Lur Barnea folk-rock taldea Euskal Herriko historia kontatzeagatik da ezaguna. Oraingoan, Orreagako Bigarren Guduaren 1200. urteurrenean, Iruñeko Erresumaren hasiera markatu zuen liskar hura oroitu nahi izan du.
V. mendean Erromatar Inperioa erori ondoren, baskoiek beste herri eta inperio batzuen erasoei aurre egin behar izan zietela gogoraraziz hasten da abestia: «Godoak lehenik, Omeiarrak gero hegotik eta frankoak iparretik. Eutsi ta eutsiz borrokan adoretsu».
Izan ere, 778an urte lehenago, Karlomagnoren armadak Iruñea suntsitu zuen, Zaragozan porrot egin ondoren. Horri erantzunez, baskoiek frankoen erretagoardia suntsitu zuten Orreagako lehenengo bataila ikonikoan.
Baina hamarkada batzuk geroago, Pirinioetako tentsioek jarraitu zuten. Iparraldean frankoak zeuden eta hegoaldean Kordobako emirerria (Banu Qasitarrek ordezkatua Nafarroako hegoaldean). Garai hartan, baskoien buru Eneko Aritza zen, musulmanekin akordio bat zuena.
Testuinguru horretan, 824 urtean Ludovico Pio errege frankoak armada bat bidali zuen Nafarroara, Eblo eta Aznar kondeen gidaritzapean, eremu horren gaineko kontrola berreskuratzen saiatzeko. Hasieran gauzak ondo joan zitzaizkien, eta Iruñean sartzea lortu zuten. Baina bere erresumara itzultzean, baskoien armada batek, Banu Qasi-tarren laguntzarekin, frankoei aurre egin zien eta garaipen handia lortu zuen Orreagako Bigarren Guduan.
Guduan Eblo eta Aznar kondeak preso hartu zituzten eta, segidan, baskoi nobleek Eneko Aritza errege goratu eta Iruñeko Erresuma sortu zuten. «Burujabetza berreskuraturik, Iruñeko Erresuma sortzen da. Zortzi mendez euskaldunon babesleku indar arrotzek berriro zatika eta konkistaz menpean hartu gaituzten arte», dio Lur Barneak taldearen kantak.