Joan Gibert eta David Palmada Pelut katalanek sokada bikaina osatzen dute. Argi utzi dute, teknikoki eta sasoiz ondo egoteaz gain, eskalatzaile eraginkorrak direla. Horrela frogatzen ari dira azken urteotan elkarrekin egin dituzten jardueretan: Utah-ko dorreak, Montrebei…
Pelut berriro NAIZekin harremanetan jarri da Gibertekin batera Marokon egin berri duen bidaiaren azalpenak emateko. M'Goun alderdian (Maroko) dagoen Imsfrane izeneko murruaren ipar-mendebaldeko isurian ‘Komando Jaluf’ bidea (A5, 230 m) zabaldu zuten joan den uztailean. Katalanak dio bide tekniko eta zaila dela. Horrez gain, luze guztietan asko borrokatu behar da: «Bide batez esan behar dut balizko eroriko txar batekin kontuz ibili behar dela; izan ere, erreskatea noiz iritsiko den inork ez daki».
Hormatzar horretan sortutako hirugarren ibilbidea da. Duela zazpi urte, lehenbizikoak Christian Ravier frantziarraren sinadura darama. Bigarrena, berriz, iazko abenduan Jesus Ibarzek eta Edu Reciok zabaldu zuten. Eta hirugarrena, eta momentuz azkena, katalanena da.
Bidaiaren eta ibilbide berriaren nondik norakoak jorratu aurretik, Pelutek adierazi digu azken irteera hori berezia izan dela: «Nire bizitzan eskalada zorrotzak eta oso gogorrak egin ditut, eta Marokoko azken honekin sentsazioa dut erabat deskonektatu dudala. Beste era batera esanda, badirudi oporretan egon naizela. Biok ala biok oso gustura egon gara. Katedral horrek aukera ugari ditu… Jakina, ez da horma samurra eta lan handia egin behar da. Horrez gain, asko disfrutatu dugu sortu beri dugun bidearekin eta Marokok transmititzen duen lasaitasunarekin. Marra bikaina da, eta oso teknikoa».
Sarrera hori egin eta gero, Pelutek luze eta zabal hitz egingo digu Gibertekin batera hormatzar ezezagun horretan sortu duten ibilbide berriaren inguruan.
Komando Jaluf
«Joanek urteak zeramatzan Marokoko katedral hori buruan erabat iltzatuta. Behin eta berriz esaten zidan 600 metroko horma horrek ez zuela biderik, edo agian baten bat. Eta konglomeratu horretan heriotza eta suntsiketa aurkituko genituela. Onartu behar dut bero handia izan genuela; ziur aski, infernuan (existitzen bada) baino gehiago.
«Aitortu behar dut ere hasieran ez nengoela oso motibatuta Marokoko murru hori esploratzeko. Izan ere, lan kontuak direla-eta, herrialde horretara asko bidaiatzen dut. Baina gehiegi pentsatu gabe 4x4 ibilgailua hartu eta martxan jarri ginen. Datekin zalantza bakarra genuen, besteak beste, uztailean bero handia egiten duelako Marokon. Baina bioi asko gustatzen zaigu udako eskaladetan kiskaltzea (kar-kar).
«Imsfraneko katedralera heltzeko, 2.000 kilometro egin genituen. Gainera, denbora aurrezteko, non-stop eran. Hots, ia gelditu gabe. Hormara heldu eta lehen sentipena honakoa izan zen: handitasuna, lasaitasuna eta esploratzeko gogo izugarria. Baina egun informazio asko dago, eta esplorazioaren magia ia desagertu da. Christian Ravier frantziarrari informazio eske deitu nion, eta di-da batean bidali zidan. Jesus Ibarzekin ere txateatu nuen.
«Hormatzarraren oinarria esploratu bezain laster, ohartu ginen buruan generaman xedea ezin zela egin. Besteak beste, oso handia delako eta eguraldiaren baldintzak ez zirelako egokiak. Helburu hori baztertu eta tximinia-artesi bat zabaltzen hasi ginen. 40 metro zabaltzeko egun bat egin genuen. Arroka oso-oso ustelduta zegoen! Eta, gainera, tenperatura bero horiekin ez genuen balizko bide horretan arrastaka ibili nahi.
