Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Elkarrizketa
Begoña Lazcano
Piraguista

«Ez nuen nire estropadarik onena egin; badakit finalerdietan hobeto egin dezakedala»

Begoña Lazcano (Pasaia, 1992) Olinpiar Jokoetako azken astean sartu da lehian, 500 metroko K1ean. Rio 2016 eta Tokio 2020 Jokoetatik at geratu zen, taldeko ontziekin saiakera eginda. Hirugarrenean lortu du, banaka, eta finalerdietara sailkatu da. Bihar lehiatuko da (11.00etan izango da bere txanda).

Begoña Lazcano, piraguista.
Begoña Lazcano, piraguista. (BASQUE TEAM FUNDAZIOA)

«Disfrutatzea garrantzitsua da, lehendabiziko egunean ahaztu egin nintzen, urduritasun asko nabari nuelako baina jada kontziente naiz. Lasaiago nago eta ikusi behar dut disfrutatzeko momentu bat bezala», dio Begoña Lazcanok, NAIZekin Parisen izandako solasaldian. Donostia kayak taldeko piraguista da, bai eta Basque Team fundazioko bekaduna ere, baina urteak daramatza Euskal Herritik kanpo, bere ametsaren bila: Olinpiar Jokoetara sailkatzea.

Maiatzean lortu zuen txartela, une oso gozoan iritsi zen hitzordu handira, bere azken aukerara. Asteazkenean egin zuen debut olinpikoa eta finalerdietara sailkatu da. Lehen bi estropadetan ez zituen bere sentsaziorik onenak izan baina alde horretatik lasai dago, badakielako gehiago eman dezakeela. 

Finalerdietara sailkatzea ezustekoa izan da edo bilatutako helburua?

Bilatutako helburua izan da. Hemen gutxinaka joan behar zara, urratsez urrats, estropadaz estropada. Maila oso altua da. Finalerdietara iristea lortu dugu. Lehendabiziko egunean ez nituen sentsazio oso onak eduki, tentsioa nabaritzen nuen, baina egunek aurrera egin ahala, lasaiago nago eta dena emateko prest.

Askotan esaten da Olinpiar Jokoetara iristea zaila izaten dela. Zuk ondo dakizu, Rio eta Tokiotik kanpo geratu zinelako. Aurten lortu duzu. Nolakoa izan da bidea?

Oso bide gogorra eta luzea da, polita era berean. Olinpiar Jokoetara sailkatzea oso zaila da, lau urtetik behin egiten diren txapelketak dira, oso bereziak dira. Batzuetan Olinpiar Jokoetara joateko maila daukazu baina zortea ez duzu lagun eta ez duzu lortzen... Kirolari askori gertatzen zaigun gauza da. Eta lortzen duzunean poza oso handia da, oso pozik nago hemen egoteagatik. Amets bat da hemen egotea.

«Lehendabiziko egunean gehiegi pentsatu nuen eta txapelketan sartzea kosta egin zitzaidan»

Amets honetan, hasierako estropadan kosta egin zitzaizun. Emozio asko zenituen?

Bai, txapelketan sartzeko momentuan ez duzu ezer gaizki egin nahi. Urtea oso gogorra izan da, K2an aurre-olinpikoa izan dudalako, gero K1eko sailkatze kanporaketak... Oso txapelketa garrantzitsu asko izan ditut. Urduritasun une asko. Orain atera behar duzu urtean zehar egindako lan guztia eta ondo egin nahi duzu, zure denboratan aritu nahi duzu. Lehendabiziko egunean agian horrek kalte egin zidan, gehiegi pentsatu nuelako eta txapelketan sartzea kosta egin zitzaidan. Bigarren estropadan, final laurdenak hobeto egin nituen eta amaitzean tentsioa askatu nuen. Orain lasaiago nago.

Denborak aipatu dituzu. 1:53.83 minutu egin zenuen final-laurdenetan. Pozik horrekin edo gehiago eman dezakezu?

Nire ustez askoz gehiago eman dezaket. Zegoen haizearekin 1:50 egitea espero nuen... Hiru segundo gehiegi da, ez nuen nire estropadarik onena egin. Dena ondo egingo banu eta denbora hori ateraz gero, kezkatuta egongo nintzateke, ze bihar hobetzeko tarte gutxi edukiko nuke. Orain lasaiago egonda, badakit askoz hobeto egin dezakedala, nire esku dago. Helburua da hemendik denborarik onena ateratzea eta nire errendimendurik altuena ematea.

Duela hiru hilabete lortu zenuen Estatu espainoleko piraguista batek inoiz lortu duen denborarik onena 500 metroko K1ean, Hungarian. 1:49.49 minutu.

