CCOO, LAB, ESK, UGT eta ELA sindikatuek sinatutako prentsa ohar batean, kontratazio faltaren ondorioz Gipuzkoako Correos lantokietako egoera hondoa jotzen ari dela adierazi dute asteazken honetan.
Correosek Gipuzkoan ez kontratatzeko duen politikak plantillan eragina du eta gehiegizko lan-karga jasanezina izatera eramaten ari dela zehaztu dute sindikatu haueek.
Prentsa-oharrean informatu dutenez, enpresak apirilaren amaieratik ezagutzen du langile bakoitzaren oporraldia, baina bere lana egin ahal izateko behar adina langile ez kontratatzeko erizpideari eusten dio oraindik ere.
Sindikatuen arabera, plantillaren %50 baino gehiago falta da, eta postariak lanez erabat gainezka daude. Herri batzuetako kasuak aipatu dituzte: Villabonan, esaterako, 6 postutatik 2 bete dituzte eta 2 asteko atzerapena dute jakinarazpen eta gutun arruntetan; Eibarren, 14 postuetatik 6 baino ez daude beteta. Bergaran (8tik 4), Lazkaon (4tik 2) eta Hondarribian (11tik 6) dira gabezia larrietan diren beste bulego batzuk.
«Egoera jasanezina da, eta denboran asko luzatzen ari da; beraz, Correosek arazoari irtenbidea ematea erabakitzen ez badu, hurrengo urratsa mobilizazioak izango dira», gaineratu dute sindikatuek egoeraren aurrean.
Posta zerbitzuari lotutako arazoak ez dira Gipuzkoan gertatzen bakarrik. Bizkaian lan uzteak egin zituzten uda aurretik sindikatuek, bertan ere langile aldetik gabezia larriak direla eta gutunak pilatzen ari zaizkiela salatzeko. Eta gaur bertan CCOOko ordezkari batek ziurtatu duenez, atzerapenak ari dira pairatzen banaketa lanetan, egoera honen ondorioz. Zenbait zonaldetan, «Gorliz esaterako», ez dela inor lan egiteko prest aipatu du Juanjo Basualde delekatuak.