Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

K2 mendian txanponaren bi aldeek indarra hartu dute

Benjamin Vedrines frantziarrak krono «eroa» ezarri du munduko bigarren gailur garaienean: 11 ordu. Bitartean, Kazuya Hiraide eta Kenro Nakayamak ezbeharra izan dute mendiaren mendebaldeko aurpegian.

Benjamin Vedrines K2 mendiaren tontorrean; zortzimilako hori igotzeko soilik 11 ordu behar izan ditu.
Benjamin Vedrines K2 mendiaren tontorrean; zortzimilako hori igotzeko soilik 11 ordu behar izan ditu. (Benjamin VEDRINES)

Bizitzak bezala, mendiak ere maiz erakusten ditu txanponaren bi aldeak. K2 edo Chogori mendian (8.611 m) egoera hori bizitzen ari dira. Txanponaren alde adeitsuan azken orduotan izan diren igoerak aipatu behar ditugu. Batzuk-batzuk izan dira, eta horien artean azpimarragarriena Benjamin Vedrinesena izan da.

Duela bi urte Broad Peak mendian (7 ordu eta 28 minutu) egin zuen bezala, alpinista frantziarrak munduko bigarren mendi garaienean abiadura errekor berria ezarri du: 11 ordu! Jarduera ikusgarri hori igandean, hilak 28an, gauerdian hasi zuen kanpaleku nagusi aurreratutik (5.350 m). Eta diogun bezala, hamaika ordu beranduago K2 mendiaren puntu garaienera heldu zen. Gogora dezagun aurreko denbora azkarrena Benoit Chamoux-ena zela. Vedrinesen herrikideak 23 ordu behar izan zituen igoera hori egiteko. Baina beste garai batzuk ziren; hain zuzen ere, 1986. urtean.

One push edo jarrian eginiko jarduera horretan, frantziarrak ez du oxigeno gehigarririk erabili. Ibilbide klasikoan izan da. Aparteko igoera horretan arrakasta izateko, Vedrinesek entrenamendu fisiko zein mental oso zehatzak eta zientifikoak egin ditu. Horien guztien artean arreta eman digun bat da arnasa era egokian hartzeko aurrera eraman zuen planifikazioa. Apnea praktikatzen duen profesional baten ondoan entrenatzen ikusi dugu.

Duela bi urte bezala, K2 mendira oso-oso sasoiko iritsi da. Aurreko ekinaldi horretan ez zuen helburua lortu; bai, ordea atzoko igoeran. Alpinista honek aurreratu du igoeran ez zuela kronoan asko pentsatu: «Banekin erritmo bizian joan behar nuela, baina egokia behar zen hipoxia ez izateko. Duela bi urteko saialdia gaizki atera zen. Ez da mendekua izan; baizik eta mendiarekin adiskidetu naiz».

Protagonista honek onartu du duela bi urteko ekinalditik asko ikasi duela: «Gauza guztiak ondo egin behar nituen, eta orain heldutasun gehiagorekin jardun dut. Adibidez, 8.000 metrotik gora erritmoa asko mantsotu nuen; izan ere, ez nuen beste porrot bat jaso nahi».

Bide batez, esan behar dugu Vedrinesek egoera patxadaz hartu behar izan duela. Eta hori diogu 40 eguneko itxaronaldia egin duelako igoera hori egin aurretik. «Oso nahasia izan da klima. Baina pazientziak emaitza hori ekarri du. Espedizio oso luzea eta gogorra izan da. Zalantzez beterikoa ere».

Istripua

Mendiaren mendebaldeko aurpegi handian zein zorrotzean, berriz, txanponaren alde iluna iritsi da. Ezbehar batena. Hain zuzen ere, Kazuya Hiraide eta Kenro Nakayama japoniarrek izan dute. “Giri-Giri Boys” talde entzutetsuaren ordezkari hauek helburu handia zuten esku artean. Hots, aipatu dugun mendebaldeko horma horretan bide berri bat zabaldu nahi zuten estilo alpinoan.

Baina japoniarren babesleek adierazi dute isuri hori aztertzen ari zirela, erorikoa izan dutela. Informazio oso zehatzak ez daude, baina istripu hori antza denez 7.000 metrora gertatu da. Horren berri izan bezain pronto, helikoptero bat japoniarren bila irten zen. Aurkitu zituen, baina ezin izan zuen lur hartu. Ziur aski erorketarengatik, Hiraide eta Nakayama erabat geldirik omen zeuden. Erremu horretan helikopteroarekin erreskatea zaila denez, oinez egitea aztertzen ari dira.

Gogoratu behar dugu lehen lerroko bi alpinista direla. Hiraidek hiru Urrezko Piolet jaso ditu; horietako bi Nakayama kidearekin eginiko jarduerengatik.