Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Bertigoa baduzue, ez ikusi

SKYWALKERS: A LOVE STORY
AEB. 2024. 100’.
Zuzend.: Jeff Zimbalist, Maria Bukhonina. Gido.: Jeff Zimbalist. Musika: Jacques Brautbar. Plataforma: Netflix.

Angela Nikolau eta Ivan Beerkus eraikin batean.
Angela Nikolau eta Ivan Beerkus eraikin batean. (Netflix)

Aurtengo Sundance Zinema Jaialdiaren arrakastarik handienetako bat izan da. Maria Bukhonina-k eta Jeff Zimbalist-ek zuzendutako proiektu honek Angela Nikolau-ren eta Ivan Beerkus-en bizitza erakusten du, munduko eraikin altuenak esploratzen dituzten bitartean. Errusiako bikote honek munduko eraikinik altuenak eskalatzen eman du bere bizitzaren zati handi bat.

Maitasun-istorio baten eta thriller baten arteko nahasketa den dokumental honek helburu arriskutsu bat duen bikote honen istorioa azaltzen du: ilegalki, munduko bigarren etxe orratz altuena eskalatu nahi dute eta, gainera, eraikinaren ertzean egindako akrobazia ikusgarri batekin ‘apaindu’ nahi dute ekintza. Zazpi urte baino gehiago eman dituzte ikus-entzunezkoa aurrera eramateko.

Pasa den Sundance zinema jaialdiko aurkezpen ekitaldian, Jeff Zimbalist eta Maria Bukhonina zuzendariek zera aipatzen zuten: «Oso hunkigarria izan da bikotearentzat bere istorioa pantaila handian lehen aldiz ikustea, negar asko egin dute. Hainbat urte iraun duen prozesu baten itxiera izan da».

Angela Nikolau eta Ivan Beerkus

‘Rooftopping’ delakoa, babesik gabe eta soilik eskuekin eraikin edota egitura handiak eskalatzeren ekintzari deritzo. Angela Nikolau eta Ivan Beerkus ekintza horiek egiten dituzten bi gazte dira. Influencerrak direla ere esan daiteke, izan ere, bien artean milioi batetik gorako jarraitzaileak dituzte sare sozialetan eta ausardia/erokeria hauek guztiak bertan partekatzen dituzte.