Asteartean eta astezkenean Gasteizko jaietan jasandako sexu-erasoak salatu dituzte bi emakumek, eta ostegun iluntze honetan Mugimendu Feministak babesa adierazi eta erasoak gaitzesteko elkarretaratzea egin du Txosnagunean. Udalak, bestalde, kasu horiei dagokien protokoloa aktibatu eta ostiralean 11.00etan egingo du elkarretaratzea Plaza Berrian.
Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, azken egunetan bi emakumek sexu-erasoak salatu dituzte, momentuz, ez dago atxiloturik gertakari horiekin lotuta, baina Ertzaintzak jakinarazi du bi kasuak ikertzen ari dela.
Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak bi gizon atxilotu zituen asteazken honetan. 24 urteko gazte bat adingabe bati ukituak egiteagatik Andra Mari Zuriaren plazan, eta 33 urteko beste gizon bat bere bikotea kolpatzeagatik.
Gasteizko Udalak ohar batean adierazi du «gogor gaitzetsi eta arbuiatzen» dituela jazotako sexu-erasoak, eta beraien esku dauden «baliabide psikologikoak, juridikoak, osasun arlokoak, babesta ematekoak eta harrerakoak» emakumeen esku jarri dituztela gaineratu du. ‘Indarkeria Matxistari Erantzuteko Gasteizko Udaleko Protokoloa’ abian jarri duela ohartarazi du eta Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioarekin bat egiten duela gehitu.
Bere adierazpenean, Udalak azpimarratu du «indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria eta lehen mailako arazo soziala» dela, eta konpromisoa hartu du «bere eskumenen egikaritzan laguntzen eta lan egiten jarraitzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko».
Bere aldetik, Neskak eta Blusak ere ostegun honetako beraien kalejiran izandako sexu-erasoak salatu dituzte. Jaiak hasi aurretik aurkeztu zuten beren protokoloa, «matxismoaren aurrean indartsuak gara, asko gara, eta aliatuak gara. Ez gara subjektu pasiboak, edozein eraso matxistari erantzungo diogu», jakinarazi zuten.