Formak ez ziren onenak izan baina Eibarrek helburua lortu zuen joan den larunbatean Castelloren aurka denboraldiko lehen hiru puntuak poltsikoratuz. Berme horrek lagunduta, Santanderrera bidaiatuko du bihar (19.00) asmo onenekin: garaipenari jarraipena eman eta lehen jardunaldian egindako jokoa, hobetu.
Luzaro ibili beharreko bidea da, alde batetik, oraindik «hasi besterik ez baitugu egin –azaldu du Joseba Etxeberriak– eta, logikoa denez, jokalari berri asko etorri direlako, taldea ez dago guztiz engranatuta. Lan egin behar dugu, beti, egunetik egunera talde hobea izateko». Eta, bestetik, aurkariak hobekuntza hori exijituko du, emaitza on bat lortu nahi izanez gero, Racing «oso talde ona» baita.
Eibar bera ohartu zen iaz horretaz –bigarren itzulian «mendekua» hartu bazuen ere–, denboraldiko lehen neurketan 4-0 galduz eskenatoki berean. Eta Santanderko taldean udan joan etorri dezente egon diren arren, taldearen nukleoa mantendu da. Baita entrenatzailea ere eta, berarekin batera, joko estiloa. Aurkariei zailtasun asko sorrarazten dizkien estiloa. Almeriak ikusi zuen joan den astean, bigarren zatiko erreakzioari esker puntu bat eskuratu bazuen ere, azkenean 2-2 berdinduz, eta bihar armaginak saiatuko dira aurre egiten.
«Iaz erakutsi zuen bezala, zure areara oso azkar heltzen den taldea da, oso trantsizio azkarrekin. Oso intentsoa da eta oso partida konpletoa egitera behartuko gaitu. Fin ibili behar gara zirkulatzeko orduan, oso ondo ordenatzen den taldea dekako; aurrera egin ezin duzun bakoitzean eta atzerantz jokatu behar duzunean, metroak irabazten dizkizu. Eta bloke baxuan, baloia berreskuratzen dutenean, oso jokalari sakonak dituzte, Arana eta Andres bezala. Eta kontraerasoen jaurtitzaile oso onak ere, Pablo edota Vicente bezalakoak». Azken finean, «oso partida ona egin beharko dugu. Baina uste dut mentalizatuta gaudela partida handi bat egiteko eta zelai zail batean irabazteko. Gure mailarik onenean bagaude, lortu dezakegu».
Zalantza, berriro ere, helburu hori lortzen saiatuko diren futbolarien izenean datza. Deialdia ez da bihar arte zabalduko eta ez dago informaziorik larunbateko partida arazo fisikoekin amaitu zuten jokalariei buruz. Carrillo, printzipioz, errekuperatuta legoke eta defentsaren erdian errepika lezake Arbillarekin batera. Zalantza gehiago daude Cuberoren eta Guruzetaren inguruan eta donostiarraren egoeraren arabera etor liteke aldaketa bakarra hamaikakoan.
Jokatzen dutenek ez diote soilik aurkariari aurre egin beharko. Sardineroko soropilak ere ez die lagunduko, ez eta etxekoei ere, oso egoera txarrean baitago. Almerian kontrako neurketan nabarmen ikusi zen eta Racingek ez du zapaldu ere egin aste honetan. Jose Alberto entrenatzaileak «tamalgarria» dela adierazi du. «Futbol profesionalean ez dago honelako beste zelairik». Klubeko ordezkariak ere oso haserre agertu dira soropila zaintzeko kontratatu duten enpresarekin. «Orain dela hiru aste belarra trinkoa zegoen eta orain ez dago belarrik. Ez dakigu onddo bat, bakteria bat… izan ote den. Baina lehen mailako enpresa bat kontratatu genuen horretarako eta konponbide bat exijitu diogu. Diru asko gastatu dugu soropil bikaina izateko eta bikaina ez eta tamalgarria dugu», esan du Roberto Gonzalezek Cope Santanderren.
Jose Albertok, bestetik, lehen jardunaldiko hamaikakoa errepika dezake bihar. Printzipioz, Maguette Gueye heldu berria ez dago oraindik jokatzeko prest eta Mantillak, Ekainek eta Jeremyk lesionatuta jarraitzen dute.
RACING DE SANTANDER
Hamaikakoa: Ezkieta; Michelin, Manu Hernando, Montero, Saul; Andres Martin, Iñigo, Vencedor, Pablo Rodriguez, Iñigo Vicente; eta Arana.
Bajak: Mantilla, Ekain, Jeremy –lesionatuta– eta Gueye.
EIBAR
Hamaikakoa: Magunagoitia; Corpas, Carrillo, Arbilla, Arrillaga; Nolaskoain, Matheus; Guruzeta edo Puertas, Jorge Pascual, Merquelanz edo Puertas; eta Bautista.
Bajak: Troncho eta Alkain, lesionatuta.
Epailea: Sanchez Villalobos (Andaluzia).
Zelaia: Campos de Sport de El Sardinero
Ordua: 19.00 (LaLiga Hypermotion TV).