Jon Ormazabal

Txapelketako buzoa jantzi dute Etxeberria-Mariezkurrenak Ultzamako labean

Zirrikiturik aurkitu ezinean, partidaren lehen erdian hainbestean eutsi dioten Ezkurdia-Albisuk desesperatuta amaitu dute aurkarien defentsa lan sendoaren aurrean eta punturik batu ezinik jarraitzen dute.

Erasoan zein defentsan, bere lagun Joseba Ezkurdia baino zorrotzago aritu da Peio Etxeberria etxean.
Erasoan zein defentsan, bere lagun Joseba Ezkurdia baino zorrotzago aritu da Peio Etxeberria etxean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Faboritoen artean ageri ziren udako Mastersa aurkeztu zutenetik eta lehen bi jardunaldiak pasata, bikote oso sendoa direla berretsi dute Peio Etxeberria eta Jon Mariezkurrenak Larraintzarren eta Altuna-Iztueta eta Laso-Tolosarekin batera sailkapenaren tontorrean dira, Barakaldoko azken orduko estutasunak ahaztuta. Ultzaman bero sapa handia izan den arren, –Ezkurdiak erdi zorabiatuta amaitu du tenperaturaren eraginez– neguko edo txapelketako trajea jantzita aritu dira ultzamarra eta Berriozartarra eta, aurkariei zirrikiturik utzi gabe, partidaren erdira arte hainbestean eutsi dioten Ezkurdia-Albisu desesperatzera heldu dira. Txanpon beraren beste aldea dira sakandarra eta ataundarra, jokatutako bi partidak galduta, Nafarroa Arenarako bidea zailtzen ari baitzaie, nahiz eta erakutsitako maila ez den horren txarra izan.

Partidaren hasieratik, urdinek eraman dute, denborarik gehienean, jokoaren ekimena, hein handi batean Jon Mariezkurrenak atzean izandako nagusitasunagatik. Argi dago berriozartarraren eskuek nahigo dutela beroa neguko hotzak baino eta uda sasoi honetako partida ia denetan bezala, berak erakutsi dio bizkarra Jon Ander Albisu sendo bati. Etxean aritu den Peio Etxeberriak ere zorrotz ekin dio lehiari, aurrean zituen aukerei etekina ateraz eta 6-1 aurreratu dira faboritoak.

Errematerako lanak

Larraintzarrekoa, ordea, ez da erasorako esker oneko pilotalekua, partida asko gogortu da Ezkurdia eta Albisuk partidari eusteko modua topatu dute, gehienbat tantoak luzatuz eta ahalik eta oparirik gutxien eginez. Gehienean defentsan aritu behar izan dute sakandarrak eta goierritarrak, baina erasoan jokatzeko izan dituzten aukera urrietan Peio Etxeberriaren defentsa gogorrarekin egin dute topo. Etxean aritzea ez da beti esker onekoa izaten, baina ultzamarrak gaur maila bikaina erakutsi du, ez agian bere atzelariak bezain distiratsu, baina partidak eskatzen zuena ondo interpretatu eta aurrean gehiegi nahastu gabe. Ostiralean elkarren aurka jokatuak ziren bi lagun nafarrak Ordizian, kasu hartan arbizuarrak atzelari gida jokatuta, eta orduko arantza kendu nahi izan du Zenotzekoak.

Materaialak ere ez du ikuskizuna gehiegi lagundu –pilotariek udako sasoi honetan daramaten kargarekin pilota bizixeagoak behar dituzte– eta partida ikaragarri gogortu da;lehen zortzi tantoak egiteko (6-2) 235 pilotakada gurutzatu behar izan dituzte batzuek eta besteek eta lehen atsedenaldi luzerako ere makina bat lan egin behar izan dute. Era guztietara saiatu bada ere, Joseba Ezkurdiari asko kosta zaio zuloak topatzea eta 6-10ekoan egin du lehen erdi horretako tanto bakarra, ederra oso, behe-behetik zabalera bikain irekita, baina horretarako aurretik pilota alderik alde bikainki mugituz.

Normala izan daitekeen bezala, partidaren bigarren erdia oso bestelakoa izan da, aurkariengan zirrikiturik topatu ezinik, Ezkurdia-Albisu desesperatu egin baitirelako partidari buelta emateko modurik topatu ezinda. Egin dituzten tanto apurrak aurkariek egindako hutsak izan dira, baina inolaz ere ez partidari ihes egiteko moduan. Datuek ederki islatzen dute partidaren bi zatietan egon den aldea, lehen atsedenaldirako 427 pilotakada gurutzatu badituzte (12-7), partida amaieran zenbatutakoak 595 izan dira.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Albisu: 11

Peio Etxeberria-Mariezkurrena: 22

Pilotakadak: 595. Iraupena: 63 minutu.  Markagailua: 0-2, 1-2, 1-6, 4-6, 4-10, 6-10, 6-11, 7-11, 7-14, 8-14, 8-17, 9-17, 9-19, 10-19, 10-21, 11-21, 11-22. Sakeak: 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 1 Ezkurdiak, 2 Albisuk, 9 Etxeberriak eta 5 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 5 Ezkurdiak, 2 Albisuk, 3 Etxeberriak eta 5 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Bero sapa Larraintzargo Ultzama pilotalekuan. Lehen sakea urdin.