NAIZ

Gasteizko Txosnen manifestazioa jai herrikoien defentsan

Gasteizko Txosna Batzordeak deituta, manifestazio batek erdiguneko kaleak zeharkatu ditu jai herrikoien defentsan. Ticket Bai sistemaren aplikazioa salatu dute, eragile sozialak salbuetsita egon beharko liratekeela adieraziz.

Gasteizko Txosna Batzordeak antolatutako manifestazioa.
Gasteizko Txosna Batzordeak antolatutako manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jendetza bildu da Gasteizko erdigunean jai herrikoiak aldarrikatzeko, eta Arabako Aldundiak Txosna Batzordeari ezarritako inposaketa salatzeko. Txosna Batzordeak joan den astean bidalitako ohar batean azaldu zuenez, jai herrikoiak antolatzen dituzten eragileak, duten izaeragatik, Ticket Bai aplikaziotik salbuetsita egon beharko lirateke.

«Gure jarduna irabazi asmorik gabekoa da eta itzulpen soziala du. Jai herrikoiak eta autogestionatuak antolatzen ditugu, parte hartzaileak eta irekiak jendarte guztiarentzako. Hemen ez dago dirua irabazten duen pertsonarik, egiten dugun lan guztia boluntarioa da. Gasteizko herritarrei ekarpena egin nahi diegulako egiten dugu hau, borondatez. Horregatik ez dugu ulertzen, eta ez du inork ulertzen, enpresa pribaturekin parekatzea Ticket Bai exijitzerakoan. Guk auzolana dugu oinarri, ez dirua irabaztea. Jai herrikoiek dugun izaera berezi honengatik uste dugu TicketBaitik salbuetsita geratu behar garela», nabarmendu zuten.

Eta jaiei egiten dieten ekarpen kulturalaren garrantzia goraipatu zuten. Izan ere, «inork ez du imajinatzen txosnagune gabeko jairik. 43 urteko ibilbidea dugu, milaka herritar pasatzen dira bertatik eta ehunka dira antolatzen eta lanean aritzen direnak. Egiten dugun kultur eskaintzak, dozenaka kontzertuak eta eskaintzen dugun espazioak berebiziko garrantzia eta pisua dute Gasteizen».