«B planari ekin genion. Horrek askoz gehiago motibatu zigun: konglomeratuan plaka teknikoa. Batzuetan kalitate onekoa eta ia gehienetan oso txarra. Ibilbidea aztertu ondoren, konturatu nintzen goiko aldean eroria zuen sekzio erakargarri bat zegoela. Asko hausnartu eta gero, erronka horretan sartu ginen. Erabaki egokiena izan zen. Itzalean eskalatzeko aukera ematen zigun, eta aurreratu behar dut eguzkitan 44 graduko tenperaturak zeudela.
«Marra berriaren lehen metroetan asko gozatu nuen; konglomeratu horretan nabigatzea ederra izan zen oso: zulotxoak, gakoak, berunak, egurtxoak… Artifizialean aritzeko egoera bikaina.
«Lehenbiziko metroak eskalatu bezain laster, konturatu ginen hormatzar horrek giro izugarria duela. Eguneko luze bat egiten genuen; oro har, hori izan zen geure erritmoa. Aitortu behar dizuet beroa ez zela eramangarria. Joani lekukoa eman nion, eta berak ere asko gozatu zuen. Eguna bukatu eta basoan altxatuta genituen dendetara jaisten ginen. Leher eginda eta izerdituta heltzen ginen. Ohartu ginen ez genuela behar bezala atseden hartzen. Horregatik basoa utzi eta Gîte d’etape batera joan ginen; lo egin eta dutxatzea ezinbestekoak ziren. Zaindariek oso-oso gutxi kobratu ziguten, eta, gainera, aterpea oso baldintza egokietan zegoen.
«Aldaketa horrek motibazioari indarra eman zion. Progresioa oso ona zen, eta noizbehinka bertako turisten animoak jasotzen genituen. Aukeratutako paretak harlauza nabarmen bat du, itxura txarrekoa. Hormaren erdian dago. Konturatu gabe, haren gainean geunden. Hitz bat nagusitu zen: beldurra. Egunek aurrera egin ahala, metro gehiago patrikara eraman genituen, eta eroria duen “heriotzaren” sekziotik gertu ginen.
«Bide berriaren azken fasean geunden. Onartu behar dut kostatu egiten zitzaigula egunero paretan sartzea. Eta normala da; gaueko tenperatura oso atsegina zen eta lo egiteko garaia ez zen heltzen. Gero eta beranduago iristen ginenez, Joanek eta biok erabaki genuen hamaka eramatea. Horrek esan nahi du aterpearen erosotasuna atzean utzi genuela. Bide batez, esan behar dut hamakatik bizi izan genituen ilunabarrak ikusgarriak izan zirela.
«Eroria duen tarte horretan nabigatzea bakarrik geratzen zitzaigun. Gure oinetan zegoen hutsunea ere zirraragarria zen. Une jakin horretan egoera bitxi bat gertatu zitzaigun. Bi luze horiek zabaltzen ari ginen bitartean, haizea altxatu zen. Behetik altxatu ere. Oso beroa zen; bazirudien infernutik sortutakoa zela. Nahiz eta itzalean geunden, haize horrek ia erre egiten zigun. Egoera basatia zen, baina bagenekien uztailean geundela.
«Bidearen giltza gainditu eta azken-aurreko bilera antolatu genuen; hain justu, gailurretik gertu dagoen mutur txiki batean. Gure oinen azpian zegoen giroa apartekoa zen.
«Azken luzean sokaburu joan nintzen, eta pena handia hartu nuen termometro laserra ez eramateagatik. Arrokaren tenperatura hartu nahi nuen, eta hori diot konglomeratu horren heldulekuak ezin nituelako ukitu. Une horretan eguzkiak jotzen zuen. Egoera berezia izan zen; izan ere, azken metro horiek ia belauniko eskalatu nituelako.
«Zorionez, itzala ematen zuen ipuru batera heldu nintzen. Gutxira, Joanekin ospatu nuen ‘Komando Jaluf’-en sorrera. Izen hori jarri diogu bi txerritxoren irudia genuelako: zikin, izerdituta eta usain txarrez. Baina, zorionez, paradisua aurkitu genuen. Deskonexio totala izan da xarma ederra duen alderdi batean. Ziur gaude itzuliko garela, esploratzeko leku aparta baita».