Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Itsasadarraren protagonismoa nabarmendu dute Bilboko Konpartsek aurtengo programazioan

Abuztuaren 17a eta 25a bitartean, 600 ekitalditik gora antolatu ditu Bilboko Konpartsen federazioak, Jai Batzorde Mistoak antolatutakoez gain. Adin guztietarako ekintzak izango dira eta itsasadarraren protagonismoa nabarmenduko da.

Bilboko konpartsen programazioaren aurkezpena.
Bilboko konpartsen programazioaren aurkezpena. (Asier ROBLES)

Jai herrikoi, anitz, doako eta parte-hartzaileak prestatzen hainbat hilabete eman ondoren, Bilboko Konpartsak federazioak aurtengo Aste Nagusiko programazioa aurkeztu du astelehen honetan Arriagako plazan egindako agerraldi batean. Abuztuaren 17a eta 25a bitartean, 600 ekitalditik gora antolatu ditu, Jai Batzorde Mistoak antolatutakoez gain.

Haizea Larrosa eta Arrate Azaceta bozeramaileek azaldu dutenez, haurrentzako ekintzak eta itsasadarraren protagonismoa nabarmenduko dira aurtengo programazioan. «Itsasadarrera egingo dugu salto aurten Bilboko Konpartsok, egunez egindako jarduerak eta, batez ere, kirol lehiaketa ugari izango dituen Aste Nagusiko programazioan. Berriro ere ahalegindu gara inguruko kulturgile eta kirol eragileekin harremanetan sakonduta, elkarlanaren bidetik gure programaziora ekarpen irudimentsuak eta askotarikoak gehitzen».

Waterpolo, piraguak, bloodbowl, goitibera, igel-toka, open magic, xakea, mus, saskibaloia 3x3, skat... Egunez eta gauez, adin guztietarako ekintzak izango dira.

Egunez izango diren eta musikaz gain (dantza plaza, fanfarreak..), gauez ere, ekitaldi ugari izango dira, tartean hainbat euskal talderen kontzertuak: Ithaka, Ama Say, Bulego, La Furia, Amooma, Etxekalte, Dupla, The Cherry Boppers, Garilak 26, Leihotikan, Afrika, Mice, Txapelpunk, Euskatalites eta beste asko.

Horretaz gain, Pasapotea bultzatuko dute aurten konpartsek, pasapoteen tirada bikoiztuz, «jendeak txosna guztiak ezagutzea bultzatzeko». Txosnak asteazkenean hasiko dira muntatzen, eta orduan emango dituzte muntatze-lan horien inguruko datu gehiago.

Programazio honen berri emateko, aurten 15.000 liburuxka atera dituzte, eta ekitaldi guztien gaineko informazioa, kartelak eta izen-emateak bilbokokonpartsak.eus webgunean aurkitzen dira. Liburuxka bera ere bertatik jaitsi daiteke PDF formatuan. Gainera, aurten, berriro sakelakoetarako APP bat osatu dute, programazioaren eta jakingarri interesgarrienen berri emateko. Iaz bezala, webAPP bat izango da.

«Espero dugu ekintzok bilbotar eta bisitari denon gustukoak izatea eta, batez ere, denon parte-hartze gogotsua beti ere, alaitasunez eta elkarrenganako errespetuz. Izan ere, aurreko urteotako bideari jarraiki, Bilboko Konpartsok ez dugu inolako erasorik onartuko, oso adi eta erantzuteko prest egongo gara», adierazi dute.

Era berean, urtero bezala, larunbatean txupin garbia izan dadin dei egin dute, «denok jaiez eta Arriaga aurrean txupinaz gozatzeko eskubidea dugulako, baita mugikortasun-zailtasunak dituztenak ere».