AFP

Gazan futbolean jokatzen, bonbak eta gosea ahazteko

Yabalian, palestinar askok jokatzen dute futbolean, eta beste hainbat partiden zale amorratuak dira, bonbak eta gosea ahazteko asmoz, 300 eguneko genozidio israeldarraren ondoren. Klubak eta futbol pistak suntsituta daude, baina irudimenarekin, maite duten kirola egitea posible da.

Nazio Batuen Erakundeak Jabalian kudeatzen duen eskola bateko patioan futbolean jokatzen ari diren palestinarrak.
Nazio Batuen Erakundeak Jabalian kudeatzen duen eskola bateko patioan futbolean jokatzen ari diren palestinarrak. (Omar AL-QATTAA | AFP)

Baloiari begira, jokalari gazte bat eta atezaina aurrez aurre daude Gazako iparraldean inprobisatutako zelai xume batean. Arbitroak txistu egiten du, jokalariak dotoreziaz penaltia botatzen du eta jendetza pozez betetzen da da azken honek gola sartzen duenean.

Zaletuentzat eta jokalarientzat, Jabaliako errefuxiatu-esparruko futbol lehiaketa hau bonbak, goseak eta nekeak eragindako sufrimendua ahazteko distrakzio ona da. Bereziki, 300 egun baino gehiago pasatu direnean Israelek enklabeko palestinarren aurkako genozidioa hasi zuenetik.

AFP agentziari egindako adierazpenetan, Rami Mustafa Abu Hashish arbitroak dio futbolean jokatzeak Jabalian «bizitza pixka bat berreskuratzen» lagundu diela; izan ere, Israelen etengabeko bonbardaketek eskolak, estadioak eta etxeak suntsitu eta familia asko deserrotu dituzte.

GKEek aldian-aldian animazioak antolatzen dituzten arren (sormen-tailerrak edo pailazo eta txotxongiloen emanaldiak, esaterako), haur eta gazte gehienek kaleetan igarotzen dituzte beren egunak, ezer egin gabe. Horregatik guztiagatik, ospatzen den partida bakoitzak garaipen lurrin xume bat du.

Ildo horretan, lekualdatutako pertsonentzako babesleku bihurtu den eskola bateko patioan bilduta, jokalari batek hondakinetatik erreskatatu omen zuen garaikur bat eskuratzeko lehian aritu dira bi futbol talde.
Giro polita sortzea lortu dute; jendeak aulkiak atera ditu eta hiru solairuko eraikinaren baranden gainean jarri da animatzeko. Bista hobeak izateko, mutil talde bat kamioi huts batera igo da.

Kiroletik urrun

Jabalia bereziki gogor kolpatu zuten maiatzean, Israelek abiatutako erasoaldi batean, Gazako iparraldea suntsitu zuen kanpaina baten barruan. Militarrek esan zuten eremu hori Hamasen kontroletik kanpo zegoela.

Konbateak areagotzen diren bitartean, agentzia humanitarioek diote ez direla laguntza emateko gai, eta gosete baten alerta berretsi dute. Bertakoek diote ia ez dagoela jatekorik iparraldean eta iristen den apurra prezio astronomikoan dagoela.

Egoera horren aurrean, futbolariek eskertu egin zuten ur eta janari falta ez den beste gauza batean pentsatu ahal izatea. Nabarmendu dute ez zutela jokatu urriaren 7tik, Hamasen erasoa gertatu zenetik. Israelgo errepresalia kanpainak gutxienez 40.000 palestinar hil ditu, gehienak zibilak, Gazatarren Osasun Ministerioaren informazioaren arabera.

«Gazako Zerrendako gerratik, edozein kiroletatik urrun mantendu gara klub guztiak suntsitu zituztelako, joko-zelai guztiak bezala, baina gaur zerbait atera dugu ezerezetik», adierazi du Saif Abu Saif kirolarietako batek.

Gazako Hezkuntza Ministerioaren arabera, lurraldeko hezkuntza instalazioen %85 zerbitzutik kanpo daude Israelgo erasoak direla eta. Horietako asko gerraren ondorioz desplazatutako pertsonentzako babesleku bihurtu dira, Gazako enklabeko 2,4 milioi biztanleetatik gehienek etxea utzi behar izan baitute.

Wael Abu Saif entrenatzaileak partidara joateko erabakia hartu zuela adierazi du, otsailean eraso batean jasandako zaurien mina gorabehera. Orain gurpil-aulkian dago; izan ere, bi zangoen mugikortasuna galdu zuela kontatzen du, eta bere anaiari bat moztu behar izan ziotela.

«Nik futbola maite dut haurra nintzenetik, txapelketak maite ditut eta jolastea maite dut. Mundu osoaren aurrean erakutsi nahi dut guk aurrera jarraitzen dugula gure oinarrizko eskubideen defentsan. Horietako bat futbolean jokatzea da», azpimarratu du Abu Saif-ek.