Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Olinpiar Jokoen «kolapso soziala», baztertuen eta pribilegiatuen arteko dikotomia

Olinpiar Jokoen antolakuntzak fintasuna eskatzen du, eliteak ulertzen duen bikaintasuna. Paris lanean gogor aritu da baina bidean milaka lagun baztertu ditu: etxegabeetatik hasi eta turistetaraino, hiritarrei ere kontrol neurrigabeak ezarrita. Kazetariak dira pribilegiatu handienetakoak.

Gendarme bat, Louvre kanpoan argazkia ateratzen.
Gendarme bat, Louvre kanpoan argazkia ateratzen. (David GRAY | AFP)

Gaur da eguna, gaur da Irekiera Ekitaldia eta nabari da. Hiri Olinpikora sarbidea debekatuta, milaka kazetari Porte Maillot Jauregian komunikabideentzako egokitu duten gunean –eguerdian mahai luzeen artean leku bat aurkitzea nekeza izan da–, polizien presentzia nabaria, sirena hotsak uneoro, jendearen urduritasuna... eta hiritarrak kezkatuta.

Olinpiar Jokoak antolatzeak ezinbestean dauka dikotomia hori: batzuentzako une pribilegiatua da; besteentzako, oztopoak besterik ez. Louvre inguru osoa hesituta dago eta herenegun, Frantziako Gobernuko lehen ministro Emmanuel Macron eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidente Thomas Bach-ek argazki protokolarioa atera zuten. Noski, hauek pase librea daukate.

Gune esanguratsuen albotik paseatzea buruhaustea izan daiteke, errepideak moldatu dituzte, bizikletak ezin dira edonola aritu –polizia haserretu egiten da– eta akreditazioa baldin badaukazu kasik dena da libre. Paristarrek QR bidez identifikazio bat erakutsi behar dute beraien hirian libre paseatzeko. Haserrea eragin du honek, noski, kontrola areagotzeaz gain akatsak ematen dituelako. Garraio publikoaren prezioak ere moldatu egin dira, 2,15 eurotik 4 eurora altxatu dituzte metroko erabiliera bateko tiketak –17 eurotik 32ra hamar erabilerakoak–; bitartean, kazetarioi garraio publikoan aritu eta bultzatzeko erabilera anitzeko txartela eman digute.

Garraio publikoaren prezioak ere moldatu egin dira, 2,15 eurotik 4 eurora altxatu dituzte metroko erabiliera bateko tiketak

Macronek harro esan zuen Olinpiar Jokoen atarian, «karteristak hiritik ateratzea lortu dutela». Garaipen bat bailitzan esan zuen, hiritar eskas eta onen arteko arrakala handitu nahian, gaizto eta zintzoen nobela bat bailitzan. Metroan ere entzuten dira ohartarazpen oharrak. «Karterista» hitza erabiltzen dute espainolez, italieraz aldiz, «norbere gauzekin arretaz» aritzeko eskatzen da.

Badaude aldeak, gizarte kapitalista eta neoliberalaren oinaze gordina. Hiri garbi, fin eta bikainaren itxura emateko, etxean garbiketa egingo balu funtzionatu du Parisek: gauza zikinenak, ezkutatu. Kasu honetan, hiritik aldendu edo bota. Hau gertatu da etxegabeekin. Hilabete luzez jardun du Parisko gobernuak zeregin honetan, Sena ibaiaren inguruko etxegabeak hiriaren kanpoaldera edo beste udalerri batzuetara eramanaz.

Mobilizazioak eta sabotaia

Izan ere, Sena ibaia protagonista da Olinpiar Joko hauetan. Irekiera ekitaldia, inoiz ez bezala, aire librean egingo baita. Honek, derrigor, albo kalteak ekarri ditu eta horregatik, hain zuzen ere, antolakuntzatik zabaldu diren mezuak ez dira sinesgarri izan hiritarrentzako. «Giza-garbiketa» hitza erabili dute Nazio Batuko Erakunde den Utopia 56 ekimenak: «Pariseko kanpamentu guztiak hustutzen ari da polizia, Olinpiar Jokoetarako hiri garbi bat izan nahi dutelako; migrante eta asiloa eskatu duten pertsonez gabe».

«Gure askatasunaren eta borroken zuzia piztu behar da»

Hala, urtean zehar hainbat mobilizazio egin dituzte gertaera hauek gaitzetsi asmoz. Azkena, atzo, ostegunean izan zen, Republika Plazan. Orotara, 12.500 herritar kanporatu dituztela adierazten zuen pankarta bat jarri zuten, «bazterkeriaren Olinpiar Jokoak» direla leloarekin batera.

