Alaskako ohiko denboraldiak ateak itxi zituela hainbat aste dira. Aurten ere, mendilerro horretako espezialistek jarrera oso aktiboa izan dute, eta horietako batzuk, bederen, egin gabe edo guztiz biribilduta ez zeuden jardueren atzetik ibili dira.
Subaru Takeda, Genya Takenaka eta Toranosuke Nagayamari hori gertatu zaie. Hain zuzen ere, Canmoren (Kanada) bizi den Nagayamak piztu zuen sua; alegia, helburu handi bat burutzeko proposamena egin zien bere bi kideei. Link up edo lotura bat zen xede nagusia: Kahiltna eta Denali (6.190 m) “Cassin” bidetik.
Alpinista japoniar asko bezala, herrialde horretan sona handi duen Giri-Giri Boys taldeak inspiratu zuen. Nagayamak berak NAIZi hori baieztatu dio: «Nik Katsutaka ‘Jumbo’ Yokoyamaren liburu bat erosi nuen. Erosketa konpultsiboa izan zen. Garai haietan ez nuen eskaladarekin harreman esturik, baina argi dut liburu horrek bizitza aldatu zidala. 18 urte nituen, eta unibertsitatera joateko erabaki bat hartu behar nuen. Aipatu dudan liburua erostea izan zen erabakia. Onartu behar dut ez nuela erabat ulertu, baina idazleak zuen pasioarekin harrapatuta geratu nintzen. Horrek beste erabaki bat hartzera eraman ninduen: Jumboren unibertsitatean izena eman nuen. Horretaz gain, Alpine Club-ean apuntatu nintzen. Une jakin horretan nire kideekin egin berri dudan eskalada hasi zen».
Nagayamaren esanetan, Giri-Giri Boys taldeko ordezkarien motibazioak asko lagundu die. Egun, 40-45 urte dituzte, baina energia berezia omen dute: «Tatsuro Yamada eta Yuto Inoue saiatu ziren ertz eder eta luze hori eskalatzen. 2008. urtea zen. Ia lotura osoa poltsikoratu ondoren, Denaliko gailurretik gertu desagertu ziren. Hiru urte beranduago, beste ekinaldi bat egon zen. Tartean Kei Taniguchi eta Yasuhiro Hanamati zeuden. Zoritxarrez, ez zuten arrakastarik izan».
Alpinista japoniarrak link up hori aspalditik zuen buruan, eta gogotsu zegoen bere herrikideek bezala saialdi bat egiteko. Giri-Giri Boys taldekideen inspirazioak jarduera horretara eraman du. Beste modu batera esateko, alpinista horiek amaitzeke utzitako jarduera hori amaitzera joan zen.
Takeda eta Takenaka izan dira Nagayamaren espediziokideak. Bi urte luze eman dute Denaliko irteera hori prestatzen. Espedizioari dagokionez, esan behar da gorabehera eta ezusteko batzuk izan zituela. Takenakak izaniko hipotermia arazoak izan ziren lehenak. Kahiltna Horn-eko gailurra zapaltzeko pronto ziren, baina 150 metro beherago etenaldia egin zuten: «Nahiz eta dendaren zati bat zintzilik zegoen, hala nola altxatzeko gai izan ginen. Genya berotzen saiatu ginen. Lan horretan bost ordu egin genituen, eta bazirudien ‘Giri-Giri’ egoeran zegoela; hots, muturreko egoeran. Azken 150 metro horiek igotzeko bi ordu behar izan genituen».
Bigarren ezustea oso desatsegina izan zen. Japoniarrek eskalatzeko zuten tresneria guztia desagertu zen. Zehazki esanda, lapurtu egin zieten. Nagayamak onartu du kolpe handia izan zela: «Alaskako eskalada oso berezia da guretzat. Hain zuria den mundu horrek asko erakartzen gaitu. Eta horregatik bidaiatu genuen mendilerro horretara. Ni Kanadatik abiatu nintzen Anchoragera; nire bi kideek, berriz, Japoniatik bertatik bidaiatu zuten. Anchoragen bildu ginenean, gure bizkar-zakuak alokatutako apartamentuko atarian utzi genituen».
Handik ordu batzuetara, apartamentura itzuli zirenean, ikusi zuten bizkar-zaku guztiak eta maletak desagertuak zirela. Lur jota geratu ziren. Espedizioa bertan behera uzteko zorian egon ziren. Nagayamak esan duenez, tresneriaren balioa 10.000 eta 20.000 dolar artekoa zen: «Burumakur geunden; etxera itzultzeko prest. Baina Subaruk eskuz idatzitako orri bat itsatsi zuen ohar-taula batean. Baten batek argazkia atera eta Alaska Rock Climbing Facebook-eko kontuan zintzilikatu zuen. Ordu gutxiren buruan, Alaskako biztanleek tresneria utzi ziguten. Erabat harrituta geratu ginen. Eta, jakina, oso, eskertuta».
