Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Ironia, umorea eta suspensea

EL ENCARGADO (3.DENBORALDIA)
Argentina. 2022. 3. denboraldia. Zuzen.:
Mariano Cohn, Gastón Duprat. Gidoia: Diego Blieffeld, Mariano Cohn, Emanuel Diez. Akt.: Guillermo Francella, Gabriel Goity, Moro Anghileri, Gastón Cocchiarale. Argaz.: Rodrigo Pulpeiro, Leo Resende Ferreira. Plataforma: Disney.

Guillermo Francella, Eliseo atezainaren rola jokatzen.
Guillermo Francella, Eliseo atezainaren rola jokatzen. (Disney )

Eliseo atezaina protagonista duen ‘El encargado’ telesailaren hirugarren denboraldia iritsi da. Suspensezko generoren zertzalada batzuk dituen arren, telesail dibertigarria eta ikuserraza da.

Buenos Aires hirian girotua, klase altuko eraikin batean lan egiten duen Eliseo atezainaren istorioa azaltzen du. Eliseo atsegina da, adeitsua, baina, istorio honetako ustezko heroi hori, gaizkilea ere bada aldi berean; bere ohiko jarduna burutzeaz gain, bertako jabe eta maizterren sekretu guztiak biltzen ditu, bakoitzaren bizitza pribatuan murgiltzen da eta informazio horrekin zalantzagarriak diren akordioak egiten ditu. Atezaina da, baina baita zelataria eta espioia ere. Premisa nagusi horretatik gatazka nagusi bat ere jaioko da: ez du lanik gabe geratu nahi eta horretarako eskura duen ‘botere’ hori guztia bere mesedetan erabiltzen saiatuko da.

Mariano Cohn eta Gastón Duprat

Ia banaezina dirudien bikote hau Argentinako zinema eta telebista zuzendari eta ekoizle diren Mariano Cohn eta Gastón Duprat osatzen dute. Abierta izeneko telebista konpainia ekoizlearen jabeak dira. 

Beraien lehen lanak bideoarte eta zinema esperimentalarekin lotuak zeuden arren, apurka publiko orokorrari zuzendutako ekoizpenak egin dituzte. ‘El hombre de al lado’ ekoizpenarekin egin ziren bereziki ezagunak eta bere estiloaren oinarriak finkatzeko balio izan zuen filma izan zen: umore beltza eta konbentzionalismoari egindako kritika ia filmografia osoan zehar topatu daitezkeen osagarriak dira.

‘El ciudadano ilustre’ filmarekin nazioarteko arrakasta lortu zuten eta Oscar Martinez aktoreak, gainera, Veneziako zinema jaialdian saria irabazi zuen. Geroztik ‘Competencia oficial’ filma eta ‘Nada’, ‘Bellas Artes’ eta, jakina, ‘El Encargado’ telesailak arrakasta nabarmena izan dute.