Kazetaria / Periodista

Yazidien genozidioa: hamar urtera, zauriak itxi ezinik

Hamar urte dira gaur Estatu Islamikoa izeneko talde jihadistak yazidi genozidioari ekin zionetik Sinjar mendian, Irakeko eta Siriako Kurdistanen mugaldean. Bost mila lagun hil zituzten, eta beste milaka emakume esklabo gisa hartu. Hamarkada bat igarota, hiru mila inguru desagertuta daude oraindik.

Yazidien jantzi tradizionalekin, Melek Taus aingerua ordezkatzen duen pauma eusten, Bacine herrian.
Yazidien jantzi tradizionalekin, Melek Taus aingerua ordezkatzen duen pauma eusten, Bacine herrian. (Mehmet MASUM SUER | EUROPA PRESS)

Igandea zen 2014ko abuztuaren 3a. Sinjar mendiaren inguruko herrietan oso uda beroa zen, urtero legez. Irakeko armadak hilabete lehenago alde egin zuen Siriarekin muga egiten duen eskualde menditsutik, Estatu Islamikoa izeneko erakundeak Mosul hiria eta beste hainbat lurralde hartu eta Kalifa herria aldarrikatu zuenetik.

Kurdistango Gobernuaren pexmergak -Barzani klanaren KDP alderdiko milaka kide, zehazki - iritsi ziren orduan Sinjarrera (Shingal, kurdueraz), ustez herritarrak babestera. Baina abuztu hasierako goiz hartan, borrokalari armatu haiek ihesi joan zirela ikusi zuten, izuak hartuta; munstroa etxe barruan zuten, Sinjarreko herrietan, doi-doi etxeak defendatzerik ez zeukaten yazidiak hiltzeko prest».

Yazidiena kurdueraz egiten duen talde bat da, zehazki, kurduen jatorriko zoroastrismo-sinesmenetatik gertu dagoena. Mendeetan judutasunaren, kristautasunaren eta islamaren eragina izan du yazidismoan, baina suak, urak eta landareek esanahi berezia daukaten sinesmenari eutsi diote. Zenbait animalia ere gurtzen dituzte: Lalesheko tenpluaren atarian sugea ageri da; pauma da, baina, yazidien sinesmenaren sinbolo, bere luma koloretsuekin.

Melek Taus aingeruaren ordezkapena da pauma, gizakien eta Jainkoaren arteko lotura gisa ikusten dute yazidiek, eta ukatu egiten dute infernurik denik. Baina inguruko erlijioek Melek Taus aingeru erori edo, are, deabru gisa ikusi dute, eta haren jarraitzaileei jazarri zaizkie historikoki. Azken aldia duela hamar urte izan zen, hain zuzen ere, baina yazidien zenbaketaren arabera, 74. firman edo genozidioa zen.

Haren aurretik, esaterako, Irakeko gerraostean egondako atentatu bortitzenaren biktima ere izan ziren 2007an; bonba-kamioi batek 800 lagun hil zituen.

«Gure fedearen oinarria, ontzat jotzen dugun guztia azaltzeko daukagun kontakizuna, gure aurkako genozidioa justifikatzeko erabiltzen dute beste batzuek». Nadia Muraden hitzak dira, “Azken neska” liburuan. Gaur egun munduko yezidirik ezagunena da, ziur aski, 2018an Bakearen Nobel saria eman ziotenetik. Denis Mukwege kongoar ginekologoarekin batera jaso zuen aitortza, «gerra-arma bezala sexu-indarkeriaren erabilera amaitzeko egindako ahaleginengatik».

Esklabotzan hartu

Nadia Muraden sei neba eta ama hil zituzten jihadistek Sinjarreko Kotxo herria hartu zutenean, beste 600 gizonekin eta esklabo saltzeko zaharregitzat jo zituzten 80 emakumerekin batera. Muradek 21 urte zituen orduan. Mosulera eraman zuten, beste ahizpa eta lehengusinekin, han bertan edo Facebook bidez salmetan emateko. Lau hilabetez bortxatu zuten, «nire gorputza, nire gogoa, betetzen eta erabiltzen zuten gizakiak ziruditen, baina gizaki ez ziren pertsona haiek». Amesgaiztoaren barnean, beste batzuk baino zorionekoagoa izan zen, lau hilabetera ihes egitea lortu zuelako. Ordutik, behin eta berriz kontatu eta salatu du gertatu zitzaiona eta beste milaka neskato eta emakumeri gertatu eta gertatzen zaiena.