Mendebaldeko eta ekialdeko Kahiltnako gailurrak igo eta “Cassin” bidetik Denalirekin lotzeko egitasmoak berriro indarra hartu zuen. Oso motibatuta eta sasoiko zeuden. Bazekiten erabateko autonomian egin behar zuten jarduera horrek asko eskatuko ziela.
Pare bat aste egin zituzten girora egokitzen. Une aproposa aukeratu eta link up luze horretan buru-belarri sartu ziren. Nagayamak kontatu du aurreneko hamar egunak oso nahasiak izan zirela: «Eguraldi baldintzak oso zailak ziren. Mendiarenak ere nahiko eskasak: elur eta izotz hauskorra. Genyaren hipotermiak ibilbidea aldatzera behartu gintuen tontorretik gertu ginela. Alabaina, oso pozik gaude esku artean genuen helburu garrantzitsuarekin; hots, Kahiltnako tontorrak eta ‘Cassin’ bidea lotzeko gai izan ginen».
Hunter
Mendi horren (4.442 m) ekialdeko aurpegi erraldoia Alaskako zorrotzenetarikoa da. Hori diote, behinik behin, horma horietan noizbait jardun diren espezialistek. Bada, Rob Smith-ek, Sam Hennessey-k eta Michael Garder-ek hiru eguneko lan gogorraren ondoren “On Way Out” bide zuzen, zail eta arriskutsua (AI6, M6+, R) zabaldu zuten iragan maiatzean. Oro har, diedro sistema bat jarraitu zuten, eta ibilbide berriak arrokazko azkenengo zatian eta ertz osoan bat egiten du 1985eko “Diamond”-ekin. Gardnerrek aipatu du beharbada aldaera bat izan daitekeela: «Hasieran hori ez genuen ikusi, baina garrantzitsuena da garaieran gogor eskalatu genuela eta etxera itzuli ginela».
Zailtasun teknikoei begiratzen badiegu, argi dago estutu zutela. Horrekin batera, badago azpimarratu behar den beste eite bat: arriskua. Gai horren inguruan Gardnerrek berak azalpenak eman ditu: «Konpromisoa erabatekoa izan zen, eta horregatik jarri diogu bide berriari izen hori: irteera bakarra. Glaziar estu batean utzi gintuen abionetak. Zirku hori oso arriskutsua da; serac-en eta elur-jausien mehatxua etengabea zen. Zibilizaziora itzultzeko era samurrena eta seguruena hormatzar tekniko hori eskalatzea zen. Eta, ondoren, iparraldeko kontrahormatik jaistea.
“One Way Out” marrari dagokionez, esan behar da, “Diamond” ertza ez bezala, oso zuzena dela. Helburu hori buruan iltzatuta izan du Gardnerrek hamarkada batez: «Uste dut xede honek alpinismoaren esentzia jasotzen duela. Eskalada tente, gogor eta arriskutsua da».
Elkar ondo ezagutzeaz gain, hirukotea oso indartsua da. Maiz eskalatu dute elkarrekin, eta Alaskan, adibidez, Denaliko “Slovak Direct” bidea (5.9, M6+, MI6, 2.700 m) oso-oso azkar igo dute: 17 ordu eta 10 minutu.
Gardnerrek kontatu du ibilbide berriaren lehen eskalada eguna gogorra izan zela: «Lehen zatiak hiru ordu eskatu zizkigun. Eskuarki, sokaburuak bloke bat eskalatzen du, eta hurrengoak beste bat… Baina marra honen lehen blokeak leher eginda utzi gintuen: buruz eta sasoiz. Lehen egun horretan soilik hiru zati igo genituen».
Lehen bibaka antolatu zuten. Oso deserosoa izateaz gain, hotz handia egin zien. Biharamunean hiru luze gainditu eta hormak duen elurrezko zerrenda batera heldu ziren. Pozik zeuden helburu nagusia atzean utzi zutelako; hots, diedroa.
Elurrezko zati hori arriskutsua izan zen. Sei luze eskalatu ondoren, izotzezko ertzera iritsi ziren: «Lasai asko izan zitekeen bidearen giltza. Basatia eta tentea. Arratsaldeko bostetan irten ginen handik. Ekaitz arriskuagatik korrika eta presaka eskalatzen jarraitu genuen. Zorionez, izotzezko kobazulo bat aurkitu eta gaua han igaro genuen. Eguraldiaren iragarpenak ez ziren batere onak. Ekaitz zuri batean sartu ginen, eta GPSari esker ohartu ginen tontorrean ginela. Eromena izan zen. Lau eguneko leiho on bat iragarri ziguten, eta egun eta erdian desagertu zen».