NAIZ

Aldundiko ikurriña haga erdian jarri dute Peronaren omenez, Orion azken agurra eman aurretik

Gipuzkoako Aldundiko ikurriña haga erdian dago ostegun honetan, pasa den asteartean hildako Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuarekin doluminez. Ostiral arratsaldean egingo diote azken agurra bere jaioterrian, Orion.

Azken agur sentikorra Jokin Perona Gipuzkoako diputatuari.
Azken agur sentikorra Jokin Perona Gipuzkoako diputatuari. (Unanue | Europa Press)

Ikurriña haga erdian jarri dute ostegun honetan Gipuzkoako Aldundian, dolu gisa, joan den asteartean Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatua hil baitzen bizikletan zihoala izandako istripu batean. Ostiral arratsaldean izango da azken agurra Orioko San Nikolas de Bari parrokian, 18.00etan.

Astearte gauean hil zen Perona, Ogasun diputatua. Bizikletaz zebilen Zamorako Peleas de Abajo herrian, auto batek harrapatu zuen eta hil egin zen. 21.15ean gertatu zen istripua, Peronarekin zihoan semea ere jo zuen autoak, baina mutikoa ondo dagoela jakinarazi zuten.

Aldundiaren kanpoko ikurrinaren haga erdira jaisteaz gain, barneko Gobernu Kontseiluaren Aretoko ikurriña nagusiak xingola beltz bat jarri da.

Lakuako eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak Perona diputatuaren gorpuzkiak dauden Donostiako Errekaldeko beilatokian jarritako hil-kaperan izan dira. Lakuaren izenean 10.00etan iritsi dira Maria Ubarretxena bozeramailea eta Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza kontseilaria. Gipuzkoako diputatu eta diputatu ohiak ere bertan izan dira, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia buru zutelarik. Markel Olano diputatu ohia ere bertan izan da.

Peronaren gorpuzkiak asteazken gauean ekarri dituzte Zamoratik, eta hileta elizkizuna ostiral arratsaldean izango da bere jaioterrian, Orion, arratsaldeko 18.00etan.