Katreen bere iloba, esaterako, sexu-esklabo gisa izan zuen ISISekin bat egin zuen Aslam Taha Ubaidi medikuak. «Bost aldiz saiatu zen ihes egiten, eta bost aldiz itzularazi zuten jihadistarengana Hawijako familiek. 2016an azkenean lortu zuen ihesi joatea, Almas izeneko bederatzi urteko haur batekin batera. Ihesi zihoazela min bat lehertu eta hil egin ziren». Hurrengo urtean, Nisreen iloba Mosulgo batailan hil zen. Hiru urte zeramatzan jihadisten mende. Katreen eta Aslamen gorpuak iaz berreskuratu zituzten.

Nadia bezala, Kotxokoa da egun 27 urte dituen Hadiya ere. «Ezin izan genuen ihes egin, ama oso gaixo zegoelako. Kotxo herriko eskolara eraman gintuzten, eta 13 urtetik gorako mutilak eta gizonak gugandik bereizi zituzten, begiak estalita. Handik gutxira, tiroak entzun genituen. Negarrez ari ginen, amak gu lasaitzen saiatzen ziren».

Beranduago, 40 urtetik gorako emakumeak ere eraman zituzten, «ume askok ikusi zituzten haien aurrean hiltzen amak».

Hadiya Siriara eraman zuten jihadistek, Raqqan zeukaten hiriburura. «ISISeko kide batek bere etxera eraman ninduen. Luzaroan izan ninduen eskuetatik lotuta. Jo egiten ninduen, ez zidan jaten ematen. Min handia egin zidan».

Yazidiek haien zerbitzura egon behar zutela esan zioten, «itzultzen banintzen yazidek hil egingo nindutela esan zidaten, jihadistekin egoteagatik». Etengabeko beldurrean bizi arren, bizirik irtetea lortu zuen, eta bere komunitatera itzultzea. «Esaten dutenaren kontra, errespetatzen naute, nire familia harro dago».

Yazidiek ere ordura arteko lege kontserbadoreetako batzuk berritu behar izan dituzte, bortxatutako emakumeak komunitatera itzul daitezen. Bortxaketaren ondorioz jaio diren haurrak ezin dituzte ekarri, ordea, mutilak baldin badira.

Yazidien genozidioaren zortzigarren urteurrena gogoratzeko 2022ko abuztuaren 2an Irakeko Lalish tenpluan egindako agerraldia. (DPA / EUROPA PRESS)

44 urteko Naseema Neimat-ek Christina Lamb kazetariari kontatu dionez, 14 eta 15 urteko alabekin eta 3 eta 13 urteko semeekin atzeman zuten. Mutiko nagusia Korana ikasten jarri zuten, arabieraz ez zekienez, odoletan hasi arte jotzen zuten zigorrarekin. Gero, armekin trebatzera eraman zuten. Naseema bera, berriz, hiru aldiz saldu zuten hurrengo urtean. «Raqqa-ko azoka batera eraman ninduten, han ardiak bezala saltzen zituzten yazidiak, adin guztietako 250 emakume eta neskato». Etengabe bortxatzen zutela, ezin zuen burutik kendu gauza bera gertatzen ari zitzaiela bi alabei ere. Haietako bat, eta seme nagusia, desagertuta daude oraindik. Hamarkada bat geroago, zortzi pertsona baino ez dituzte auzipetu. «Medikuak, irakasleak, ingeniariak, familiak zituzten pertsonak ziren Estatu Islamikoa, mundu osoko milaka pertsona erakartzeko gai izan ziren, Iraken eta Sirian. Eta oso harro zeuden beren krimenez».

Iaz, Frantziako Lafarge zementu-enpresa auzitara eraman zuten, Sirian enpresa batengatik ISISi milioika dolar ordaindu zizkiolako. Baina 2014ko genozidioa auzitara eramango duen nazioarteko auzitegi bat eratzeko yazidien eskaerari entzungor egin dio munduak.

Erantzuleak

«Hamar urte joan dira genozidiotik, hamar urte aitortzaren zain, etxera itzultzeko zain», dio Amal Clooney abokatu ezagunak. «Ezer konpondu ez, eta albisteetatik ere desagertu gara», salatzen du Hewan Omen Free Yazidi Foundation-eko buruak. «Munduak Gaza eta Ukraina ditu gogoan, hau ahaztuta. Baina genozidio bat gertatu zen, eta justizia behar dugu».

Genozidioaren erantzule guztiak ez ziren urrundik iritsi, ordea. Yazidi askorentzat mingarriena da auzo-herri arabiar sunitak izan zirela sarritan salatariak. Nadia Muradek gogora dakarrenez, «laster jakin genuen gure arabiar auzoetako askok ongietorria egin zietela, jihadistekin bat egin zutela errepideetako blokeoetan yazidiek ihes egin ez zezaten. Gero, terroristekin batera arpilatu zituzten yazidi herriak».

