Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Pau Echanizen oldarkortasun eta ausardiak brontzezko saria irabazi dute

Pau Echanizek brontzezko domina irabazi du K1ean, bere estreinako Olinpiar Jokoetan. Finalerdietan jaisten lehena izan da eta benetan langa zaila jarri die arerioei, 88.87 segundokoa. Soilik Giovanni Di Genaro italiarrak eta Titouan Castryck bretoiak gainditu dute, ehunen gutxirengatik.

Pau Echaniz, podiumean, brontzezko dominarekin.
Pau Echaniz, podiumean, brontzezko dominarekin. (Bertrand GUAY | AFP)

«Olinpiar Jokoekin ilusionatuta nago, ez dut emaitza jain bat bilatzen baizik eta lehiatzeko modua; emaitza izan dadila nire nabigazioaren ondorio bat». Modu honetan agertu zen Pau Echaniz Olinpiar Jokoetan debuta egin aurreko prentsaurrekoan. Ongi ikusten zuen bere burua, hala berresten zuen bere inguruak ere, gainontzeko kideak lehiatu eta bere txanda iristear zain zegoela, gogotsu.

Ostegun honetan, Vaires-sur-Marne kanalean handia egin zuen donostiar gazteak, 23 urte bete berritan domina olinpikoa kolkoratuta, bere estreinako Jokoetan. Kanalera egindako jauziarekin erakutsi zuen bere zoriontasun eta satisfazioa. Ausart aritu da Echaniz txapelketa osoan zehar, bere esentziari eusten eta finalean goia jo du, irteera lerroan lehena izan eta langa kasik gaindiezina ezarrita: 88.87 segundo.

Finalerdietan, hogei arerioetako inork lortu ez duen marka ezarri zuen eta bukaerarako, soilik beste bi piraguistek hobetu dute denbora: Giovanni di Genaro italiarrak, urrea kolkoratuz, eta Titouan Castryck bretoiak, zilarrarekin eginez, munduko ranking-ean bigarren eta zazpigarrenak, hurrenez hurren.

«Izugarria da familia eta lagunei sari hau ematea, hor daudelako beti, nirekin disfrutatu eta sufritzen. Nirea bezain beraiena da garaipen hau», azaldu du piraguista donostiarrak.   

Presioa besteen gainean

Pau Echanizen emaitzaren handitasunaz jabetzeko, munduko hamar onenen artean dauden beste lau piraguista utzi ditu atzetik eta ikusi da slalomean, edozein sailkapenek baino, unean uneko aldarteak markatzen duela geroa. Eta lehiatu momentuko presioarekin hazi eta plazagizonaren benetako ezaugarriak dituena da Pau Echaniz, bere aita Xabik kutsatuta. Piraguismoa txikitatik barneratua baitu.

Badaude gero eta presio gehiagorekin hazi egiten direnak, puntu-puntuan jartzen dienak eta atzokoan, Echanizek zerbait erakutsi bazuen, txapeldunek duten jarrera horixe bera da. Finalerdietan gehiago kosta zaio, bai kosta ere, azken postuan sailkatu baita finalera. Ozta ozta lortu du txartel preziatu hori, Olinpiar Joko batzuetan debuta egiten duen batentzat jada sari handia dena. «Jada irabaziko banu bezala jaitsi naiz eta horrek are gehiago disfrutatzea ahalbidetu dit», esan du, brontzezko dominarekin ezin zoriontsuago.

Zaila da irteera lerroan lehena izanda txapelketaren benetako erreferentzia hartzea, arerioen aldartea non egon daitekeen neurtzea. Kontrara, ongi eginez gero, presio guztia arerioen bizkargainera igarotzen da.

Bere begirada serio eta kontzentratuarekin, jaitsiera handi bat imajinatuta... Arin baino arinago hasi zen, nagibazioan garbi, ur korronte katramilatsuak askatzen, paladaz palada, atez ate. 19. atea ukituta, bi segundoko zigorrarekin bukatu du jaitsiera.

Ehuneneko oso gutxi

Sentsazioa zen arerioak ere kontziente zirela dominaren borroka denbora horren bueltan egongo zela eta beraz, arriskatzea besterik ez zegokiela. Irteera lerroan seigarrena zen Di Genarok gainditu zion, 40 ehunenekorengatik eta italiarra garaile ikusi da. Horrek eskaini zuen Echanizen balentriaren traza ze mailatakoa zen, munduko bigarren onenak ozta ozta gainditu baitu donostiarra.

Bidean, Dougoud, Prskavec, eta Oschmautz piraguista iaioak domina gabe geratu dira. Titouan Castryck bretoiak lortu du Di Genaro eta Echanizen tartean jartzea. Nolabaiteko haserre aurpegia jarri zitzaion donostiarrari, finalerdietan abilenak izan ziren biak geratzen baitziren lehiatzeko. Ez Heggek ezta Clarkek ez dute gainditu eta azkenean, denbora luzez arerioen jaitsierak ikusten egotearen sufrimendua askatuta, dzangada eder batekin brontzea ospatu du Echanizek.