Paris jada atonduta dago Olinpiar Jokoak jasotzeko. Talde kirol batzuk asteazken honetan bertan hasiko dira baina irekiera ekitaldi ofiziala ostiralean izango da, hilaren 26an, 19.30etatik aurrera. Inoiz ez bezala, aire librean egingo da irekiera ekitaldia, Sena ibaian zehar.
Kirol ekitaldi handiena izaten dira Olinpiar Jokoak, zirrara berezia eragiten dute. Zirrara horixe bera helarazten saiatuko da NAIZ, egunero Parisetik bertatik xehetasun eta albisteak kontatuz eta astelehenetik aurrera eta Olinpiar Jokoak bukatu arte, NAIZ Irratian bi orduko saio berezia emitituko da, Ion Garate eta Zuriñe Iglesiasen eskutik, goizeko 10etatik 12etara bitartean.
Albiste esanguratsuenak, protagonistak, euskal kirolarien jarraipen berezia, bitxikeria, tertuliak eta Parisetik zuzeneko konexioak, Ane Urkiri lankidearen eskutik. Xehetasun guztiak NAIZen barnebiltzea da helburua –orrialde berezi bat sotu da horretarako–, kirol ekitaldi honen mobilizazio ikaragarria gerturatu asmoz, gure ikuspegitik, Euskal Herriaren nazio ikuspegitik, 44 euskal kirolarien lorpen eta istorioak irakurle zein entzuleei eskaintzeko.
17 kirol ezberdinetan lehiatuko dira euskaldunak (orotara, 32 kirol lehiatuko dira Pariseko hitzordu handian), kirol klasikoenetatik (atletismoa, tiroa, gimnasia, piraguismoa...) berrietaraino (skate, surfa eta 3x3 saskibaloia); talde kiroletan ere ordezkaritza zabal eta anitza dago. Askorentzat debuta izango da (Salma Solaun, Oier Ibarretxe, Ariane Toro, Tessy Ebosele, Majida Maayouf, Miren Lazkano, Begoña Lazkano, Pau Echaniz...) eta izango dugu beterano bat ere, Maialen Chourraut bezalako, bere bosgarren Olinpiar Jokoetan lehiatuko dena. Guzti hori, albiste, elkarrizketa, erreportaje edota bitxikeria moduan, egunero, NAIZ Irratian entzuteko aukera izango da.