Hondarribiko urek, paisaia eta eguraldi zoragarriez gain, oso estropada polita utzi digute larunbat honetan. Urdaibai garaipenaren bidera itzuli da, iragan igandeko arantza kenduta –txanda batetik bestera egondako haizearen eta olatuen aldeketek baldintzatu zuten estropada Orion, non Hondarribi garaile izan zen–, eta erakustaldia eman du bere zaleen eta herritarren aurrean oso motibatuta zegien Hondarribiaren aurretik.
Gorka Aranberriren arraunlariek oso estropada serioa egin dute, baina baita ondo kalkulatua ere. Eta oso ondo atera zaie. Izan ere, hasieratik aritu dira aurrean, behar izan dutenean ondo eutsi diote aldeari eta garaipenaz gain, puntu mordoa atera diote Zierbenari, gaur laugarren, arraunlari bat gutxiagorekin aritu den Donostiarraren atzetik.
"Torrekua II.ak", Donostiako Aste Nagusia hasten zen egunean, ez du bere egunik onena izan. Beno, egia esateko, bikain aritu dira donostiarrak, eta hori Iñigo Arzallus aurrekalaria lehenengo ziabogan uretara erori dela. Ezin izan du trainerura itzuli eta Arkaitz Diaz patroiak "bolanterik" gabe egin behar izan ditu hurrengo ziabogak. Hala ere, oso ondo mantendu dira hirugarren postuan eta ez dute arazorik izan amaiera arte.
Gauzak hala, Urdaibaik bikain kendu du arantza. Sailkapen nagusian 13 puntuko aldea ateratzen dio orain Zierbenari eta 31 hirugarren ipini den Hondarribiari.
2. txanda: Orio, irabazlea sufritzen; Getaria, beheraka
Aipatu dugu Zierbenak ez duela bere eguna izan. Bizkaitarrek bigarren txandan aritu diren Orio eta Caborekin izan dute lehia "birtuala", eta azkenean lortu dute euren denbotak hobetzea. Salbatu dute eguna.
Bigarren txanda hori estua eta azken unera arte ez da erabaki. Orio denbora guztian egon da lidertzan, maniobra guztietan lehena izanda, baina azken luzean ikusi behar izan du nola Ondarroak aurrea hartu dion.
Azken ziabogan 3 segundoko aldea zegoen bien artean, baina ondarrutarrek olatu ona hartu eta aldea murriztu dute. Parean jarri eta aurretik ere ipini dira, baina pentsa, azken unean soilik 16 ehunen egon dira bi traineruen artean, Orioren alde.
Atzerago, Lekittarrak oso estropada diskretua egin du, baina behintzat txandako hirugarren postua lortu du. Okerrago aritu da Getaria, lehen txandan aritu diren Kaiku eta Caboren atzetik amaitu baitu Hondarribiko estropada. Bueu eta San Pedro bakarrik izan ditu atzean.
Lehen txanda: Kaiku, azkarrena
Lehen txanda honetan ere gertatu dira gauzak. Hasteko, estropada minutu batzuk atzeratu behar izan dira txalupa bat sartu delako estropada eremuan eta alde egin arte ezin izan baitute irteera eman. Alderdi hau kontun izatekoa izan beharko luke hurrengoetarako.
Ondoren, bigarren luzean epaileak parte hartu behar izan du. Izan ere, San Pedrori abisua eman behar izan dio bere kalera itzultzeko, Bueuren kalean sartu baita.
Bitartean, Cabok lidertzan zen Kaikuri pasa egin dio, baina berriro bizkaitarrak jarri dira aurretik. Hala ere, hurrengo maniobran Cabo hobeto ibili da baina "Bizkaitarra" berriro ipini da lehenengoa.
Azken luzean berriro ere epailea ikusi ahal izan dugu, kasu honetan Cabori esateko bere kalera itzultzeko, Kaikuren kalean sartu baita. Eta ondoren Kaikuri estriborrera joateko agindu dio. Azken metroetan, bizkaitarrek amaiera hobeagoa izan dute eta aldeak handitu dituzte.
Atzean, ordea, San Pedrok ez du bere maila eman eta Bueu bere aurretik geratu da. "Libia"k aukera ederra du igande honetan, etxeko estropadan, arantza kentzeko.
Hondarribiko XXXVII. Bandera:
1. Urdaibai 20:10.62
2. Hondarribia 20:18.70
3. Donostiarra 20:28.54
4. Zierbena 20:40.98
5. Orio 20:42.52
6. Ondarroa 20:42.68
7. Lekittarra 20:59.14
8. Kaiku 21:02.06
9. Cabo 21:13.20
10. Getaria 21:14.44
11. Bueu 21:27.48
12. San Pedro 21:52.34
Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia:
1. Urdaibai 149 puntu
2. Zierbena 136 p.
3. Hondarribia 118 p.
4. Donostiarra 117 p.
5. Orio 110 p.
6. Getaria 82 p.
7. Ondarroa 71 p.
8. Lekittarra 71 p.
9. Cabo 61 p.
10. Kaiku 53 p.
11. San Pedro 30 p.
12. Bueu 16 p.