Donostiako piratek Kontxa abordatu dute beste urte batez. 1.500 lagunek, 250 txalupatan, hodeiei eta euriari aurre egin diete eta parte hartu dute abordatzearen 22. edizioan. Marea baxua eta haizea alde izan dute aurtengoan, ura 23,5 gradutan; horiek datu meteorologiko objektiboak, baina abordaian klima propio bat sortzen da, eta ezerk ez ditu gelditzen piratak.
Kofradia bakoitzaren txalekoa izan ohi da Donostiako piraten ezaugarri nagusienetako bat, bakoitzak du bere kolorea eta bere logoa; gaurkoan, ordea, goizean goizetik beste txaleko batzuk nagusitu dira: txaleko islatzaile horiak. Izan ere, egitarau pirataren mugarri garrantzitsua izan ohi da urtero abordaiaren eguna, bolondres asko bildu behar izaten dituzte; 100 lagun baino gehiago astelehen honetan.
Goizeko 7.30etan elkartu dira muntaketa lanetarako, NAIZi antolakuntzak azaldu dionez, eta arratsaldeko 17.00etarako «nekatuta, baina gogotsu» zeuden. Gainera, atzo gauean, eguraldi txarra zela eta Flamenkako kontzertuak bertan behera utzi behar izan zituzten, eta hori inoiz ez da gustagarri. Astelehenari gogoz ekin diote halere.
Goizean hiru txanda egin dituzte txalupen muntaketarako, flotagailuak, paleak, makilak, soka eta zakuak dituzte ia txalupa denek, baina bada irudimena erabili eta puxikekin apaindu duenik ere. Bazkalordurako guztiak kaian pilatu dituzte, ikurriñak eta Palestinako banderak ziren nagusi, baina orotariko aldarri eta ikurrak ere bazeuden: ‘Erraustegia gelditu’ zihoen handi bat zegoen.
Arratsaldeko 15.30etarako urduritasuna sumatzen zen kai inguruan, gazte kuadrilla bat hurbildu da txalupen ingurura, itxaropentsu begiratu diote beraienari, ez da hondoratu eta ez omen da «gutxi», beren esanetan.
Errenteriako gazte kuadrilla batentzat lehen aldia da aurtengo abordaian, «gure helburua Kontxara lehenak iristea da» esan du batek, eta argitu du gogor arraun egiteko prest daudela beren helburua lortzeko. Palestinarekiko elkartasuna adierazten duen bandera bat du beren txalupak.
Argia izan ohi da abordaiaren helburua, kaitik abiatu eta Kontxara iristea, Donostia abordatzea. Eta urteren batean eguraldi txarra medio kaitik atera ezin izan badute ere, aurtengoan giro ona izan dute lagun, eta antolatzaileek helmuga Kontxako hondartza izango dela argitu dute.
Kontxa helburu
Gazte talde batean, ordea, Kontxaren ordez Santa Klara uhartea abordatzea hobea ez ote den sortu da eztabaida. Uhartera desbideratzeko argumentuak pilatzen hasi zaizkie mahai gainean, baina azkenerako batek gogorarazpena egin du: «Kontxara iritsi behar dugu, eta ahal bada txalupa galdu gabe!».
Izan da atseden hartzeko tarterik hartu ez duen festazalerik ere, Gasteizko jaiak bukatu berritan, Donostia abordatzera etorri baita gasteiztar talde bat.
Iaz baino parte hartzaile gehiago elkartu dira aurtengoan, eta ikusleek, urtero bezain fidel jarraitu dute. Kai inguru osoa arratsaldeko lehen ordurako beteta zegoen, eta bazen hondartzan piraten zai zegoenik ere. Ikusleen lehen ilaratan haurrak zeuden, begiak zabal zabal begira, beraien txanda ostiralean izango baita, haurren abordaian, arratsaldeko 16.00etan.
Kolore guztietako piratak elkartzen hasi dira 16.30ak pasata kaiko arrapalan. Kuadrillakoak direla adierazten duen kolore bereko kamiseta dute batzuek atzean beren izenekin, euskal presoen etxeratzea aldarrikatzen duten kamiseta beste batzuek, pirataz mozorratu denik ere bada.
Bota du aurtengo suziria Mattik, aurten, Afari Solidarioetako kideek.
— Iraitz Mateo (@iraitzmateo) August 12, 2024
Abiatu dira piratak beraien baltsen bila, pozarren. pic.twitter.com/QVv0MjQ0tS
Barrexerkako kideek zuzeneko emanaldia egin dute kaian. Beraiek eman dituzte nondik norakoak eta behin eta berriro errepikatu dute edozein laguntza behar izatekotan abisatzeko, eta elkar errespetatzeko.
Abordatzea hasi aurretik Palestinaren aldeko pankarta erraldoia ireki dute txalo artean. Izan ere, jai giroan Donostiako Aste Nagusian aldarriei leku egitea izan ohi da piraten eginkizunetako bat.
Arrapalaren lehen lerroetan gazteenak jarri dira, gogotsu, Mattik suziria bota eta korrika beren txalupak eskuratu eta Kontxara abiatzeko gogoz. Atzerago zeuden beteranoak, lehenak ateratzeak lehenak iritsiko direla esan nahi ez duenaren jakitun edo.
Euria, baina giro ona
17.00etan bota du suziria Mattik, aurten Kaleko Afari Solidarioetako kideak dira festaren ikur. Eta korrika abiatu dira pirata guztiak. Urtero lez, ‘Donostia abordatu’ dioen pankarta igo bezala hustu da arrapala.
Atzoko beroak edota gaurko sargoriak, baina izan dira azken momentuan eta jada lehenak txalupekin kaitik aterata zeudela animatu direnak ere, surf taulak eta puzgarriak eskuan beren itsasontziak inprobisatuz.
Prestaketa lanak egin bitartean ateri iraun duen arren, piratak itsasoratzearekin batera hasi da euria. Hori ez da oztopo izan ordea euskal piratentzat, eta iritsi dira Kontxara, haizeak eta marea behean izatean lagunduta.
Lanak ez dira homdartzara iristearekin bukatu ordea, Donostiako Piraten balioei jarraiki, erabilitako materiala birziklatu eta berrerabiltzeko banatu behar baita; bertan ere hamaika txaleko horidun zeuden arratsalde hasieratik lan horietan laguntzeko.
Hori amaitu bezala, txarangak lagundurik itzuli dira Flamenka gunera, iluntzea, kaleak eta Donostia osoa abordatzeko asmoz.