Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Bilboko kiroldegietako grebalariek kalera atera dituzte beren aldarrikapenak

Bilboko kiroldegietan greban dauden langileak berriro mobilizatu dira Foru Jauregiaren aurrean, azpikontratatutako enpresei eta erakunde publikoei hitzarmen berria negoziatzeko eseri daitezela eskatzeko.

Bilboko kiroldegietako langileen mobilizazioa Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean.
Bilboko kiroldegietako langileen mobilizazioa Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bilbao Kirolak-eko kiroldegiek ezohiko uda bizi dute. Uztailaren erdian gaude, eta milaka erabiltzaileren etsipenerako, Artxanda, El Fango-Rekalde eta Txurdinagako kanpoko igerilekuak itxita daude oraindik. Arrazoia? Azpikontratatutako enpresetako langileen «hitzarmen duin» baten aldeko greba. ELA sindikatuak salatu duenez, enpresek ez dute negoziatu nahi eta Udalak gatazkari muzin egiten diola dirudi.

Izan ere, Emtesport enpresarako (begiraleak, sorosleak) eta Ute Giroa Ansareo enpresarako (mantentze lanetako langileak) azpikontratatutako Bilboko kiroldegietako langileek 17 hilabete baino gehiago daramatzate lan baldintza duinak lortzeko mobilizazioekin. Ekainan LABek, CCOOk eta UGTk hitzarmen sektoriala sinatu zuten, baina ELArentzat ez zen nahikoa izan eta grebarekin jarraitu du.

Besteak beste, langileek «kontratazioetan partzialtasun handia; erosteko ahalmena bermatzen ez duten soldata txikiak; kontziliazioa eragozten duten lanaldi zatituak eta ordutegi aldaketak...» salatzen dituzte.

Orain arte, ELAk salatu duenez, ez enpresa ezta Udala ere ez dira negoziatzearen alde agertu, eta, beraz, «langileek borrokan jarraituko dute zerbitzuaren kalitatea hobetuko duten baldintza duinak lortzeko».

Lan borroka gehiago ikusarazteko, gaur goizean kalera atera dute igerilekua, Bilboko Kale Nagusira, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, protesta gisa. Bertan, aerobik eta igeriketa klaseak simulatu dituzte denbora batez.

Duela astebete, Bilboko alkate Juan Mari Aburto haserre agertu zen greba honekin, eta ELAren jarreraren aurka egin zuen. Gainera, gutxieneko zerbitzuak ezarteko eskatu zion Lakuako Gobernuko Lan Sailari, kiroldegiak «aisialdirako lekua ez ezik, osasunaren sustapenarekin zerikusia» dutela argudiatuta.

Marije Fernandez ELAko ordezkariak astearte honetako protestan adierazi duenez, eskaera hori «pentsaezina» da. Halaber, Aburtoren Gobernuaren jarrera kritikatu du, gatazka konpontzen saiatzeko grebalariekin oraindik harremanetan jarri ez dela adieraziz.