Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Beldurrarekin ziria sartzen

Beldurrezko generoa gustuko dugunontzat egun berezia da gaurkoa, izan ere, ‘Longlegs’ filma estreinatzen da. Berriki izango duzue aukera Maika Monroe protagonista duen pelikula honi buruzko kritika irakurtzeko; gaurko zutabea beldurrezko zinemaren inguruan sortzen denari buruzko hausnarketa txiki bat egiteko baliatuko dut.

‘Urteko filmik beldurgarriena’, ‘AEB-tan estreinatu zen eta zorabioak eragin zituen’… Amua heltzeko helburuz, azken urteotan genero honetako ekoizpen bat estreinatzen den bakoitzean, esaldi horiekin bonbardatzen gaituztela ohartuko zinen; ez hori bakarrik, erabiltzen dituzten trailerrak eta irudiak ere ileak puntan jartzeko modukoak izaten dira. Behin filma estreinatu eta ikusten ditugunean, ordea, ziur honakoa pentsatu duzuela: ‘Tira, ez zen hain beldurgarria’.

Harridurarekiko dugun gaitasuna galtzen ari garela diote askok, eta hori dela arrazoi nagusia; ikus-entzunezko edukiak geroz eta gehiago, geroz eta azkarrago kontsumitzen ditugun gizarte honetan, segundoero era guztietako irudi bortitzak irensten ditugulako. Gauza gutxik sortzen dutela harridura gaur egun, eta are gutxiago beldurra, jakina. Baina nire ustez, beste alderdi batek du errurik handiena: marketin kanpaina tranpatiek.

Filmak promozionatzeko erabiltzen dituzten trikimailuak, sarritan, iruzurtiak iruditzen zaizkit. Oso erraza da teaser ilun eta beldurgarri bat sortzea edo kartel deigarriak diseinatzea jendea erakartzeko, baina gero zer?

Goza dezagun beldurrezko pelikulekin, baina aurreiritzirik gabe, arren; ez egin jaramon handirik promozioei eta trailerrei.