NAIZ

Goiriena: «Jada ez dut Gobernu espainolaren deirik espero, eta ez dut nahi»

Oihana Goiriena, Pablo Gonzalezen argazki baten ondoan, Nabarnizen egindako ekitaldi batean.
Oihana Goiriena, Pablo Gonzalezen argazki baten ondoan, Nabarnizen egindako ekitaldi batean. (Monika del Valle | Foku)

Oihana Goirienak, 2022ko otsailetik Polonian behin-behineko espetxealdian zegoen Pablo Gonzalez kazetariaren emazteak, pozaren pozez erantzun ditu ostiral honetan Radio Euskadik egindako galderak. Gonzalezen dei baten zain dago, eta Nabarnizen eta Elantxoben ahalik eta lasterren ospatzeko irrikitan. Baina era berean haserrea agertu du Gobernu espainolaren utzikeria dela eta.

Pablo Gonzalez ostegun honetan askatu eta Errusiara eraman zuten, Errusiaren eta Mendebaldeko zenbait herrialderen arteko kazetari presoen arteko truke baten ondorioz.

Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Goirienak esan du oraindik ezin izan duela bikotekidearekin telefonoz hitz egin, abokatuak esan dionez, azterketa egiten ari baitzaizkio, osasun egoera baloratzeko.

Bai berak eta bai bikotearen seme-alabek albistea jaso zuteneko zoriona nabarmendu ondoren, aitortu du ez dakiela Pablo Gonzalez noiz itzuli ahal izango den Euskal Herria eta pasaportea duen ala ez. Ahalik eta lasterren argitzea espero du.

Horrekin batera, Polonian abiatutako ikerketa artxibatzeko bidean dela baieztatu du. Goirienaren ustez, hala ere, irtenbiderik onena «bere argudioak aurkeztu eta errugabea dela defendatzeko epaiketa bat egitea» litzatekeela aipatu du, espioitzaren akusazioak ez hankarik ez bururik ez duela argi uzteko.

Alde berean, jasotako elkartasuna eta laguntza biziki eskertu du, besteak beste, babes taldeen, euskal erakundeen eta komunikabideen aldetik. Aitzitik, kritikatu du «bi urte eta bost hilabetean» ez duela Espainiako Gobernuaren deirik jaso. «Orain, lasai egon daitezela. Ez dut deirik espero eta ez dut nahi», adierazi du.