NAIZ

Gasteizko txupinazoan Palestinako ikurrak debekatu izana gaitzetsi du EH Bilduk

Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaien hasieran bandera palestinarrak galarazi zituztela salatu du EH Bilduko udal taldeak. «Adierazpen askatasunaren kontrako ekintza bat» izan zela nabarmendu du, eta jakinarazi du Hiritarren Segurtasun Sailari galdetu diola ea zein izan zen debeku horren arrazoia.

Gasteizko Neska eta Blusek Palestinari elkartasuna erakusteko zapia aurkeztu zuten jaien aurretik, Gernika-Palestinarekin elkarlanean.
Gasteizko Neska eta Blusek Palestinari elkartasuna erakusteko zapia aurkeztu zuten jaien aurretik, Gernika-Palestinarekin elkarlanean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Joan den abuztuaren 4an, Zeledon berriarekin Gasteizko jaiei hasiera eman zietenean, gozatzeko irrikaz, askotariko jendez eta ikurrez betetako Andre Mari Zuriaren Plazan, Palestinako banderak eramatea galarazi zuen Udaltzaingoak plazako sarbide batzuetan. Hala jakinarazi du EH Bilduk, eta debeku hori salatu du.

Alberto Porras koalizio abertzaleko Gasteizko zinegotziak esan du taldeak galdera luzatu diola idatziz Hiritarren Segurtasun Sailari, jokaera horren arrazoiak ezagutzeko. Izan ere, «adierazpen askatasunaren kontrako ekintza» bezala hartzen du eta gertatutakoa argitu nahi du. «Azalpenak eskatu ditugu Udaltzaingoari agindu hori nondik eta zergatik iritsi zitzaion jakiteko». 

Halaber, gaitzetsi du txupinazoan paperezko bandera palestinarrak zeramatzan lagun ugarik ikurra utzi behar izan zuela udaltzainek Andre Mari Zuriaren plazara sartzeko ezarri zituzten kontroletan.

Klasikoan ikurrak erakusteko deia

Bestalde, larunbat honetan Donostian jokatuko den Klasikoan Palestinako ikurrak erakusteko eskatu du EH Bilduk, Gernika-Palestinaren deialdiarekin bat eginez. Iragan uztailaren 15ean txirrindularitza probaren antolatzaileek jakinarazi zuten UCI ProTourren araudiari jarraituz Israel-Premier Tech talde israeldarrak parte hartuko duela. Horren aurrean Gernika Palestinak dei egin die Klasikoa ikustera gerturatuko diren zaleei eta lasterketak zeharkatuko dituen herrietako biztanleei tropela pasatzerakoan euskal ikurrekin batera palestinar banderak astindu ditzaten.

«Palestinan ematen ari den Genozidioa onartezina da. Benetan uste dugu elkarrizketa eta negoziazioa direla gatazkari konponbide bat emateko elementu nagusiak. Horretarako, behar-beharrezkotzat jotzen dugu berehalako su etena. Baina Bake justu eta iraunkor batek Palestinaren aurkako okupazioa amaitzea eskatzen du, Palestinak estatu bat osatzeko duen eskubidea aitortuz», azpimarratu du koalizio subiranistak.

«Euskal jendarteak zein instituzioek modu argian adierazi dute Gazan gertatzen ari den genozidioaren aurkako jarrera eta oro har Israelek Palestinako herriaren kontra darabilen politika ankerra», erantsi du.