Osatuko gabeko puzzle baten itxura hartu du Atarrabiako udal pilotalekuan dagoen armarriak. Izan ere Nafarroa bakarrik geratu da, gainontzeko herrialdeen armarriak leudeken lekuetan hutsunea utziz. Bestalde, armarriaren behekaldean, Euskal Herria zihoen, lekuan ‘Euskal pilota’ jartzen du egun. Nafarroako Auzitegi Nagusiak ezarritako debekuari aurre egiteko irudimena baliatu dute atarrabiarrek.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Zuberoa dira ‘Zazpiak bat’ armarria osatzeko egungo irudian falta diren armarriak. Hutsune bat dago horien ordez, horrela, ezarritako debekua ikusarazi dute batetik, eta bestetik, etorkizunean berriro ere betetzeko aukerari bide ematen diote.
2022an jaso zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiaren lehen abisua Udalak, UPNk jarritako salaketa baten ondoren armarria ezabatzeko agindua eman baitzuten. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren eskuetara iritsi zen gaia, eta urte honetako martxoan ebatzi zuen auzitegiak: armarria ezabatzeko agindua.
«Botere publikoei eska dakiekeen neutraltasun politikoaren betebeharra urratzea dakarren jarrera politiko jakin baten aldeko posizionamendu gisa agertzea», horixe izan zen Auzitegiak emandako azalpena. Epaia jakin berritan NAIZ irratian izan zen Mikel Oteiza Atarrabiako alkatea, eta berak, gogoratu zuen armarria ez dela «adierazpen politiko bat, euskal nortasunaren adierazpen kulturala baizik».
Duela 12 urte ezarri zuten pilotalekuan armarria, helburu argi batekin Oteizaren arabera: «Ez genuen posizio politiko bat bilatzen, baizik eta adierazpen kultural bat. Euskal pilota, gure herriaren usadio eta tradizioekin bat egiten duen sinbolo bat jartzen genuen». Armarria jarri eta 10 urtera iritsi zen UPNren salaketa.