NAIZ

Uribe Kostako hainbat alkate eta eragilek zerbitzu publikoen galera salatu dute

Urduliz, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz herrietako alkate, eragile eta herritarrek agerraldia egin dute. Uribe Kostak bisitari asko hartzen ditu uda partean eta azaldu dute osasun, garraio edo posta zerbitzuak ez indartzeaz gain, murriztu ere egiten direla.

Elkarretaratzea egin dute Gorlizko osasun zentroaren aurrean.
Elkarretaratzea egin dute Gorlizko osasun zentroaren aurrean. (Plentziako Udala)

Elkarretaratzea egin dute gaur goizean Gorlizko ospitalearen aurrean Uribe Kostako hainbat alkate, eragile eta herritarrek, uda partean eskualdeko zerbitzu publikoek pairatzen duten galera salatzeko. Azaldu dutenez, bereziki kezkagarria da osasun zerbitzuen egoera, baina ez da arazo bakarra. Adierazi dute uda garaian hainbat herrik biztanleria hirukoiztu ere egiten dutela, bisitarien ondorioz, baina zerbitzuak indartu beharrean murriztu egiten direla. 

Aitor Garagarza Plentziako alkateak azaldu duenez, «nahiz eta murrizketa hauek uda partean izan, urte osoko planifikazio eta inbertsio faltaren ondorio dira». Gaineratu du egoera honek planifikazio eta aurreikuspen egokia eskatzen ditu, «urtean zehar funtzionamenduan dauden zerbitzuak mantenduz eta handituz, denboraldirako biztanleriari egokitzeko».

Osakidetzako murrizketak ez ezik, posta bulegoetakoak ere salatu dituzte eta garraio publikoa indartzea galdegin dute. Ildo horretan, Plentziako alkateak eskatu du «Udal Kutxaren banaketa orekatuago bat egitea», uda garaian «gure herrietako funtzionamendu egokia bermatu dadin». Garagarzak azaldu du urteroko arazoa dela, baina, hala ere, ez zaiola behar den garaian konponbidea bilatzen.

Posta bulegoen ixtea ere salatu dute, eta uda garaian itxita daudenak berriz irekitzeko eskatu, «biztanleek haien korrespondentzia arazorik gabe jaso eta bidaltzeko aukera izan dezaten». Halaber, uda garaian garraio publikoa indartzeko premia azaleratu dute: «Ezinbestekoa da metroaren maiztasuna handitzea eta kostaldeko herriak lotuko dituzten autobus linea berriak sortzea, Urdulizko Ospitalearekin konexio hobea bermatuz».

Horrela, Uribe Kostako Osakidetzako zuzendari kudeatzaile den Jesus Manuel Suarez Romayri «kontigentzia plan espezifikoa» eskatu diote eta gainerako erakundeei, posta bulegoak berriz irekitzea eta garraio publikoa indartzea.