NAIZ

24 langileri beharrean, Microliquideko EEEak 15 langileri eragingo die azkenean

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Microliquid enpresako EEEak 15 pertsonari eragingo dio, maiatzean asmoa 24 pertsona kaleratzeko prozedura abiaraztea bazen ere. Ekainaren amaieratik greba mugagabea, mobilizazioak eta asanbladak egin ondoren, langileek enpresaren azken proposamena onartu dute.

Arrasateko Microliquideko langileek enpresaren proposamena onartu dute.
Arrasateko Microliquideko langileek enpresaren proposamena onartu dute. (LAB Sindikatua)

Arrasateko Microliquideko langileek enpresaren azken proposamena onartu eta Enplegu Erregulazioko Espedienteak (EEE) 15 pertsonari eragingo dio, nahiz eta hasieran 24ri eragitea aurreikusita zegoen. Horietako zortzik borondatezko atxikipena izango dute, lan egindako urte bakoitzeko 40 eguneko soldata ordainduko zaie kalte-ordain gisa eta antzinatasunik ez duten kasuetarako, 8.000 euroko gutxieneko indemnizazio bat ordainduko da. Greba, mobilizazioak eta asanbladak egin dituzte langileek ekainaren amaieratik.

LAB sindikatuak ohar batean jakinarazi duenez, Enplegu Erregulazioko Espedientearen bitartez, 24 pertsona kaleratzeko prozedura abiarazteko asmoa zutela jakinarazi zien zuzendaritzak iragan maiatzean. Ekainaren amaieran kaleratze kolektiboaren arrazoiak biltzen zituen dokumentazioa banatu zen, eta kontsulta epeari hasiera eman zitzaion.

Horrekin batera, langile asanbladak greba mugagabe bat abiaraztea erabaki zuen. Negoziazioek iraun bitartean, langileek mobilizazioak eta hainbat asanblada burutu dituzte, eta azkenean, enpresaren proposamenari baiezkoa eman diote. Asanbladan zuzendaritzaren azken proposamen hau %70eko baiezkoarekin onartu zen.