Bai, eta poz handia izan zen. Txapelketa horretan aukera bakarra nuen: hori egin edo Olinpiar Jokoetatik kanpo geratzea. Arerio espainolarekin jokatzen nuen txartel olinpiko bakarra eta final berean geunden. Tentsio asko zegoen. Normalean tentsioa nire onerako izaten da, txispa ematen didalako. Denbora oso ona izan eta hori hobetzea zaila izango da. Baina nire ustez, gai nago hori egiteko berriro. Piraguismoan baldintzak asko eragiten du, haize egokia behar duzu. Haizea kontuan izanda, 1:52ko denbora ona izan daiteke. Nik nire denborarik onena bilatu behar dut dauden baldintzekin.

Begoña Lazcano, artxiboko irudi batean. (BASQUE TEAM FUNDAZIOA)

Eta haizearen iragarpena badakizu?

Atzo sorbaldaz jotzen zuen, gaur alde batetik... Aldatzen doa. Guretzat onena litzateke kale diferentziarik ez egotea. Hori da txarrena. Haizea baldin badago eta guztioi berdin eragiten badigu, guztiok baldintza berean lehiatzen dugu. Kale batzuk onura gehiago baldin badute ba pena izango da. Ez dirudi kale diferentzia gehiegi dagoenik beraz, alde horretatik hobeto.

«Lehiakorra baldin bazara, nire kasuan bezala, zure bertsiorik onena txapelketan atera dezakezu»

Txapelketako tentsioa ondo etortzen zaizula diozu. Irakurri dut baita ere txapelketek motibatu egiten zaituztela, motibatu egiten zaituela.

Bai, maila honetan jendea oso lehiakorra da. Maila honetara heltzeko asko lehiatu behar duzu eta beraz, aurrera egiten duzu lehiakorra izanda. Txapelketak ekartzen dizu zure errendimendurik onena ateratzea. Adibidez, entrenamendu batean errendimendu ona eduki dezakezu baina nire ustez, estimulu hori txapelketak ematen dizu. Lehiakorra baldin bazara, nire kasuan bezala, zure bertsiorik onena txapelketan atera dezakezu.

Errendimendu altuko zentroan egon zara, Madrilen, Blumen. Zentro hauek ez dira kirolari guztientzako egokiak, intentsoak direlako. Zure kasuan nolako esperientzia izan da?

Ez da guztiontzako, batez ere urte asko ematen badituzu. Etxetik urrun zaude eta horrek eragina izan dezake. Ze momentu pertsonalean zauden ere eragina dauka. Nire kasuan, esperientzia ezberdinak izan ditut. Urte batzuetan, oso ondo eta beste batzuetan, agobiatuago bukatu du. Baina bizitza da bere horretan, etxean ere eduki ditzakezulako momentu txarrak. Nire ustez, psikologo batekin lan egiteak asko laguntzen du, ze mundu oso lehiakorra da. Zure kideak zure arerioak dira eta hori kudeatzen ikasi behar da. Zure burua ezagutu behar duzu eta hori urte askotako lana da.

«Ez zait kostatu lanean jarraitzea. Motibazio eta gogoekin edozer eramaten da aurrera»

Pariserako modu berezi batean prestatu zara?

Ez, niretzat azken uneko gauza bat izan da. Modu berdinean prestatu naiz, Galizian, nire entrenatzailearekin. Ahalik eta ondoen iristen saiatu gara. Kontuan izanda, denboraldia gogorra izan dela niretzat, txapelketa garrantzitsu asko lehiatu ditudalako. Forma pikoak nabaritzen dira, ezin duzu lau aldiz urte betean zure unerik onenean egon, oso zaila da. Maiatza zen niretzat momenturik garrantzitsuena eta nire momenturik onenean iritsi nintzen. Orain, motibazioarekin eta lanarekin mantentzen saiatu gara eta ea erakustea lortzen dudan.

Tarte horretan Pasaiara itzultzeko aukerarik izan duzu? Etxekoen babesa sentitzeko edo.

Aukera gutxi izan dut. Maiatzean bukatu nuenean, aste bat eman zidan nire entrenatzaileak arnasa hartzeko, familiarekin egoteko. Asko eskertu nuen. Baina segituan lanera bueltatu ginen, badakizulako denbora gutxi dagoela prestatzeko. Eta esaten duzu, zer dira ba bi hilabete gehiago honen bila bederatzi hilez jardun naizenean! Ez zait kostatu lanean jarraitzea. Motibazio eta gogoekin edozer eramaten da aurrera.