Auzoen traizioa bezain mingarria izan zitzaien pexmerga kurduen saldukeria. Egoera gaiztotu ahala, yazidiek berariaz armak eskatu zizkieten herriak defendatzeko eta yazidi-unitate bat prestatzeko.

«Esan ziguten babestuko gintuztela, baina ez ziguten geure burua defendatzen ere utzi», dio Berfin Hezil yazidi kazetariak. Aurten, Washingtongo auzitegi batean salaketa jarri du Kurdistango Biktimen Funtsak Massoud Barzanik Hego Kurdistango presidente ohi eta KDP alderdiko buruaren aurka, beste zenbait alderdikiderekin batera genozidioaren erantzule delakoan.

Gerrillariak

Pexmergak ihesi joan eta jihadistek genozidioari ekin eta gutxira, ordura arteko pertzepzioa irauli zuen gertaera izan zen. Estatu Batuek armatu eta finantzatutako borrokalariek Sinjar uzten zuten bitartean, herrialde horrek eta mendebaldeak «terroristatzat» jotzen dituzten PKK gerrillarekin lotutako militanteak iritsi ziren Siriako Kurdistandik. YPG Herriko Defentsa Taldeek eta YPJ Emakumeen Defentsa Taldeek korridore humanitarioa irekitzea lortu zuten jihadistek konkistatu berri zuten eremuaren erdian.

Gerrillari kurduek irekitako zirrikitu horretatik lortu zuten salbatzea ihesi joan ziren yazidiek. Milak Sinjar mendira joan ziren; uda erdian urik eta janaririk gabe setiatuta zeuden. Gerrillarien ekinak airez izan zuen erantzuna, Barack Obamak erreskaterako operazioa abiarazi baitzuen. Eta hala, lehen aldiz, AEBetako armadak eta terroristatzat jotzen zituzten gerrillari kurduak elkarlanean jardun zuten. Ekimen humanitario puntuala zirudiena harreman luzeago baten abiapuntu izan zen: hurrengo hilabetean Kobani inguratu zuten jihadistek. Lau hilabeteko setio hura milaka gerrillariren sakrifizioarekin apurtu zuten, baina baita AEBetako aire-erasoei esker ere.

«Mendian harrapatuta geratu ziren yazidiak salbatu ostean, PKKko kideak heroi bihurtu ziren Sinjarren, eta pexmergen lekua hartu zuten, herritarren imajinarioan yazidien babesle gisa», dio Nadia Muradek. Eskualdea 2015eko azaroan askatu zutenean, jihadistekin bat egin zuten arabiar herri haietako biztanleak izan ziren ihesi joan zirenak.

Ordutik erdi hutsik egon da Sinjar, etxera itzultzeko ere berreraikuntza-lanak oso astiro zihoazelako. Urtarrilean, Irakeko gobernuak barne-desplazatuen kanpamenduak ixteko asmoa agertu zuen; horren arabera, 155 mila yazidi Sinjarrera itzuli beharko lirateke. Baina denetik falta da oraindik. «Genozidioaz geroztik, yazidi biztanleen ia %25ek emigratu dute. Herri historikoak mamu-bihurtu dira, oraindik ireki eta lurpetik atera gabeko hobi komunez inguratuta. Oinarrizko azpiegituren eta zerbitzuen gabezia kronikoa dago», salatzen dute yazidi buruzagiek.

Sinjarren hobi komun batean aurkitutako 41 yazidien gorpuak Bagdadeko martirien monumentura eraman zituzten pasa den urtarrilaren 22an. (Ameer AL-MOHAMMEDAWI-DPA / EUROPA PRESS)

Pexmergek ez bezala, gerrillari kurduek ontzat eman zuten yazidiek euren burua antolatu eta defendatzea, eta hala sortu ziren YBS Sinjarreko Erresistentzia Taldeak.

Horren aitzakian, baina, Turkiako Gobernuak behin baino gehiagotan bonbardatu du azken urteotan Sinjar. Drone bidezko hilketek are arriskutsuago bihurtu dute etxera itzultzea eta normaltasuna berreskuratzea.

Gero eta gehiago dira duela hamar urteko sarraskia genozidio gisa izendatzen duten herrialdeak eta nazioarteko erakundeak, NBEtik hasita.

Alemania izan zen ihesi iritsi ziren yazidiei harrera egin zien herrialdeetako bat. Gerora, baina, Alemanian bizi ziren milaka yazidiren asilo eskaerei ezetz esan zien, eta Irakera deportatu ere egin dituzte zenbait errefuxiatu azken hilabeteotan.