Bilboko Aste Nagusia hasteko hiru egun baino falta ez direla, dena prestatzeko ahalegin bete-betean dira konpartsak Areatzan. Bada, lan horiek tarte batean eten behar izan dituzte asteazken honetan, ertzain eta udaltzain ugari agertu baitira inguruan zebiltzan kaleko saltzaileak jazartzera.
Hala salatu du, esaterako, Bilboko Sortuk X sare sozialeko bere profilean, «manteroen aurkako eraso berri bat» gaitzetsiz: «Manteroak gogor jazarri eta inguruko herritarren aurka oldartu dira».
ADI‼️
— Sortu Bilbo (@SortuBilbo) August 14, 2024
Aste Nagusia hasteko 3 egunera eta @konpartsak-en muntai betean, Bilboko munipek, Ertzaintzarekin batera, manteroen aurkako eraso berri bat burutu dute Areatzan.
Manteroak gogor jazarri eta inguruko herritarren aurka oldartu dira.
ASKI DA! JAZARPENIK EZ!#ManteroekinBat pic.twitter.com/y8H2Vbi7e6
Gizon baten atxiloketa erakusten duten irudiekin batera, Sortu Bilbok jazotakoa «onartezina» dela nabarmendu eta isilik ez geratzera dei egin du: «Herritarrok antolatuta erantzun dezagun!».
Bilboko LABek ere Areatzakoaren berri eman du X sare sozialean, herritarren erantzuna nabarmenduz.
ADI!!! Berriz ere manteroen kontra oldartu da polizia. Areatzan zegoen jendea tokira hurbildu eta poliziaren erasoari aurre egin diote.
— LAB Bilbo (@LABbilbo) August 14, 2024
Manteroak ere langileak dira!
Una vez mas la policia ha arremetido contra un mantero. Ellos tambien son trabajadores! pic.twitter.com/dm6lO8TxDD
Beste erabiltzaile batzuek ere argitaratu dituzte antzeko bideoak.
Bilbon, gaur arratsaldean.
— Inazio (@inaziovg) August 14, 2024
Polizia indarkeriaren enegarren adibidea. Kale saltzaile bat hainbat poliziaren artean bortizki atxilotu dute. pic.twitter.com/JuJPTJSech
Bide ofizialetatik ez da momentuz ezer jakinarazi, Bilboko Udalak, Udaltzaingoak, Ertzaintzak edota Segurtasun Sailak ez baitute oharrik kaleratu edo adierazpenik egin gertatutakoaren inguruan.
Aurrez ere egonak dira Bilbon kaleko saltzaileen aurkako halako sarekadak, iragan apirilean Plaza Biribilean jazo zena, esaterako.
Iazko ekainean Alde Zaharrean izan zen beste batean, adibidez, herritarrek babestu zituzten kaleko saltzaileak, polizien jarrera deitoratuz.