«Lotsa, lotsa, lotsa» oihukatu zuten antolatzaileek. «Gure askatasunaren eta borroken zuzia piztu behar da», adierazi zuen tinko bertaratu zen herritar batek.

Olinpiar Jokoek ekarri dituzten albo kalte «antisozial eta ekologikoak» salatzeko elkartu ziren eta mobilizazioaren albo banatan palestinarrak eta israeldarrak batu ziren. «Antisemitismoaren» Jokoak direla salatzen dute juduek; Macron Gazako genozidioaren konplize dela oihukatu zuten palestinarrek. Mundua ikusteko bi begirada aurrez aurre, hain zuzen ere.

Estatu frantseseko lehen ministro Emmanuel Macron eta Israelgo presidente Isaac Herzog Parisen elkartu dira. (Ludovic MARIN/AFP)

Antolakuntzaren demagogia ere salatu zuten, horrelako ekitaldi masiboen eraketa birpentsatu egin behar dela ohartaraziz. Batetik, Toyota edo Coca-cola –carbono edo plastikoen kutsatzaile handienak– direlako babesle nagusietako bi eta bestetik, Hiri Olinpikoa eta beste azpiegitura asko Saint-Dennis auzoan eraiki direlako, Parisko auzo txiroetako bat, Joko Olinpikoetako ekitaldiak ikustea konplikatuen duten bizilagunen artean, alegia.

Ilusioa eta zirrara, kezka eta haserrearekin nahasten dira. Estatu frantseseko Abiadura Handiko Trenak, esaterako, eraso bat jasan du Irekiera Ekitaldia baino ordu batzuk lehenago. Ezinegon hau ez da berria, hilabete lehenago, Sena ibaiko uraren kalitatea zela-eta, frantsesen artean #JeChieDansLaSeineLe23Juin mezua zabaltzen hasi zen: «Gu kakatzan sartu ostean, beraien egokitzen zaie gure kaka arten bainatzea».

Uraren kalitate hobetzeko, 1.400 milioi euroko inbertsio egin behar izan da. Uretako saio batzuk bertan egingo dira, erronka hori hartu zuen hiriak, 1923tik Senan bainatzea debekatua egon ostean. Ziurgabetasuna nagusi izan da azken asteetan, irizpide egokiak betetzen ez zituelako –Escherichia coli (E. Coli) bakterian, adibidez– baina azkenean, Anne Hidalgo Parisko alkatea uztailaren 16an bainatu zen, uraren kalitate ona berretsi asmoz.

Argi izpi bat bihartik aurrera

Blindatua dago Paris, halaxe aurkitu du hiria Zeelanda Berritik Europan zehar bidaiatzen ari den gazte batek, hiria libreki bisitatzeko zailtasunak izango dituela adieraziz, ahots etsigarriz. Dena dela, hiritar zein turistak, itxaropentsu dira bihartik aurrera egoera apalduko dela, neurri zorrotz hauek arrazoi nagusia Irekiera Ekitaldia baita.

Turista bat gendarme batekin hitz egiten, hiriburuko eremu mugatuen parean. (Natalia KOLESNIKOVA/AFP)

Zuzi olinpikoak egingo duen ibilbidean zehar 44.000 hesi daude, erdialdeko metro geltoki batzuk itxita egongo dira. Are gehiago, uztailaren 18tik 26ra bitartean –gaur arte, alegia– Parisko eremuen %5a mugatuta dago akreditazio eta QR egiaztagiriarekin.

Orotara, 45.000 polizia eta gendarmek zaintzen dute Senako perimetroa eta beste 10.000 militar ere espero dira. Azken orduan zabaldu da Belgikako poliziak zazpi yihadista susmagarri atxilotu dituela, Olinpiar Jokoen babeserako operazio baten buruan. Apenas dakigu honek zer daukan egitik baina errealitatea da poliziaren presentzia izugarria dela hiriaren segurtasuna «babestu» asmoz. Behin Irekiera ekitaldia egin ostean, apaltzeko itxura hartuko du, Olinpiar Jokoetako ekitaldiak hiriko eremu ezberdinetan egingo baitira, jende andana hedatu egingo da eta hauekin batera, kontrol neurrigabeak.

Militarrak, Sena ibaiaren inguruan. (Joel SAGET/AFP)