NAIZ

Erresuma Batuko Gobernu laboristak tren operadoreak birnazionalizatzeko proiektua abiatu du

Bidaiarien trenen operadoreak domeinu publikora eramateko helburua duen lege proiektua jarri du martxan Gobernuak Erresuma Batuan. Aldaketa enpresa pribatuen kontratuak amaitzean (2027an) edo kudeaketa txar baten ondoren egiteko asmoa dute.

Trenen operadoreak berriz publiko egiteko prioiektua abiatu du Erresuma Batuak.
Trenen operadoreak berriz publiko egiteko prioiektua abiatu du Erresuma Batuak. (Ben STANSALL | AFP)

Erresuma Batuko Gobernu laborista berriak ostegunean iragarri zuenez, lege proiektu bat aurkeztu du tren operadoreak pixkanaka birnazionalizatzeko. Izan ere, gaur egun, konpainia gehienak pribatuak dira eta.

«Urteetako emaitza txar eta onartezinen ostean, lege proiektua aldaketa historikoa da, Gobernuari bidaiarien garraio-zerbitzuak jabetza publikora itzultzea errazten diona», iragarri du Gobernuak ohar batean.

Alderdi laboristak irabazi zituen uztailaren 4ko hauteskunde legegileak Erresuma Batuan, hamalau urtez gobernu kontserbadoreak izan ostean.

Lege proiektu honek operadoreak domeinu publikora eramatea proposatzen du, enpresa pribatuen kontratuak amaitzean, edo kudeaketa txarra eginez gero, eta ‘Great British Railways’ izeneko erakunde batean biltzea.

Martxan dauden kontratuak 2027ra artekoak direnez, egungo operadoreei konpentsazioak ez ordaintzea posible izango da, Gobernuaren arabera.

1995etik

1990eko hamarkadaren erdialdean egin zen tren operadoreen pribatizazioa, John Major lehen ministro kontserbadorearen agindupean, baina trenbide sarea publikoa izaten jarraitzen du, Network Rail elkarteak kudeatzen duena.

Hamalau operadoretik lau kontrol publikora itzuli dira azken urteetan emaitza txarrengatik, baina sektore pribatura itzuli baino lehen behin-behineak kudeatzea zen asmoa orain arte.