NAIZ

Ur eta barne korapiloa ezin askatuta, Parisek txalo artean agurtu du Maialen Chourraut

Maialen Chourrautek ez du lortu finalerdietarako txartela, kayak krosseko bigarren txandan azken postuan helmugaratuta. Rikarda Funk-ekin izandako borrokak oztopatu dio ibilbidea. Antolakuntzatik lasartearraren ibilbidea goraipatu nahi izan dute.

Maialen Chourraut, kayak kroseko jaitsieran.
Maialen Chourraut, kayak kroseko jaitsieran. (Olivier MORIN | AFP)

Hunkituta, buru-makur, goibel agertu da Maialen Chourraut kayak kroseko final laurdenak lehiatu ostean. Ez du lortu finalerdietarako txartela –diploma bat ziurtatuko lukeena–, hasi eta berehala atzean geratu baita. Aipatu du laugarren kale horretatik ateratzeak asko zailtzen duela lasterketa eta saiatu dela aurrera egiten, Rikarda Funk kanporatzen, «baina azkenean ni ere kanpoan geratu naiz».

Hitz gogorrak ere eduki ditu bere buruarentzat, ez duelako nahi zuen maila eman Parisko Olinpiar Jokoetan, bere bosgarren zita olinpikoan. K1 modalitateko akatsa ekarri du gogora, momentuan «miseria bat» sentitu zela eta horren ondorioz egun konplikatuak igaro dituela zehazteko. Nolanahi ere, gaurkoan bere burua zigortzeko arrazoirik ez duela onartu zuen, kaya kros modalitatean beste ezaugarri batzuk gailentzen baitira. Gainera, «laukote izugarriarekin lehiatu dut», esan du.

Hain zuzen ere, Noemi Fox australiarra, Luuka Jones zeelanda berritarra eta Rikarda Funk alemaniarra izan ditu aurrean, «asko apreziatzen» dituen arerioak. Aprezio edo miresmen hori aldebikoa da, Maialen Chourraut asko eman baitio piraguismo eslalomari. Gainera, lasartearrak berak onartzen du emaitzez harago doala bere ekarpena.

Horren adierazle nagusia izan da Chourrauten jaitsiera bukatuta eta finalerdietatik kanpo gratzen zela ziurtatuta, bozgorailuetatik txalo zaparrada eskatu dutela, «bost Joko Olinpikotan lehiatu, hiru domina irabazi eta bere azken hitzordu olinpikoa izan daitekeen egun honetan».

Chourraut ez omen da horretaz ohartu baina NAIZi azaldu dionez, jakitun da «eslalomaren afizioa, eslalomaren familia nirekin dudala, asko apreziatzen nautela, egunero erakusten didate, beraien pena helarazi didate baita ere gaizki egin dudan momentutan. Sekulako familiaren parte naiz, oso harro nago guztietaz eta, nolabait, tratu hori itzuli egin didate».

Eta orain zer?

Emozio eta presio askorekin bizi izan du hitzordu olinpikoa Maialen Chourrautek. K1ean finalera sailkatu zen baina akats batek kondenatu egin zuen; bi egunera, ordea, poza iritsi zitzaion, Pau Echanizen eskutik, brontzezko dominarekin egin zenean –«ezin duzue imajinatu ere egin bolako zaila den egin zuena egitea– eta kayak krosean zerotik hasteko saiakera egin badu ere, «ez dira amestutako Olinpiar Jokoak izan».

Nolanahi ere, «pribilegiatua» sentitzen dela nabarmendu nahi izan du eta modu horretan, jaso duen babesa eskertzeko tartea ere hartu du.

Emozioak pil pilean izan ditu lasartearrak eta bere alabarekin gogoratzean ezin izan die malkoei eutsi: «Beti animatzen nau, izugarria da berak egin duen guztia ni hemen egon ahal izateko; nire inguruko guztiek dakite zenbat lagundu nauen».

Une honetan «zulo batean» aurkitzen dela-eta, egin duen ibilbide ikusgarria izan behar du helduleku argia ikusten hasteko. Zentzu horretan, ez du bere etorkizunaren berririk eman nahi izan, «hausnarketa» soilik berea izango dela tinko nabarmenduta: «Orain zer galdetzen ari zait jendea eta lehendabiziko erantzuna da lasaitasuna behar dudala. «Orain zer egingo dudanaren erantzunak zuri ez dizu bizitza aldatuko baina niri bai eta hori niretzako gorde behar dut, hausnarketa hori niretzako gorde behar dut. Orain zer... azken finean morbo puntu bat dauka baina niri dena aldatu diezaket».  

Harrera Donostian

Hiru domina olinpikoren jabearen (brontzea, urrea eta zilarra) hurrengo geltokia Donostian egongo da, Atletico San Sebastian klubak hiru piraguistei egingo dien harreran. Pau Echaniz izango da protagonista handia, Parisen brontzezko domina kolkoratu baitu. Bihar, asteartea, 20.00etan, jarri dute hitzordua, Kontxako hondartzan.