NAIZ

Ongizatea eta kultura sustatzeko mugaz gaindiko zortzi proiektu diruz lagunduko ditu Gipuzkoak

Gipuzkoako Aldundiak ongizatea eta kultura sustatuko dituzten mugaz gaindiko zortzi proiektu berri sustatuko ditu. Hain zuzen, ‘Ideiak 2024’ partaidetzako aurrekontuaren aurtengo deialdiari esker, 150.000 euro bideratuko dira Bidasoaren bi aldeetako loturak estutzeko ekimenetara.

‘Ideiak 2024’ proiektuan parte hartu duten pertsonak.
‘Ideiak 2024’ proiektuan parte hartu duten pertsonak. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

2022an jaio zen ‘Ideiak’ egitasmoaren aurtengo edizioan, ongizatea eta kultura sustatuko dituzten mugaz gaindiko zortzi proiektu diruz lagunduko ditu Gipuzkoako Aldundiak eta, horretarako, 150.000 euro bideratuko ditu, aurreko edizioetako kopuru berdina.

Irune Berasaluze Gobernantzako foru diputatuak aurkezpen ekitaldian nabarmendu duenez, honela, «gure lurraldeetan ongizatea, kultura edota gizarte ekimenak sustatzeko eta mugaren bi aldeetako herritarren arteko harremanak estutzeko proposamen ezin hobeak» gauzatuko dira datozen hilabeteetan, «herritarrak, elkarteak eta gizarte antolatua inplikatuz».

Aurten autaketa fasera aurkeztutako proiektuak ekainaren 16tik uztailaren 9ra bitartean bozkatu ahal izan dira eta boto gehien jaso dituzten zortzi proiektuak eramango dira aurrera. Proposamen bakoitzari gehienez 20.000 euroko laguntza egokitu zaio, 150.000 euroko aurrekontua osatu arte.

Proiektu hautatuak garapen fasera igaroko dira, bi lurraldeetan osatu beharko dira eta datorren urteko azarora arteko gauzatze epea dute. Proiektu hautatuen artean NAIZ Irratiak eta Mediabaskek bultzatutako ‘Gazteak mugaz gaindi’ egitasmoa dago.

Hauek dira gainerako zazpiak: ‘Ahotsak mugaz gaindi’ (Landarbaso eta Landarbaso Txiki abesbatzak eta Lilia elkartea), ‘Digitalizazio arduratsua’ (Iametza enpresa eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoa), ‘EMAKUMélan’ (ASPEGI eta Andere Nahia elkartea), ‘Mugi mugak’ (EHU eta Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua), ‘Gazteak ON’ (Maïa permaculture eta Les ami.e.s D'Hendaiakoop), Uhinak klima aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko VI. biltzarra (Ficoba Fundazioa eta Euskal Hirigune Elkargoa) eta ‘Ikusi Mikusi’ (Mari Gorri elkartea eta Galtzagorri elkartea).