Estatu Batuak shock-ean dagoen herrialdea da oraindik, joan den larunbatean Donald Trump presidente ohiaren aurka egindako atentatuagatik. Trump arin zauritu zuen belarrian bala batek, baina bere jarraitzaileetako bat hil zuten tiroek, eta beste bi oso larri daude zaurituta.
Ustezko erasotzailea lekuan bertan hil zuen presidenteen segurtasunaz arduratzen den zerbitzu sekretuak. 20 urteko gazte bat zen, eta legezkoa den arma automatiko batekin egin zuen tiro; aitak erosi eta erregistratutako fusila zen. Thomas Matthew Crooksi buruz jakin ahal izan denaren arabera, institutua duela urte bi amaitu zuen gaztea zen, haren eskola-aholkulariaren arabera, ikasle on eta isil samarra zen, eta ez zion iritzi politikorik adierazi. FBIk esandakoaren arabera, Crooksen sare sozialetan arakatuta ez zuten inolako mehatxurik aurkitu, ez eta buruko gaitzik zuenik ere.
«Lekuan zeuden zerbitzu sekretuetako kideak berehala mugitu ziren istilua gertatu zenean, gure frankotiratzaileak tiratzailea neutralizatu zuen eta gure agenteek babes-neurriak gauzatu zituzten Donald Trump presidente ohiaren segurtasuna bermatzeko», adierazi zuen Kimberly Cheatle Zerbitzu Sekretuko zuzendariak. AEBetako historia ezagututa, eta armak legez lortzeko dagoen erraztasuna, batek baino gehiagok galdetu du nola den posible segurtasun-arduradunek arrastorik ez izatea horrelako eraso bat gertatzear zela. Nolabait, herrialdea ohituegi dago ikastetxeetan (edo elizetan, edo lantegian) tiroka sartu eta sarraskiak gertatzera, baina ez kargu gorenen aurkako erasoetara.
Batasunerako deia
Mundu osoan izan dira atentatua gaitzesteko erreakzioak, eta AEBetan ere beste horrenbeste gertatu da, ezker-eskuin salatu baita Trump hil nahi izana. Trumpen oso gertuko kide batzuek demokratei egotzi diete erasoaren erantzukizuna, azken hilabeteetan presidente ohiaren aurka esandakoek eragin dutelakoan erasoa.
Bai Trumpek berak, bai Joe Biden presidenteak, ordea, askoz tonu neurtuagoa erabili dute. Erasoaren ostean presidente ordeak zabaldutako lehen mezuak zerbitzu sekretuei eskerrak eman eta doluminak adierazten zizkien atentatuan hildakoaren gertukoei. Joe Bidenek ere agerraldia egin zuen erasoa gertatu eta gutxira, eta igande gauean beste mezu bat zabaldu zuen, Etxe Zuriko bulego obalaren solemnitate guztiarekin: «Urrats bat atzera egin behar dugu, hemendik aurrera nola egin ebazteko. Hori ez da gu nazio bezala garena. Estatu Batuak ez da hori. Ezin dugu indarkeria hau normaltzat hartu. Erretorika politikoa gehiegi berotu da, baretzeko unea da, eta horretarako erantzukizuna daukagu». Bidenek adierazi zuenez, Pennsylvaniako erasoaren ostean segurtasun-neurri eta taldeei buruzko ikerketa independentea abiarazi du.
Bidenen adierazpenak amaitu eta hiru minutura, Trumpek bere mezua argitaratu zuen Truth Social sare sozialean «Unite America» hitzekin; Estatu Batuak batzearen beharra, alegia. Antzeko adierazpena egin zuen ordu batzuk lehenago: «Une honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da batuta egotea eta estatubatuar gisa gure benetako izaera erakustea, sendo eta irmo mantenduz eta gaizkiak ongiari irabazten utzi gabe», idatzi zuen Trumpek. «Benetan maite dut gure herria, eta denok maite zaituztet, eta aste honetan gure nazio handiarekin hitz egitea espero dut Wisconsinetik», esan zuen presidente ohiak, Milwaukeen hasi berri den konbentzio errepublikanoa aipatuz.
Biden presidentearen eta Trump presidente orde eta presidentegaiaren arteko mezuak sinkronizatuta egon ote ziren ez dago argi. Baina argi dago azkenaldiko tentsioa jaisteko ahalegin bateratua nabari dela. Ziurrenik, ez du luzaro iraungo, herrialdea oso polarizatuta dago. Edozein herrialdetako hauteskunde-kanpainan aurkarien arteko eztabaidak egon ohi dira, eta AEBetan egoera oso muturrekoa da, demokrazia bera auzitan egon litekeela esan izan dute behin eta berriz demokratek.
Etengabeko inkesten herrialdean, ez dago argi zein eragin izan zuen larunbateko hilketa-saiakerak. Iritzi orokortua da larunbata baino lehen ere aurretik zihoan Trumpen kanpainari are bultzada handiagoa emango diola erasoaren ostean sortutako elkartasun-olatuak. Ikusteko dago horri eusteko gai izango diren, Trumpek azaroan irabazi eta Etxe Zuriraino eramateko. Baina ez dago zalantzarik aldaketa bat egon dela kanpaina errepublikanoan. Atentatuaren erantzukizuna inori ez egoztea eta batasunerako deia, zalantzarik gabe, polarizaziotik urruntzen laguntzeko urratsak dira. Era berean, Donald Trumpi zentralitatea irabazten lagunduko diote, demokratek -eta baita zenbait pertsona kontserbadorek eta errepublikano ohik ere- hilabete luzez erakutsi duten muturreko liderraren figuratik urrunduta. Armez, autoritarismoaz edo abortuaz egin izan dituen adierazpenak eta izan duen jarrera ez da berehalakoan desagertuko, auzitegietan kriminalki zigortutako pertsona bat da, azken finean, eta beste zenbait epaiketa ditu, teorian, etorkizunean. Baina azken asteotako ahalegina, bere kanpainaren aldetik, behar dena isiltzea da, eta ziurrenik aurrerantzean Trumpen irudia leuntzeko saiakera egongo da.
Aurreko asteetan ikusi zen, Trumpen ohiko hitzontzi-jarrera itzali egin zen, ikuskizuna demokraten aldean zegoela ikusita, Joe Bidenek ekainaren 27ko eztabaidan izandako parte-hartze negargarriaren ondorioz. Presidenteari iseka egin edo umiliatu ordez, Trump eta bere kanpaina isilik egon dira hamar egunez.
Bideni dagokionez, ekaitzak atseden eman dio, zalantzak guztiz desagertu ez badira ere. NATOren goi-bilera izanik joan den astean, bazterrera egiteko eskaerak neurtu egin behar izan zituzten, atzerriko gonbidatu ugari zeudenez. Gero, begi bistakoa zen konbentzio errepublikanoarekin arreta Bidenengandik urrunduko zela. Eta ustekabeko atentatua gertatuta, ia lekurik ere ez zaie geratuko presidenteak bazterrera egitea nahi duten demokratei. Horrek ez du esan nahi egoera denek onartu dutenik. Bart elkarrizketa zeukan Bidenek NBC telebista-katean, eta ezin ahaztu kanpainarako ezinbesteko elementua diren diru-bilketak nabarmen okertu direla Bidenentzat ekaineko eztabaidatik.