NAIZ

Ezustekoak eskaintzen trebea den Ondarroako estropadan Getaria nagusitu da

Getariak irabazi du XL. Ondarroako Bandera, estropada eremu zeharo bihurrian. Ohikoak izaten dira ezustekoak Ondarroako uretan eta aurten ere ez da gutxiagorako izan. Getariak, bigarrent txandatik, eraman du udako lehen trapu eta ohorezko txandakoak bosgarren postutik atzera helmugaratu dira.

Getariako eskifaia, garaipena ospatzen, Ondarroan.
Getariako eskifaia, garaipena ospatzen, Ondarroan. (Jon URBE | FOKU)

Ondarroako estropada trebea da ezustekoak eskaintzen –iaz Oriok irabazi zuen eta 2022an, Ondarroak– eta aurtengoa ez da gutxiagorako izan. Mendebaldeko haize bihurriarekin lagun eginda, hankaz gora jarri du estropadako gidoia eta Getariak ederki probestu du protagonismoa irabazteko. Denboraldiko lehen trapua bereganatu dute getariarrek eta bihar, etxeko estropadan, ohorezko txandan arituko dira. Uda gogor honetan, atzetik aurrera eginda, sari potolo bat poltsikoratu dute. «Honek horrela jarraitzen badu, gustora egoteko moduan gaude; ez legoke gaizki», esan du Unax Eizagirre patroiak, bigarren txanda irabazi eta mendebaldeko haizeak zakartzera jo ostean.

Gorka Aranberri oso haserre jarri da ohorezko txanda hastear zela, kanpoko baliza ikusten ez zela eta erantzunen bila. Ziurgabetasuna handia izan da eta egoera horretan zoriontsuenak, getariarrak. Beraien lana ongi egin dutelako, «Ondarroa eta Orioren aurretik eginda, estropada polita» egin dutelako –Getariako teknikari Ion Larrañagak zehaztu legez– eta geroko ezegonkortasunak saritu egin duelako beraien saiakera.

Bigarren txandakoak izan dira sailkapenean aurrenekoak –Kontxako sailkapen estropadara begira sentsazioak neurtzeko baliagarria ere izan da– eta galtzaile handiena Hondarribia izan da, hamargarren egin eta lehen txandan arituko baita Getarian. Urdaibaik bandera irabazi ez bazuen ere salbatu zuen sailkapen nagusia, ohorezko txandan lehena izan eta Zierbenak ezin izan baitio punturik jan. Hala, bihar bertan, matematikoki izan daiteke liga txapelduna, 25 puntuko aldea baitauka galipoekiko.