NAIZ

Pau Echaniz eta Miren Lazkano dotore estreinatu dira Parisen, finalerdietara sailkatuz

Miren Lazkano (C1) eta Pau Echaniz (K1) euskal palistak finalerdietara sailkatu dira. Lazkanoren kasuan, bihar jokatuko du finalerdia (15.30ean) eta baita finala ere, sailkatuz gero. Echanizen txanda ostegunean izango da, ordu berean.

Miren Lazkano, kanporaketako jaitsieran.
Miren Lazkano, kanporaketako jaitsieran. (Olivier MORIN | AFP)

Miren Lazkanok eta Pau Echanizek ezin hobeto hasi dute beraien abentura olinpikoa. Biak ala biak, asteazkeneko finalerdietan egongo dira. Lazkanoren kasuan, C1ean, 15. denbora onena egin du eta Echanizek, K1ean, 12. marka onena sinatu du. Hala, dotore estreinatu dira Olinpiar Jokoetan, nerbio eta presio guztiei aurre egiten.

Are eta beraien lehendabiziko jaitsierako denbora hobea izan da. Askotan, batez ere piraguismo slalomean, lehen jaitsieran ibilbidearekin konektatu eta bigarrengoan denborak hobetzea ohikoa izaten da. Dena dela, bietan sartu dira 18 eta 20 denbora onenen artean, hurrenez hurren.

Kanoa modalitatekoak izan dira aurrenekoak Vaires-sur-Marne kanalean jaisten eta Lazkano laugarrena izan da. Nabigazio oso txukuna eginda –11. atea ukitu eta 2 segundoko zigorra izan du orotara–, 109.49 segundoko denbora erregistratu du, bukaeran lehendabiziko 10en artean kokatuz. 

Bigarrengoan gehiago kostatu zaio donostiarrari –lau ate ukituta, zortzi segundoko zigorra jaso du– eta beraz, bukaeran 113.60ko denbora egin du. Zigorrik gabe lehendabiziko jaitsiera hobetuko luke. Dena dela, orotara, bi txandako denbora onenen sailkapen orokorrean 15. bukatu du. Bihar, asteazkena, berriro ere laugarrena izango da irteera lerroan. 15.30etatik aurrera jokatuko du finalerdia eta lehendabiziko 12 palisten artean bukatuz gero, finalera egingo du. 

Gizonezkoen K1ean ere albiste onak ekarri ditu Pau Echanizek, finalerdietara sailkatuz. Lehendabiziko jaitsieran, 9. denbora onena egin du eta bigarrengoan, segundo bat gehiago izan behar duen arren, zazpigarren denbora onena izan da. Orotara, baina, 12. postuan bukatu du.

Bi jaitsieretan, azkenaurreko atea, 22.ena, kateatu zaio. Bietan ukitu eta bi segundoko zigorra jaso du. Meritu handiko debuta izan da Echanizentzat, aipatu legez, bi txandetan lehendabiziko hamarren artean bukatu baitu. Kasu honetan, egun bateko atsedena izango du donostiarrak eta ostegunean lehiatuko da finalerdian, 15.30ean. Lehendabiziko hamabien artean bukatuz gero, finala jokatuko du.