Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Artilleria guztia aterata, ‘Bou Bizkaiak’ nagusitasuna berretsi du

Urdaibaik bere hamargarren TKE liga irabazi du, bi estropaden faltan, eta Kontxa irabazteko hautagaia da. Hirugarren urtez jarraian konkistatu du liga eta, abuztuan makalaldia izan badu ere, bere nagusitasuna eztabaida ezina da, harrobia indartzeko lanean jarraitu behar duen ohartarazpenarekin.

Urdaibaiko eskifaia, estropada batean.
Urdaibaiko eskifaia, estropada batean. (Jon URBE | FOKU)

Arraunean traineru bakoitzaren izenaren atzean istorio bat ezkutatzen da. Garai zaharrak gogoratzen dizkigu sarri eta nostalgia berpizten da palada bakoitzean. “Bou Bizkaia” aro berri honetan nagusi da, eta bere izenari zor dion kemena oso ongi islatu du ur nahasi zein lasaietan, Gorka Aranberri patroiaren argitasunaz.

1993tik ezagutzen dugu Bermeoko ontzia ‘Bou Bizkaia’ moduan, ‘Belalameraren’ lekukoa hartuta, bazkideek hala bozkatu ondotik. Ez da kasualitatea izen hau, 36ko Espainiako Gerran errepublikaren alde borrokatu zuen ontziari erreferentzia egiten baitio, eta barku hartako patroia Alejo Bilbao bermeotarra izan zen. ‘Matxitxakoko Guda’ zorigaiztokoa izan zen euskaldunentzat, frankismoaren itsas armadarekin izandako batailan –honen oroigarri moduan 2007an Nestor Basterretxearen eskultura ezarri zuten Bermeotik Gaztelugatxera doan bidean–, eta ‘Bou Bizkaia’, Bilbaoren gidaritzapean, garrantzitsua izan zen ‘Yorkbrook’ ontzi eslovakiarraren porturatzean, Estatu espainoleko Errepublikarentzat arma baliotsuak garraiatzen baitzituen.

Historiari jarraiki eta orduko ‘bou’ ontziak –arrantzaontzi xumeak ziren hauek– baino indar ahalmen handiagoko trainerua osatuta, bandera bat bestearen atzetik porturatu du aurten ‘Bou Bizkaiak’, azken hamarkadako nagusitasuna berretsi eta Kantauri itsasoko ur nahasietan bere artilleria guztia aterata.

Hamargarren TKE liga irabazi dute bermeotarrek, azken zortzi urteetan sei garaikur pilatuta, hiru elkarren segidan (2022, 2023, eta 2024). Hirugarren urtez jarraian, gainera, Kontxako bandera irabazi dezakete. Hautagai nagusiak dira, azken asteetan Donostiarrak, bi bandera kenduta, mehatxua bidali duen arren.

Aro berri oparoa

Indar erakustaldia eman dute, bi estropaden faltan Eusko Label ligako garaikurra ziurtatzeko. Txapelketa hasi eta berehala –Bizkaia, Euskadi eta Espainiako lehian ere nagusituta– lau bandera irabazi zituzten elkarren segidan, eta horrek azkar bideratu zuen, sailkapenean tarte handiak irekitzeko. Iker Zabalak artilleria guztia jarri du eskifaian, onenek arraun egin dute –behin bakarrik arraun egin du lau harrobikorekin, Bilboko Banderan– eta sasoi arrakastatsua bete du. Teknikari bermeotarrak –bai eta Mikel Azkarate, David Iglesias eta Oscar Andres Medina arraunlariek ere– bosgarren liga du jarraian, Santurtzirekin 2020an eta 2021ean nagusitu ostean. Aranberri eta Cayonentzat, aldiz, laugarrena da erreskadan.

Soteraren arazo ekonomikoak zirela eta, etxera itzuli zen Zabala 2021eko neguan, ‘Bou Bizkaia’ lehiakor bat osatzeko intentzioz. «Erabaki arriskatua» zela esan zuen orduan. «Azken 20 urteetan erreferentzia izan da Urdaibai, baina azkenaldian gainbeheran zegoen. Gogotsu nago berriz ere garaipenaren bidean jartzeko», esan zuen Zabalak elkarrizketa batean. Lau urteko hutsunearen ostean, azken bi denboraldietan binan-binan pilatu dituzte garaikurrak –Eusko Label eta Kontxa–, antzinako “bou” ontziek arrantzarako zuten abilezia guztia arraunketan islatuta.

Poparean motor txiki baten antzera helmugaratu da, batez ere uda hasieran, lehenbiziko hilabetean. Zierbenak ostu zizkion bi bandera, baina gainerakoetan nagusitasun gaindiezina erakutsi dute urdinek. Abuztuan iritsi zaio makalaldia, Hondarribiak behin, Getariak beste behin eta Donostiarrak bitan eskuen paretik banderak kendu dizkiotenean. Momentuz, hamabi estropadatan gailendu da, eta txapelketa erregularreko beste bi geratzen dira jokatzeko. 2015ean ‘Ama Guadalupekoak’ ospatutako hamahiru garaipenen marka gainditu dezake Urdaibaik. Baina Zabalak ohartarazi legez, «horrenbeste irabaztea ez da normala. Garaipen bakoitzarekin poztu behar dugu».

«Hau pultsu bat da»

Hain zuzen ere, marka hori hausteko erronka jarri zaio –nahigabe edo nahita, auskalo– Urdaibairi, egin duen denboraldi arrakastatsuan arreta jarri baino gehiago. «Hau pultsu bat da. Gure aldera ekartzen ari gara, baina pultsu honen azken kolpea 20. jardunaldian dago», zioen Aranberrik, abuztuko lehen asteburuan.

Azkenean, 18. lehian ospatu du klubaren hamargarren garaikurra, eta azken hiru urteetan erakutsi duen nagusitasuna ezohikoa da. Horrek ligako borroka desitxuratu dezakeen arren, ez du kentzen Bermeoko taldea goraipatu beharra. Bere estrategia eraman du, «ez du pitzaturik erakutsi eta denok ongi gabiltza», esan zuen teknikariak, Pasaian hamaikagarren bandera astindu ondoren.

Estropada bakoitzetik bestera «freskotasuna» eman eta wattak berdintzeko gaitasuna ere izan du. Beharbada, harrobiko arraunlarien erabileran egon daiteke ahulgune nagusia, hiru izan baitira erabilienak: Jon Unanue, Jon Unzaga eta Iker Portugues; azken biak, ‘Bou Bizkaian’ aurten arraun egiten duten bermeotar bakanak, Argentinan jaio baina Bermeon hazi den Michel Ciznerorekin batera.