Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Getxon gailenduta, Arraun Lagunakek den-dena irabazteko helburu argiarekin jarraitzen du

Donostiarrek Ligako bederatzigarren garaipena ospatu dute larunbat honetan, Getxoko uretan. Bigarren posturako lehia estuagoa egon da: Donostiarrak Oriori irabazi dio, eta Hondarribiak, lehen txandatik, laugarren postua bereganatu du.

Arraun Lagunakek beste garaipen bat erdietsi du, kasu honetan Getxon.
Arraun Lagunakek beste garaipen bat erdietsi du, kasu honetan Getxon. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bederatzigarrena ere eskuratu du Arraun Lagunakek. Getxoko urek ikusi dute oraingoan Andrea Astudilloren kuadrillaren garaipen berria. Orain arte ikusitakoaren antzera, oso nagusi izan dira donostiarrak. Oriok hasieran aurrea hartu badu ere, Euskotren Ligako liderrak ez dio aukerarik utzi eta aurrera pasa da segituan.

Hala, ziabogan zazpi segundoko aldea zuten eta emozioa bigarren posturako lehian egon da, dudarik gabe. Bertan, Donostiarrak eta Oriok lehia bizia mantendu dute azken unera arte. Pentsa, soilik 38 ehuneko aldea egon da bi traineruen artean helmugan. Hauen atzetik sailkatu da Hondarribia, lehen txandako azkarrena, eta berdeek Tolosaldea baino azkarragoak izan dira.

Hondarribia, «apisonadora» moduan

Lehenengo txandan, Hondarribia «apisonadora» bat izan da. Hala deskribatu du bere taldea Iker Cortes berdeen entrenatzaileak Miren Garmendia patroiari aurikularretik. "Ama Guadalupekoa"k lehen luzean lortu du abantaila nahikoa ondoren, bigarren luzean, ahalik eta energia gehiena atera eta ordurarteko denbora onena egiteko.

Hondarribiak oso irteera ona egin du, segundo bateko aldea segituan ateraz Hibaikari. Getxoko estropada eremuan, lehen luzean haizea eta olatuen indarra gehiago sufritu dute ontziek, nahiz eta gustura sentitu diren berdeak bertan. Hala, lehen ziaboga eman aurretik, Iker Cortes entrenatzaileak gehiago estutzeko esan dio Miren Garmendiari, vatio gehiago zutelako, itzulerakoan denak azkarrago etorriko baitziren.

Maniobra ostean, Hibaikak oso ondo eutsi dio Hondarribiari bigarren postuan, maila ona emanda, eta azkenena ia hamar segundoko aldea egon da bi ontzien artean. Atzean, Cabok irabazio dio Tirani galiziarren arteko lehia.

Euskotren Liga - Getxoko XVI. Bandera:

1. Arraun Lagunak 10:37.36
2. Donostiarra 10:52.78
3. Orio 10:53.16
4. Hondarribia 10:57.44
5. Tolosaldea 11:05.68
6. Hibaika 11:06.96
7. Cabo 11:23.76
8. Tiran 11:29.74

Euskotren Liga - Sailkapen nagusia:

1. Arraun Lagunak 72 puntu
2. Orio 54 p.
3. Tolosaldea 52 p.
4. Donostiarra 52 p.
5. Hondarribia 38 p.
6. Hibaika 24 p.
7. Cabo 20 p.
8. Tiran 12 p.