Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Urdaibai izeneko piratak Pasaiako portua abordatu du Liga eskuratzeko bidean

Sei estropaden faltan, bermeotarrek nagusitasuna erakutsi dute berriro ere, beste asteburu bat biribilduz. Donostiarrak oso ondo lehiatu du bigarren izateko. Orio, bigarren txandatik, hirugarren postuan kokatu da, Zierbena eta Caboren aurretik.

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia, pozarren, atzo Pasaian.
Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia, pozarren, atzo Pasaian. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Aste Nagusia martxan den honetan, ezin diogu aipamena egin gabe utzi. Igande honetan, Pasaiako portuan, Urdaibai pirataz mozorrotu da eta estropada eremua hain ondo ezagutzen duen Donostiarrari altxorra "lapurtu" dio. Sei proba puntuagarri falta direnean, "Bou Bizkaia" ontziak gertuago du Eusko Label Liga. Tartean kontxako Bandera egongo da jokoan, baina, hondoratze larri bat gertatzen ez bada, liga ezin zaie alde egin jada bermeotarrei.

Larunbatean Hondarribiko uretan beste erakustaldi batekin gailendu ziren bizkaitarrak, eta igande honetan asteburua biribildu dute. Gaurkoan lehia estuagoa izan dela esan daiteke. Bere txandan Donostiarrak oso zail jarri ditu gauzak, baina bigarren txandan aritun den Oriok ere hortzak estutzera behartu ditu bermeotarrak eta donostiarrak.

"Torrekua II.a"k entrenamendu gunea du gaurko estropada eremua, eta argi eta garbi geratu da lehenengo paladetan. Hori bai, ohorezko txandak bi irteera behar izan ditu, lehenengoak bandera gorria ikusi baitu epaileen iritziz. Berez egiten zuen bero ikaragarria gutxi balitz, arraunlariek atzerapen hau ere jasan behar izan dute.

Behin irteera ona emanda, Arkaitz Diaz patroiak gidaturiko ontzia ipini da lidertzan eta lehen bi ziabogetan lehena izan da maniobra egiten. Hori bai, bietan Orioren denbora ezin izan dute hobetu. Hirugarrenean, ordea, Urdaibaik beste martxa bat sartu eta estropadaren aurrekaldean ipini da helmugaraino lider bezala iristeko.

Atzerago, Zierbenak gaur ez du bere mailarik onena eman eta laugarren postuarekin konformatu behar izan du, Orioren atzetik. Are atzerago geratu da larunbatean etxean bigarren izan zen Hondarribia. Segundo asko galdu dituzte berdeek hasieratik eta ezin izan dute, behintzat, bosgarren postuari eutsi. Zazpigarren izan dira azkenean, Cabo eta Kaiku sartu baitira Zierbena eta beraien artean.

2. txanda: Orio, oso nagusi; Ondarroak, bitan kale

Iñigo Larrinaga patroiak zerbait handia egin nahi zuen San Pedron hasiera-hasieratik, eta hala ikusi da helmugaratzean. Ohorezko txandakoentzat erreferentzia izan dira oriotarrak. Uretan, lehen metroetatik nabaritu da indar hori. Pixkanaka aldeak handitzen joan dira mirotzak eta lehia atzean egon da.

Kaikuk bigarren postua eskuratu du bigarren ziabogan eta Ondarroa aurretik atzera egin behar izan du proban zehar. Arrazoia, oso nabarmena: bigarren eta hirugarren maniobretan arrauna trabatu zaio buian, eta Lekittarrak primeran aprobetxatu du egoera hau aurreratzeko eta amaiera arte txandako hirugarren postua mantentzeko.

1. txanda: San Pedrok ezin arantza kendu; Cabo, indartsu

Etxeko traineruak aukera bikain bat zuen gaur estropada on bat egiteko. Badaki burua play-offetan jarri beharko duela, Bueuk azken postuan jarraitzen baitu eta ez dirudi hortik aterako denik –azken postuko trainerua zuzenean jaitsi egingo da mailaz–, eta estropada on bat egitea garrantzitsua izan daiteke.

Egia da oraindik asko falta dela play-offetarako, baina "Libia"k gaur ere aukera pasatzen utzi du, nahiz eta bigarren txandako Ondarroa baino denbora hobeagoa egin azkenean. Lehen luzean lider bezala aritu dira sanpedrotarrak, baina lehenengo maniobra ostean Cabok aurre hartu du eta Getariarekin lehiatu dira galiziarrak.

Bien arteko lehia nabarmena izan da, baina azken-aurreko luzean Cabo ipini da lehenengoa eta helmugara arte hortxe mantendu da. Getariak, aldiz, azken estropadetako beherakada hobetu nahi izan du, eta lortu ere. Bigarren txandakoen emaitzak ikusi bakarrik ez da egin behar: Lekittarra eta Ondarroa baino denbora hobeagoa egin du.

I. Adinberri Bandera

1. Urdaibai 20:02.74
2. Donostiarra 20:07.54
3. Orio 20:08.24
4. Zierbena 20:19.88
5. Cabo 20:31.03
6. Kaiku 20:31.74
7. Hondarribia 20:33.62
8. Getaria 20:35.85
9. Lekittarra 20:41.78
10. San Pedro 20:41.97
11. Ondarroa 20:52.82
12. Bueu 21:17.93

Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia:

1. Urdaibai 161 puntu
2. Zierbena 145 p.
3 Donostiarra 128 p.
4. Hondarribia 124 p.
5. Orio 120 p.
6. Getaria 87 p.
7. Lekittarra 75 p.
8. Ondarroa 73 p.
9. Cabo 69 p.
10. Kaiku 60 p.
11. San Pedro 33 p.
12. Bueu 17 p.