NAIZ

Gasteizko Txosna Batzordeak txosnak jartzea erabaki du eta mobilizazioa deitu du abuztuaren 3an

Gasteizko Txosna Batzordeak txosnak jartzeko erabakia hartu du. Arabako Foru Aldundiak Ticket Bai ezartzera behartu nahi ditu txosnak, enpresa pribatua bailiran, eta haiek, irabazi asmorik gabekoak izaki, salbuetsita daudela berretsi dute. Mobilizazioa deitu dute abuztuaren 3an.

Gasteizko txosnaguneko artxiboko irudia.
Gasteizko txosnaguneko artxiboko irudia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Txosna Batzordeak ohar baten bidez jakitera eman duenez, txosnak jartzeko erabakia hartu dute, Arabako Foru Aldundiarekin akordiorik lortu ez badute ere. Halaber, mobilizazioa deitu dute abuztuaren 3rako, hots, Gasteizko Jaien hasieraren bezperarako. Berretsi dute Ticket Bai aplikatzetik salbuetsita egon beharko luketela, haiek jarduna «irabazi asmorik gabekoa» delako eta «itzulpen soziala» duelako.

Azpimarratu dute antolatzen dituztenak jai «herrikoiak eta autogestionatuak» direla eta, beraz, ez dagoela bertan egiten duen lanarekin dirua irabazten duen pertsonarik, dena baita borondatezkoa. Hori dela eta, adierazi dute ez dela ulergarria Ticket Bai ezartzeko eskakizunean enpresa pribatuekin parekatzea.

43 urteko ibilbidea dutela gogora ekarri du Gasteizko Txosna Batzordeak eta azaldu dute gaur egun inork ez dituela jaiak txosnagunerik gabe imajinatzen. Horregatik, herri mugimenduaren aurkako erasotzat jo dute Arabako Foru Aldundiaren eskakizuna. Horrela, «arduragabekeriaz» jokatu izana leporatu diote.

Gasteizko Txosna batzordearen aburuz, «ez liokete trabarik jarri beharko txosnen jardunari, kasu honetan, zerga normalizazioak eta iruzurraren aurkako lana aitzakia gisa erabiliz». Izan ere, jai herrikoiak eta txosnak babestu beharreko jai eredu baten oinarrietako bat direla uste dute, «herriaren gehiengo zabalak partekatzen dituen kultura balioen transmisore baitira». Hain zuzen ere, haiena «eredu kolektiboa, herrikoia eta soziala» dela azpimarratu dute eta espazio «alternatibo, feminista eta euskalduna» eskaintzen dutela, hots, «jaien pribatizazioaren kontrakoa».

Herri mugimenduen aurkako erasoa

Argi ikusten dute Ticket Bai sistema ezartzeko exijentzia burokrazia aitzakia erabilita haien jarduna ezinezko egiteko saiakera dela, eta ohartarazi dute ez dela Gasteizen soilik gertatzen ari den joera: «Euskal Herriko jai herrikoiak antolatzen dituzten edota bestelako irabazi asmorik gabeko ekintzak egiten dituzten eragile eta mugimenduei eragingo die». «Jai herrikoiek kontra bideratutako erasoak» geroz eta dimentsio handiagoa hartzen ari direla iritzita, ezinbestekotzat jo dute «aktibatzea».

Ildo berean, herri mugimenduaren defentsarekiko konpromisoa agertu dute. Adierazi dute erasoa edozein dela ere, hala nola, «egiten zaizkigun exijentzia ez egingarriak, traba burokratiko edo ekonomikoak», jai herrikoiak aurrera ateratzeko moduak bilatuko dituztela. Horrela, dei egin diote «eraso honen kontrako borroka bere egiten duen pertsona eta kolektibo orori» abuztuaren 3ko mobilizazioarekin bat egitera.