Udaberriko denboraldia Everesten amaitzen denean, izaera guztietako jardueren eta errekorren inguruko berriak jasotzen dira. Nahiz eta azpimarratzekoa den, hurrengo lerrootan aipatuko dugun helburuak ez du ia oihartzunik izan. Eta hainbat aldetatik begiratuta, bederen, berezia da oso.
Rajesh Lama da protagonista. Nepaldarra. Bada, 35 urteko mendizale horrek Katmandu eta Everesteko tontorra oinez lotu zituen 57 eguneko bidaian. Apirilaren lehen egunean etxetik bertatik (Dudhgaon herria, Katmandu) irten zen. Lamak berak onartu du ez zela egun aproposena: «Nepalen Inozente Eguna dugu, eta makina bat jende oso ezkor zegoen nire xedearekin».
Munduko mendi garaienaren gailurra, berriz, maiatzaren 20an lortu zuen. Protagonista nepaldarrak baieztatu du erronka hori aurrera eraman ahal izateko lan eskerga egin behar izan duela: «Fisikoki zein mentalki asko entrenatu nuen. Baina batez ere buruaren lanketari garrantzia handia eman diot».
Arrakasta hori lortzeko, Lamak ibilbide luzea egin behar izan du. Zortzimilakoei dagokienez, duela sei urte Manaslu igo zuen. Mendiekin erabat harrapatuta geratu zenez, hurrengo urteetan nepaldarrak alpinismoko eta eskaladako teknikak hobetzen jardun zuen. Urte horietan guztietan eskarmentua sendotu zuen. Azkenean, lehen fasea egin eta gero, Nepalgo hiriburua eta Everesteko tontorra oinez lotzera abiatu zen.
Lamak dio lortu duen xede horretan batzuek soilik Everesteko tontorrari garrantzia eman diotela, eta gehitu ere helburu horrek beste eite erakargarri batzuk dituela: «Ez dut ukatuko: Everesteko gailurra zapaltzeak asko bete nau. Amets bat egia bihurtu dut. Alabaina, jarduera honekin beste batzuk inspiratzen baditut nire helburu nagusia beteta egongo da. Abenturak duen espirituari indarra eman nahi izan diot. Erakutsi dut pertseberantziarekin eta sasoi bikain batekin izaera honetako balentriak egin daitezkeela».
Bidaia berezia
Arestian aipatu dugunez, lehen urratsak joan den apirilaren lehenbizikoan egin zituen. Katmanduk duen klima hezea eta beroa atzean utzi eta munduko mendi garaienera abiatu zen.
Lehen zortzi egunak bidezidor batzuetatik egin zituen. Namchera iritsi eta lehen aldiz Everest ikusi zuen. 24an, berriz, ohiko trekkingari jarraituz kanpaleku nagusira heldu zen.
Maiatzaren lehen egunetan Everesten ez zegoen giro; izan ere, haizeteek gogor astintzen zuten mendia. Lamak ez zuen presarik, eta girora egokitzeko Lobuche mendia igo zuen. Seimilako horretan lanak bukatu bezain laster, berriro Everesteko oinarrizko kanpalekura itzuli zen. Aklimatazio faseari amaiera emateko, ohiko errotazioak egin zituen. Bien bitartean, ‘135 Miles’ izeneko lasterketan sorosle modura lan egin zuen.
Maiatzaren 15ean, Lamak eta bere taldeak atzean utzi zuten kanpaleku nagusia. Hirugarren kanpalekura oso sasoiko iritsi zen: «Bat-batean ahul sentitu nintzen. Ez dakit zergatik izan zen: garaierarengatik edo apirilaren lehenbizikoan hasitako erronkarengatik. Taldea gailurrera abiatu zen bitartean, nik atseden hartu nuen. 20an, berriz, tontorrera abiatu nintzen gida ezberdin batekin. Eguraldia ez zen batere ona, baina saiatu behar nintzen. Gidaria ere ados zegoen, eta goizeko 7etan puntu altuena zapaldu nuen».
Lehen arrakasta hori lortu ondoren, mendizale nepaldarrak bazuen bigarren bat: etxera oinez itzuli. Baina helburu hori bertan behera utzi zuen: «Behatzetan izozketak izan nituen, eta erokeria zen oinez itzultzea. Erabaki zuzenena hartu nuen. Azazkalak urdin nituen; Everesten “musua” halakoxea da».
Amaitzeko, Lamak onartu du bidaia berezi hori ez dela guztiz dibertigarria izan. Egoera oso ezberdinak bizi izan ditu, baina pozarren dago eginiko lanarekin: «Erromantikoa irudi dezake, baina ibilbide osoak erabat bete nau. Inoiz egin dudan luzeena izan da. Segundo bakoitza gozatzen saiatu nintzen. Nire herrialdea, koloreak, herritarrak, eremu lauak, mendiak… Hori guztia ikusi eta barneratzea ederra izan da oso».