoki jazarpen judizial, polizial eta ekonomikoa pairatu dugu. Honetakoan aldiz, marra gorri guztiak gainditu dituzte», salatu dute astearte honetan Lekarozen egindako agerraldian, mehatxu honen berri eman ondoren. «Talde kriminal antolatu bat» osatzea eta bortxa delituak egitea egozten diete.

Desobedientzia zibila eta lege urraketak

Auzipetuek desobedientzia zibila baino ez zutela erabili nabarmentzen dute: «Lotsagarria da». Egun haietan egindako kanpalditik zabaldu zituzten irudiek erakusten dutenez, eserialdiak egin zituzten makinen aurrean. Guardia Zibila bertan egon zen, polizikide asko. Azkenean makinak eta kasetak kendu zituzten. Urtebete beranduago jakin zenez, makroproiektu honen bultzatzaileak 43 milioi euro eskatu dizkie Espainiako eta Nafarroako gobernuei lanak bertan behera utzi izanagatik.

Orduan gertatutakoa honela laburbildu dute gaurko agerraldian : «2021eko udaberrian Baztango Lekarozko herria loratu zen bere lurrak defendatzeko nahiarekin. Espekulazioaren mamurru beltzak bere makinekin, beraiendako espreski egindako legeak errespetatu gabe eta Baztango herritarren eta tokiko erakundeen erabakien gainetik pasatuz, gure lurrak xehatzera etorri ziren. Agertu bezain fite Euskal Herriko xoko guzietatik herritarrak Aroztegirat hurbildu eta akanpada koloretsu, eta desobedientearekin, gure gorputzak makinen aitzinean paratuz, basakeria zen obra hura gelditzea lortu genuen. Palacio de Arozteguia SL, TEX eta QUEIPO SL etxerat igorri genituen. Zorionak!»

Nabarmendu dutenez, «Euskal Herriko eragile, norbanako eta mugimendu anitzen babesari esker gertatu zen hura, agortua den eredu kapitalista, heteropatriarkal, kolonial eta ekozidari planto egiteko dugun konpromisoarekin. Denek eskutik elkar harturik lortu genuen».

«Ez dute lortuko»

«Guk argi dugu epaiketa politiko honetan herritarrek beren burua eta lurrak defendatzeko duten konpromisoa eta gaitasuna zigortu nahi dutela. Isilarazi nahi gaituzte, eta ez dute lortuko. Ez dezagun atzendu Nafarroako Gobernuak berak baztandarrei sor-gor eginaz sortutako egoera dugula hau eta borroka oraindik ez dela akitu: UGEPa bertan behera uztea eta ebatsitako lurrak berriz nekazariei eta Baztango Batzar Nagusiari itzultzearen erantzukizuna berea dela», erantsi dute. Agerraldi oso jendetsua izan da: 270 lagun bildu dira gaurko egunean auzipetuei elkartasuna adieraztera, honekin elkartasun kanpaina abiatuz.

Izan ere, dei egin diete «Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eragile eta norbanakoei, pairatzen dugun errepresio ekonomikoaren aitzinean elkartasunez erantzutera». Eta irakurketa hau erantsi dute: «Lurra, kultura, hizkuntza eta bizitzaren defentsan desobedientzia zibila praktikatu duten mugimenduei errepresioarekin erantzuten diete, hau baita beraien hizkuntza, baina ez dugu onartuko. Bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, bortxaz gure haritz zaharrak botarazi dituzte, bortxaz gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu nahi digute eta bortxaz epaitegietarat igortzen gaituzte. Desobedientziaz borrokatzeko eskubidea kriminalizatu nahi dute».