Orain bi urteko oposaketak gainditu zituen Arabako suhiltzaile talde batek ‘Suhiltzaile Gaindituak Haserre’ izeneko plataforma sortu du, LEP Lan Eskaintza Publiko horiek ebazteko gehiegizko denborak «babesgabetasun» egoeran utzi dituela salatzeko. Larunbat honetan agerraldia egin dute Gasteizko Adre Maria Zuriaren plazan haien egoeraren berri emateko.
Esplikatu dutenez, 2022an Araba eta Gipuzkoako foru aldundiek elkarrekin adostu zituzten suhiltzaileen oposaketen oinarriak, eta Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren esku utzi zuten proba ezberdinak egiteko ardura. Azterketen emaitzak jakinaraztearekin batera, plazak banatu beharko lirateke, eta plazak lortu ez zituztenen pertsonen artean, enplegu-poltsa bat sortu. Alta, ez da horrelakorik egin, prozesua amaitu baino lehen aldaketak egin zirelako Arabako Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoko Lan Poltsaren erregulazioan.
«Ezohiko atzerapen horrek lan-poltsak negoziatzeko marko berri bat sortu du, eragin negatibo zuzena izango duena azken oposaketa gainditu dugunok lana lortzeko izan dezakegun aukeretan, oposaketan sortzen den lan-poltsa baztertuz», gaitzetsi dute suhiltzaileek.
Orotara, 278 pertsonak gainditu dituzte eskaintza publikoaren fase guztiak; horietatik 114k plaza lortuko lukete eta gainerako 164ak lan-poltsan sartuko lirateke, zehaztu dutenez. Alabaina, agerraldia egin duten suhiltzaileen arabera, azken oposaketa gainditu duten pertsonak «gainditu ez duten pertsonen atzetik geratuko» lirateke, «baita inoiz oposaketa batzuetara presentatu ez diren batzuen atzetik ere».
Lehengo irizpideei eustea
‘Suhiltzaile Gaindituak Haserre’ plataformak eskatu du orain arte Arabako Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoan ezarritako lan poltsen araudien irizpideei eustea, lan-poltsetako lehenengo postuak azken oposaketa nota hoberenik gainditu duten pertsonek bete dezaten.
Plataforma honek LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuen babesa jaso du, baita EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE eta PP alderdi politikoena ere.