Donostiako Udalak beste urte batez prestatu ditu 1813ko abuztuaren 31n hiria suntsitu zuen sutea gogoratzeko ekitaldiak. Igande honetan bertan, abuztuak 25, hasiko da egitaraua eta hurrengo asteko larunbata, hilak 31, izango da oroimenerako egun nagusia, kaleko argiak itzali eta kandelen argipean eginen ibilaldi zeremoniarekin.
Donostiako alkateorde Nekane Arzallusek aipatu duenez, aurten, nobedade gisa, ospakizunak abuztuaren 25ean hasiko dira, doako kontzertu batekin. Bertan ‘The Siege of Saint Sebastian’ partitura aurkeztuko dute, ‘Xarma’ hari laukotearen eskutik.
Pieza hau Thomas Haigh biolinista, pianista eta konpositore britainiarrak konposatutakoa da. «Orain arte erabat ezezaguna eta hiriak 1813an jasan zuen hondamendiarekin lotutako aurkikuntza oso garrantzitsua da», azaldu du Arzallusek.
Ezusteko aurkikuntza
Ainhoa eta Roman Garridok aurkitu zuten partitura hori, oharkabean, Internet bidez. Haren garrantziaz ohartu zirenean, Jose Maria Leclercq historialari eta arkeologoarekin kontaktuan jarri eta altxor hori jendaurrean zabaltzeko eskatu zioten.
Leclerq, partitura bat zela ohartzean, Joxe Mari Oiartzabal musikari eta konpositorearekin harremanetan jarri zen eta honek partitura estudiatu eta moldatu egin zuen.
Horrela jabetu ziren, hain zuzen, Thomas Haigh konpositorearen lan bat zela, Sir Thomas Graham teniente jeneralari eta haren agindupean zeuden ofizial eta soldaduei eskeinitakoa.
Hala, Udalbatza aretoan abuztuaren 25ean eguerdian interpretatuko du obra hori ‘Xarma’ hari laukoteak interpretatuko: Laura Balboa, biolinean; Larraitz Oiartzabal, biolinean; Delphine Dupuy, biolan eta Gabriel Mesado, biolontxeloan.
Jatorrizko obra San Jeronimo erakusketa aretoan antolatzen den erakusketan egongo da Donostia 31 Kultur Taldeak eta DKFestak-en eskutik, 1813ko abuztuaren 31ren Oroitzapenaren aurreko ekitaldien barruan.
1813ko abuztuaren 31ko testuingurua
1813an, ingeles eta portugaldar tropek hiria berenganatu eta erre egin zuten, hiriko kale bakarra zutik utzitz, gaur egun ‘Abuztuaren 31’ bezala ezagutzen dena.
Aspaldidanik baliatzen da efemeride hau suntsiketa jasan zuten donostiarrei omenaldia egiteko hartzen dute.
Abuztuaren 31ko egitaraua
Abuztuaren 31n, ekitaldiak 11.30ean hasiko dira Elizkizun Nagusiarekin Santa Maria Basilikan. Ondoren, 12.45ean, udal agintariek lore eskaintza egingo dute Itsas Atean.
Arratsaldean, 17.00etan Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren arteko kanoi- hotsak entzungo dira. 18.00etan, Urteurreneko desfilea aterako da, Zuloaga plazatik.
19.00etan ekitaldirik ezagunena egingo da: danborradetako parte-hartzaileak Bulebarreko kioskoaren aurrean bildu eta minutu bateko isilunea egingo dute. Jarraian ‘San Sebastian martxa zaharra’ joko dute.
Gaueko ekitaldia 21.00etan hasiko da. Gazteluaren erasoa eta Donostiaren erreketa antzeztuko dizute Zuloaga plazan. Ondoren, 21.30ean, hiriko sutearen simulazioa egingo da Apaizen pasalekuan eta Begiratokiko Baterian. Honekin batera, hiriko argi guztiak itzali eta kandelak piztuz argituko dira kaleak, horrela, ‘Suzirien argitan zeremonia’ pasalekua egingo da San Bizente elizatik Santa Maria basilikaraino.
Bestelako ekitaldiak
Aurreko urteetan egin izan den bezala, bestelako hitzordu batzuk ere prestatu dituzte, 1813ko abuztuaren 31an gertatutakoa sakontzen laguntzeko.
Hilaren 24tik 30era arte, Liburutegi Nagusiko San Jeronimo Aretoan garaiko gutun, pasarte edota argitaratu gabeko hiriaren mapak izango dira ikusgai. Abuztuaren 27tik 31ra hainbat hitzaldi egingo dira areto horretan bertan.