NAIZ

Mendeurren borobila izango du aurten Zarauzko Euskal Jaiak

Ehun urte igaro dira Zarauzko Euskal Jaiak lehenengoz ospatu zirenetik. Hori dela eta, egitarau berezia prestatu dute aurtengo ediziorako.

Zarauzko Euskal Jaiak aurten mendeurrena ospatuko dute.
Zarauzko Euskal Jaiak aurten mendeurrena ospatuko dute. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udalak aurtengo Euskal Jaien egitaraua aurkeztu du asteazken goiz honetan. Aurtengoa ez da nolanahiko ospakizuna izango, izan ere, ehun urte igaro dira herrian lehenengoz Euskal Jai eguna ospatu zuteneti. Hori dela eta, Udalak, herriko beste hainbat eragilerekin batera, egitarau berezia osatu du egun hauetarako.

Joan den urteko Euskal Jaiak amaitu bezain laster, Udala mendeurreneko egitaraua osatzeko lanean jarri ziren eta, urtean zehar, hainbat lehiaketa eta ekimen martxan jarri dituzte, iraileko lehen aste honetan, zarauztarren gozagarri izango diren egitasmoak antolatzeko.

Xabier Txurruka (EAJ) Zarauzko alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei, «ehun urte hauetan ehundaka talde eta herritarrek hartu duzue parte zarauztarrok hain kuttuna dugun Euskal Jaiaren antolakuntzan, eta egitasmo ugari eta askotarikoak antolatu izan dira Zarauzko festa herrikoi handi hau bultzatzeko eta indartzeko. Eskerrik asko guztioi, bihotz-bihotzez!». Aurtengo mendeurrena «ilusioz beterik» biziko dutela gaineratu du.

«Euskal Jaia bizitzeko mila modu daude, bakoitzak berea, baina festa errespetuz eta arduraz disfrutatzea eskatzen dizuet, Zarautzen ez dugulako inolako jazarpenik edo erasorik onartzen», nabarmendu du Txurrukak.

Erakusketak

Ehun urte hauetako ibilbidea ezagutu eta aitortzeko, bi erakusketa antolatu dituzte. Abuztuaren 29tik irailaren 22ra, Merkatu Plazako lehen solairuan, ‘Euskal Jaiak 100 urte’ erakusketa ikusgai izango da. Bertan, Euskal Jaien sorrerako eta lehen urteetako argazki, irudi eta dokumentuak egongo dira ikusgai.

Bestalde, abuztuaren 26tik irailaren 9ra, Euskal Jantzi tradizionalen erakusketa ikusteko aukera izango da herriko dendetako erakusleihoetan.

Bi erakusketa hauen inguruko informazio gehigarria izango duten eskuorri eta liburuxka bereziak argitaratuko dira eta Turismo Bulegoan, Sanz Enea liburutegian zein erakusketan parte hartzen duten establezimenduetan eta Merkatu Plazako lehen solairuan egongo dira eskuragarri.

Ekimen bereziak

Mendeurrena dela-eta hainbat ekimen bildu dituzte jaiak ospatzeko. Berezitasun bezala, aurten, irailaren 8an, ‘Mendeurrenaren brindisa’ egingo da Lege Zaharren enparantzan. Bertan, parrilla herrikoia eta sagardo eta txakolin dastaketa izango dira

Karrozek ere protagonismo berezia izango dute aurten. Horrela, uda hasieran lehiaketa bat deitu zen Euskal Jaietarako karrozen diseinuak eta ideiak aukeratzeko. Bertatik aukeratu ziren lau diseinuak gauzatzen izan dira garaileak ordutik: Jose Maria Zuazobide, Jose Luis Lasa, Iñigo Arrillaga eta Juan Antonio Mendizabal. Karroza hauek irailaren 9an, Euskal Jai Egunean, izango dira ikusgai Zarauzko Musika Plazan.

Txapelketak

Beti bezala, Euskal Jaien baitan hainbat txapelketa lehiatuko dira, hala nola,  Bertsolari Gazteen XLVIII. Lizardi Saria (kanporaketak abuztuaren 29an eta 30an eta finala irailaren 6an), XXXVI. Aurresku Txapelketa (irailak 7), Helduen Binakako Dantza Txapelketa (irailak 2), Bikote Gazteen Dantza Txapelketa (irailak 5) edota Trikitilari Gazteen XLIV. Txapelketa (irailak 4).

Ikastaroak

Aurten, irailaren 2tik 6ra fandango eta arin-arin ikastaroa eskainiko dira Frontoi Txikin, Jon Alkain eta Alaitz Garciaren eskutik Zarautz TRIKek lagunduta.

Saioak arratsaldeko 17.30ean izango dira eta ez da aurrez izenik eman beharko.

Gainontzeko ekimenak

Mendeurreneko Euskal Jai hauetan ez da faltako urtez-urte jai hau bereizgarri egiten duten musika eta dantza ekitaldiak. Festetan murgiltzeko hamaika ekitaldi izango dira: kalejirak, erromeriak, karaokeak, dantza emanaldiak, plaza-dantzak...

Egitaraua eta gainontzeko eskuorriak ostiraletik aurrera egongo dira eskuragarri Turismo Bulegoan eta Sanz Enea liburutegian.