NAIZ

AEBen base zahar batean desfilatu dute talibanek boterera itzuli zireneko hirugarren urtemugan

Talibanek Bagrameko base militarra, AEBek Afganistanen zuen gotorlekua, aukeratu dute desfile militar bat egiteko, agintera itzuli eta NATOko tropak herrialdetik atera zireneko hirugarren urteurrena dela eta.

Talibanen desfilea Bagrameko base militarrean, AEBek Afganistanen zuten gotorlekuan.
Talibanen desfilea Bagrameko base militarrean, AEBek Afganistanen zuten gotorlekuan. (Ahmad SAHEL ARMAN | AFP)

Bagrameko base militarrean, duela urte batzuk arte Ameriketako Estatu Batuek Afganistanen zuten gotorleku izan zen horretan, desfilea egin dute talibanek asteazken honetan, NATOko indarren erretiratzearen ondotik boterera itzuli zireneko hirugarren urteurrena ospatzeko ekitaldien baitan.

2021eko abuztuaren 15ean, inolako erresistentziarik gabe sartu ziren talibanak Kabulen, Gobernuaren ihesa eta 20 urte lehenago boteretik bota zituen AEBek zuzendutako koalizioaren kolapsoa eraginez.

Garaipena, baina, egun bat lehenago ospatzea erabaki dute, afganiar eta persiar egutegiari jarraituz.

Ehunka gonbidatu elkartu dira Kabuletik 50 bat kilometrora dagoen base militarrean, helikoptero, kamioi, suziri-jaurtigailu eta jatorri sobietarra duten zein estatubatuarrei kendutako blindatuak erakutsi dituen dituen ordubetetik gorako desfilea jarraitzeko.

Bidoi horiak zeramatzaten motozikletek ere parte hartu dute ekitaldian. Mendebaldeak babestutako Gobernuaren aurkako matxinadan hainbat atentatu egiteko erabili zituzten halakoak.

Hassan Akhund Afganistango lehen ministroak politika islamistak mantentzearen alde egin du.

«Gure agintariek jakin behar dute gure eginbeharrak ez zirela bukatu jihadarekin (gerra santuarekin), orain lege islamiarraren norabidea mantentzeko ardura dugu», esan du Akhundek.

Bagrameko desfilearen ondoren, Kabulgo Ghazi estadio handian jarraitu dute ospakizunek, ehunka gizonen boxeo eta borroka erakustaldiekin.

Emakume bakar batek ere ez du festetan parte hartu, eta emakume kazetariei ere debekuak ezarri dizkiete urteurren honen estalduran.

Talibanek oso modu zurrunean ezarri dute lege islamiarra, eta boterean daramatzaten hiru urteetan gogor murriztu dute emakumeen askatasuna, gero eta urrunago baitaude eremu publikotik.

Hiru urte hauen ondoren, Afganistan munduko herrialderik pobreenetako bat izaten jarraitzen du, langabezia masiboarekin eta krisi humanitario larriarekin.

Horrez gain, oraindik herrialde bakar batek talibanen Gobernua aintzat hartu ez badu ere, buruzagi islamistek aurrerapen diplomatikoak lortu dituzte inguruko herrialdeekin, Txinarekin edo Errusiarekin harremanak eginez, eta Mendebaldearekin ere hasi da elkarrizketetan, ekainean lehen aldiz Dohako negoziazioetan parte hartzean.

«Talibanekin elkarlanean ari diren herrialdeek gogorarazi beharko liekete emakume eta neskatoen aurkako gehiegikeriak», adierazi zuen Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak urteurrenaren harira.